POWER METAL

Flyin'Freak 'It's The Time'
Urtea: 2004 - Disketxea: Oihuka - Taldekideak: Albaro Alonso (bateria), Pedro “Aittite” Hermosilla (gitarra bakarlaria eta erritmikoa), Gorka Bizar (baxua eta ahotsak), Mikel Bizar (ahots nagusia eta ahotsak), Germán “Jimmy” Ulacia (teklatuak) - Ekoizleak: Cesar Ibarretxe eta Flyin'Freak - Estudioa: Elkar Estudioak (Donostia) - Abesti kopurua: 11 - Ezaugarri bereziak: Argazkiak, itzulpenak eta bideo-klipa (studio report) dakartzan Cd-Roma gehigarri.

            Hona hemen askok eta askok gogotsu itxaroten genuen lana. Hona hemen Flyin’ Freak taldeak “It’s the Time” izenburupean kaleratu berrien duen diskoa. 2002.urtean Idi Bihotz taldeko Mikel, Gorka eta Albaro, Pedro “Aittite” Hermosilla (gitarra) eta German “Jimmy”  Ulacia-rekin (teklatuak) batu zirenean piztu zen mota honetako egitasmo bat aurrera eramateko ideia. Harrezkeroztik boskotea konposatzen joan den materialaren fruitu bilakatu dira esku artean dauzkagun 11 abesti hauek. Donostiako “Elkar” estudioetan eta Cesar Ibarretxe teknikariaren gidaritzapean, ekoizpen zaindua lortu du taldeak, nazioarteko produkzioen kutsua darion lan heldua.

            Ez da nolanahikoa musikari hauek ingelesez abestutako power metal melodiko eta indartsu honekin eskaintzen digutena. Metal alemaniarrak entzulea harrapatzeko duen berezko xarma, heavy metal klasikoenaren riff gordinekin maisutasunez uztartu dute. Eta hori gutxi balitz, ez dugu ahaztu behar Flyin’ Freaken doinuek sarritan eremu progresiboetan barneratuko gaituztela. Musikarien abilezia teknikoa gailentzen den une horietan, garapen musikal luzeak, konplexuak, eboluzionatuz doazen pasarte instrumental ezberdinak entzuteko parada izango dugu. Honela, ahotsek jaso duten tratamendu finak (power metal tipikotik ihes egiten duena), gitarra solo trebe eta bateriaren kolpe bizia izango ditu lagun. Alabaina, energia guzti hori leuntzeko Germanen teklatuek burutu duten girotze lan goraipagarria legoke; koltxoi dotore gisa une askotan, arrapaladan doazen solo distiratsuak eraikiz beste askotan.

            Bada, ekin diezaiogun disko honek dakartzan abesti guztiak banan-banan aztertzeari. “When Dreams Awake” izeneko sarrera laburraren ondoren “One Minute of Silence” abestiak irekiko du benetan trumoien kutxa. Zuzian doan bateria eta eskola alemaniarreko gitarra riff azkar baten artetik Mikelen ahotsa azaleratuko da. Ahots goxoa, abiada guzti horren erdian xamurtasunez abestuko duena; estribilloan gainera, entzunaldia oraindik atseginagoa egingo diguten koru batzuk gehituko zaizkio. Geroago, uneoro atzealdetik entzuten genuen teklatua Aittiteren gitarrarekin solo norgehiagoka bertutetsu batean murgilduko da. Orotara, melodia eta teknikaz blai, nagiak ateratzen joateko lehen pieza borobila.

            “Armageddon’s Dare” abestiak gitarra heavyago batzuk dakarzkigu. Bateria eta riff boteretsuak eta melodia asko. Kantuaren bigarren partean taldeak garatzen duen alderdi progresiboa nabarmenago dastatzeko aukera izango dugu.Jarraian, Maite Itoiz sopranoaren luxuzko kolaborazioa helduko delarik. Maiteren interpretazio lirikoa bi zatitan banatzen da. Lehena ilunagoa; oilo ipurdia jartzen duen emakumearen ahotsa, teklatua eta distortsio gordinenarekin nahasten dutenekoa. Bigarrena melodikoagoa; Tarja bailitzan (Nightwish),  Maiteren eztarriak pasarte eder batekin oparitzen digunekoa. Txapela kentzeko modukoa.

            “Nazareth’s Dream” konposizio lasai eta instrumentala izango da. Germanen teklatutik jaioko diren notak inposatuko dira eta bi minututan zehar irudimenak “aske hegan ” egin dezan oso doinu ederrak eskainiko zaizkigu.

            “Crownless Angel” abestiaren sarrera gogorrak oinak lurrean jartzeko balioko digu. Oinarri erritmiko astuna, ahots lerro arras melodikoak eta koru ikusgarriak. Gainera, kantu honen letrari erreparatu ezkero, inplizituki, heavy metalaren historiak eman duen talde handienari omenaldi txiki bat aurkituko dugu.

            “It’s the Time” kantuarekin batera diskoaren erdialdera ailegatuko gara. Bizkaitarren musikak abiadura galduko du intentsitate handiko konposizio baten mesedetan. Azpimarratzekoa  da ahotsekin burututako lan txukuna eta abestiaren letra pertsonala.

            “Black Tears” kantua “Prestige” petroliontziaren hondoratzeaz dihardu. Hondamendi hura probokatu zuten gorbatadunei zuzendutako aldarria izango da. Seguruenik lan osoko abesti gogorrena; estribillo melodikoan izan ezik, bai gitarren lan zorrotzean eta baita Mikelen interpretazioan samintasun eta amorru berezia sumatuko baita.

            Aurrera jarraituz, teklatuaren sarrera eta gitarra eta bateriaren lehen konpasak entzutez batera,  “Falling Temptation” instru-metalak eremu progresiboetatik eramango gaituela atzemango dugu. Metal progresiboaz ari garela, pieza honek, halabeharrez, “Symphony X“ edota “Dream Theater” taldeak gogoraraziko dizkigu. Oso ona Albaro, Aittite, Gorka zein Germanek burutzen duten lana; taldearen musika entzuteko erraza den power metal ikusgarri  batera mugatu beharrean, zerbait ezberdina eskainiko baitigute. Goitik beherako pieza progresibo interesgarria “zerbait gehiago ” bilatzen duten belarrien gozamenerako.

            “The Last Paradise” bederatzi minututik gorako konposizioa da eta elementu askotan zapore “stratovantasiar” atsegina dakarkigu. Erritmo eta intentsitate aldaketa etengabeek eta teklatuak zein gitarrak bakarka burutuko dituzten erakustaldiek ez digute aspertzeko betarik emango. Konposizioaren azken txanpan koru eta ahots joko ezberdinek handitasun epikoz itxiko dute pieza. Abesti handia, alajaina.  

            “Flyin’ Free” bizitasun handiz hasiko da. Bikoiztutako teklatuak, abiadura, eta oso ukitu alaia duen ebaki batekin topatuko gara. Honela, boskote bizkaitarraren eskutik, izen bereko abesti diskotekero-prefabrikatu ospetsuari alternatiba metalikoa aurkitu diezaiokegu.  

            Agurrik esan beharko ez den etorkizun bat opatuz, “A Future Without Good Bye” kantua dago azken tokian. Distortsioak eta baketek ez dute lekurik izango eta Mikelen ahots hunkigarriak teklatuaren sostengua baino ez du izango. Gero arte lez, balada delikatu bezain hauskorra sinatuko du taldeak.

            Esanak esan, taldeari zorionak ematea baino ez litzateke geldituko. Lan osoa goitik behera entzun ondoren, Flyin’ Freaken doinuetan nazioarteko eszena metalikoko hainbat talde handiren influentzia aberasgarria nabaritu daiteke; aitzitik, inoren kopia hutsean gelditu barik, boskotearen musikak nortasun propioa garatu duela esan beharra dago. Power metal abesti sorta bikaina biltzen duen disko baten aurrean gaude, geure mugez haraindi ateak zabaldu eta arrakasta lortzen lagundu diezaieken ekoizpen pisutsu baten aurrean, alegia.

            Dena dela, hori denborarekin ikusiko da… bitartean, hemen da metal melodikoa gustuko duen ororentzako “It’ the Time “ izeneko altxor txiki hau.

Unai Santos Amarika (9,25/10)

« atzera