DEATH-CORE

Conflict Noise 'Uhinak'
Urtea: 2004 - Disketxea: Oihuka - Taldekideak: Asier (gitarra), Gorka (bateria), Jon Margo (baxua), Ortzi (gitarra), Sendoa (ahotsa) - Ekoizleak: Angel, Xabi (Tala) eta Conflict Noise - Estudioa: Tala Studios (Bermeo) - Abesti kopurua: 10 - Ezaugarri bereziak: "Odoletan Gaude" izeneko abestiaren bideoklipa gehigarri.

            Eraso musikal bortitz batez, eta disketxe indartsu baten barnean oraingo honetan, bueltan datozkigu Zorrotza auzoko Bilbotar hauek. 1999an sortuak, 2001. urtean kaleratutako maketak edukitako harrera ona eta hainbat lehiaketa ezagunetan lortutako emaitza bikainaren ondoren, 10 abestiz osatutako lehen lan luzea kaleratzeko pausua eman dute. Musikalki, talde honek eskaintzen diguna ezin dezakegu estilo finko baten barnean sartu, oinarria thrash-ean baldin badu ere, death eta hardcore ukituz zipriztinduak azaltzen baitzaizkigu abestiak.

            Lehen abestia, "Martxoak 3", hileta bateko doinuaz hasten da, diskan iluntasunak edukiko duen garrantzia hasieratik argi utziz. Abesti azkar zein potente honetan, argi geratzen da musikari hauek ez direla hasiberriak eta maisutasunez jotako thrash death abesti bikaina lortu dute. "Imposaketak" abestian erritmo aldaketa gehiago agertzen dira ahots death sendoari, zorrotzago bat gehituz eta honela freskotasuna irabaziz. Aipatzekoak abestian zehar agertzen diren riff zenbatezinak, lan bikaina. Hirugarren abestia, lan osoari izena ematen diona (“Uhinak”), diskako abesti motz zein azkarrenetakoa da. Abesti honetan aurrekoetan ez bezalako hardcore erritmo biziak agertzen dira, hala ere, aurretik aipatutako ahots urratu eta gitarra potenteak alde batera utzi gabe. "Sufritzeko Jaioak" abestian, death zati pisutsuak zein azkar eta biziagoak nahasten dira, Suediar estiloko death melodikoan horren erabiliak diren riff-ek entzunaldia errazten dutelarik. Abesti amaiera bikaina.

            "Aurrez Aurre" abestian, eta lehen aldiz, ahazten ez den horietako estribillo gogor zein itsaskorra aurkitzen dugu. Hurrengo abestiak, "Iluntasunean" eta "Sorginen Ehiza", diskako gogorrenak direla esango nuke, eta bata bestearen segidan izateak entzunaldia zailtzen duela esan daiteke. Bateria eta baxuaren erritmo hiltzaileak markatzen eta ahotsa zein gitarrak kordak lehertzeko zorian.

            Zortzigarren abestian, "Duintasun Bila", gauza zertxobait aldatzen da. Naiz eta musikak aurrekoen antzerako eskema jarraitu, oraingo honetan teknikoagoa da, bateria eta gitarren lan txalogarriaz. Abesti ona. Eta, diska orain arte kañeroa izan bada, amaiera ez da gutxiago izango. "Aske Gara" eta "Jainkoaren Izenean" abesti potenteek ixten dute lana. Ez espero amaiera bezala baladatxo bat aurkitzea, lan honetan horrek ez baitu lekurik. Amaitzeko, aipatu beharra dago, diskan “Odoletan Gaude” maketako abestiaren bideo bat agertzen dela. Bideoa nahiko ongi dago, eta beti ere eskertzekoa da horrelako zerbait aurkitzea.

            Azken finean, diska on bezain potente baten aurrean aurkitzen garela esan daiteke. Batzuen ustez, agian linealegia izango da baina kaña gogoko duenak gustura hartuko du. Egia esan, musika, aurkezpena eta prezioa ikusita, merezi duen lana dela uste dut.

Alberto Álvarez (7/10)

« atzera