|
HEAVY METAL |
||||||
|
||||||
|
Aspaldian
diskarik atera gabe egon arren, beraien azken bilduma lana kenduta,
bueltan da berriz ere heavy metala gazteleraz abestuaz urrutien iritsi
den taldea: Angeles del Infierno. Gainera, itzulera hau sekulako diskoa
atereaz egin dute, benetan heavya eta abesti onez trufatua. Diskoa
irekitzeko "Todos Somos Ángeles" bi zatiz osaturiko abestia
dugu. Lehenengo zatia industri kutsuko intro bat da, hurrengo zatiko
gitarra zorrotzei kontraste ausarta eginez. Diskoa irekitzeko aukera
paregabea. Hurrengo pistak, "No Lo Se", bateriari garrantzi
handia ematen dio, Juan Gallardoren ahotsarekin batera protagonista
izatea lortuz. Ia ziur taldearen himno bat bilakatuko dela, indar
handiaz gain, zuzenean entzulearekin batera abesteko zatiak prestatuta
baititu. Ondoren "Buscando La Llave" dator, azeleragailua
pixka bat askatuta jotako maitasun abestia (bere izenaz harro ez dagoen
ze talde heavyk ez du maitasun abestirik?). Diskoaren ildoa jarraitzen
du, hau da, gitarra zorrotzak, bateria zapaltzailea eta Ángeles Del
Infiernoren betiko ahotsa. Apustu
egingo nuke "Hijos De América" kantuak benetan harrera ona
izango duela Hego eta Ertamerikan. Egia esan, Angeles Del Infiernoren
merkatu nagusia latinoa da, bertan saltzen baitute diska gehien. Beraz,
ez da harritzekoa beraien hango jarraitzaileei honelako oparitxoa egitea.
Abestiari dagokionean, gainontzeko guztietan bezala, baxua ez da ia
entzuten gitarra eta bateriaren artean. Hala ere, zuzenekoetan faltako
ez den horietakoa izango da, jaiotzez amerikar ("nativo
americano") direnentzat sentimenduz jotako abestia baita. Diskaren
erdian "Un Sentimiento De Amor" maitasun balada dago, muga
markatuz bezala. Akustikoki eta organoaren laguntzaz jotakoa da, eta
norberaren gustuko neska edo mutilari belarrira abesteko letra du. Nor
ausartuko da? "Cae
La Noche" da hurrengo kantua, eta disko guztiko baxurik markatuena
du, ia gainontzeko abesti guztietan nahiko ezkutatua baitzegoen. Erritmo
aldetik azken hau bezain azkarra ez bada ere, indar aldetik paretsu
dator "Shy Boy", disko guztiko solorik dotoreenarekin.
"El Rey" zaleentzako oparia da, denontzako ezaguna den izen
bereko rantxera baten bertsioa baita. Eta a ze nolako bertsioa!!! Juan
Gallardoren ahotsak rantxerak kantatzeko ederki balio du. Bertsio onak
egiteko lezio bikaina, bai jauna. "Misterios" benetan iluna
da, noizbehinka teklatuek ematen dioten ukitu ilun horrekin, azkena den
"Yo Se Que Tu Estas Aqui" abestiarekin kontrastea eginez.
Azken hau abesti optimista eta nahiko pertsonala da: norbaitentzat
zuzendutako abestia da. Bikaina benetan gitarren lana abesti honetan,
diska ixteko urrezko brotxea. Diskaren aurkezpena txukuna da, liburuxkan taldekide bakoitzaren argazkiekin etab. Soinu aldetik, Judas Priest-en “Demolition” diskaren antzekoa da, batez ere gitarren tratamenduan. Eta hau ez dut mesprezu bezala esaten!!! “Demolition” benetan diska ona da (Judas Priest-en disko on bat ez izan arren...). Azken finean, oso jende gutxi dezepzionatuko duen diska dugu. |
||||||
|
Iñigo Otxotorena "Jurk" (8,5/10) |
« atzera