|
Oraingo
honetan Berri Txarrak taldearen “Ikasten” (1999) diskoa dugu
mintzagai; lan erlatiboki gaztea da hauxe, inondik ere. Hori horrela,
“klasiko” izendapena handiegi gelditzen zaiola pentsa daiteke,
beharbada txoko honetan toki bat merezi ez duela uste duenik ere egongo
da... eta agian ez zaio arrazoirik faltako. Izan ere, disko bat
“klasiko” dela baieztatzeko aipatu gaztetasun erlatibo hori oztopo
gaindiezin bihur daiteke. Hala ere, diskoaren “adina” alde batera
utzita, badira, izenpetzen duenaren ikuspuntutik bederen, ekoizpen bati
etiketa hori egotzi diezaioketen beste zenbait faktore. Hala nola,
diskoak argia ikusi zuen garai zehatza, taldearen ibilbidean suposatu
zuen aurrerapausoa, euskal eszenan izan duen eragina eta, azken baten,
abesti bildumak berak gordetzen duen denboraz kanpoko kalitatea. “Ikasten”,
horrenbestez, azken talde horretan kokatuko genuke. Lanaren kaleratze
datari erreparatu ezkero goizegi izan badin badaiteke ere, historiaren
epaiak ohore hori eskainiko diola uste baitugu.
Abiapuntua Lekunberri da,
Nafarroa Garaia, 1994.urtea. Sasoi hartan 4 lagun rock gogorra landuko
zuen talde bat osatzeko elkartu ziren. Taldekideetako bi, Gorka (ahots
nagusia eta gitarra) eta Aitor (bateria) hain justu, lehendik ere
“Nahi Ta Nahiez” taldean aritutakoak ziren. Urtebeteren buruan
ohikoa den maketa kaleratu zuten eta zenbait sari irabazi ondoren GOR
diskoetxeak Nafarroako laukotea fitxatu zuen. Hala, 1997an “Berri
Txarrak” izeneko diskoa kaleratu eta
5.000 kopia inguru saltzea erdietsi zuten.
Lan hura metal klasikoenaren ereduetatik hurbil zegoen, “euskal
metala” deitu izan denaren ezaugarrietatik gertu.
1999.urtean nafarren bigarren lan luzea iritsi
zen: 11 abesti berri “Ikasten” izenburupean. Disko honetan aldiz,
nolabait heavyagoa zen estreinako lanaren estiloa atzea utzi, eta
taldearen lema eremu musikal berri batera bideratu zuten. Horrela, 90.hamarkadan
zehar xurgatutako eragin ezberdinei ateak zabaldu ondoren (Deftones,
RATM, System Of A Down, Nirvana, Korn...)
etorkizunean garatu beharreko soinuaren zutarriak ezarri zituzten.
Laukotearen doinuak gordinagoak bilakatu ziren, ilun eta pisutsuagoak
inondik ere. Atlantikoaz bestaldeko nü-metalaren riff astunak, Seattle
aldeko melodia goibelak edo hardcorearen amorru kraskatuak Lekunberritik
zetorren crossover euskalduna egituratzeaz arduratu ziren.
Iritsi bezain laster, erritmo
astun andana baten gainetik abesten zigun ahots melodiatsu eta
labainkorrak hartuko gintuen. Izan ere,
Ez zen makala nafarrek
melodia egitura itsaskorrak sortzeko erakusten zuten abilezia. Rap
saiakera eta azken belaunaldiko riff zorrotz arten Soberan
daudenen Betiko leloaren leloa
jasan beharra zegoen. Gero eta nabarmenagoa den Izebergaren
punta azaleratuta, etsipena nagusitzen zelarik; sarritxo, Aspaldian
utzitako zeldaren oroitzapena bezain hotza izaten baita bizitza.
Hartara, irtenbidea inguruko hedabideetatik isolatu eta Off
egoera batean murgiltzea izaten zen. Minutu
bat hartu, bakardade gordinenean Biluzik,
gauzak ezberdin ikusten baitira. Horrela, metala eta hardcorearen arteko
mugarria behin eta berriro gainditu ostean, Ikusi arte agurtzen ziren, edozer gauza gertatuta ere, funtsezkoena Ikasten
jarraitzea zela gogoratuz.
Esandako guztiaz gain, “Ikasten” azken
urteetan Euskal Herrian sortutako talde belaunaldi berri batentzat
erreferentzia garrantzitsua izan dela aipatzea ez litzateke gehiegikeria
izango. Izan ere, gaur egungo metal alternatibo euskaldunaren esparruari
erreparatu ezkero, neurri handi baten, talde bat eta bi baino gehiago
nafarren (eta ondorioz “Ikasten”) soinuaren zordun zuzenak dira.
Hori gutxi balitz, batik bat lan hau kaleratu ondoren jorratu izan duten
ibilbideari esker, Euskal Herritik kanpo ere Nafarroako mutilak talde
errespetatu eta estimatua izatera heldu dira. Agerikoa da hortaz,
nabardurak nabardura, euskal
metalgintzaren apal berri(tzaile)enetan toki bat merezi duen disko baten
aurrean gaudela.
|