|
HEAVY/THRASH METAL |
||||||
|
||||||
|
Historiaren
egutegiak 90.hamarkadaren erdialdera garamatza. Hartara, Euskal Herriko
heavy metalaz ari garela “Jaiotze Basatia” (1991) edo “Hortzak
Estuturik” (1992) bezalako aurrekari pisutsuak izanda esan gabe doa
metal euskaldunaren hegemonia Eibar aldean kokatzen dela. Alabaina,
1996.urtean Su Ta Garren itzal luzeak “lehiakide” bat aurkitzen du:
“Latzen” izeneko talde baten estreinako diskoak 12.000 aletik gora
saldu eta arrakasta izugarria lortzen du oso denbora tarte laburrean.
“Kontzientzia Ala Infernua” lanaz ari gara eta obra horren
atzealdean Oñatiko laukote gazte bat ezkutatzen zen.
1993an Oñatiko
4 mutil gazte elkartu ziren, beste makina bat gaztek bezala, bertsio
batzuk jo eta musikaren munduan lehen pausuak emateko asmoz. Lehenbiziko
kantuak konposatu ondotik, 1995.urtean Karlos Kreator-en laguntzarekin
“Heriotzari Deika” izeneko lehen maketa ailegatu zen. 1996ean
berriz, garai bateko adierazle bilakatuko zen “Kontzientzia Ala
Infernua” diskoa argitaratu zuten. Thrash metal zantzu zenbaitekin
trinkotutako metal doinu klasiko, indartsu eta melodikoak biltzen zituen
lan euskaldun erabakigarria.
Diskoa Kontzientzia
ala infernua deituriko sarrera
bitxiarekin hasten zen, eta oharkabean erritmo zapaltzaile batek
Bat gehiago abiatze kantuari paso ematen zion. Aitorrek
xuxurlatutako zubi erakargarriak eta jarraian zetorren estribillo
gogoangarriak intsumisioaren aldeko aldarri borobila gauzatzen zuten.
Ondoren, taldekideen euskalkiari helduz,
oinarri erritmiko geldiezin batek
Ze ingo xu? abesti nolabait dantzagarriagoan murgiltzen gintuen.
“Zezenketa” deritzon ikuskizun nazkagarria
ederki deskribatzen zuen hurrengo abestiaren izenburuak. Torturaren
artea kantuak, alegia, flamenko kutsuko akordeak metalarekin
uztartzen zituen hiltzailea heroi gisa zuten abesti hartan. Metal erasoa-k goitik beherako printzipio aldarrikapena suposatzen
zuen, eta Laztana esatea
metal euskaldunak sortu duen balada handi eta entzutetsuena aipatzea
zen.
Bonbo bikoitzaren lan eskerga eta metal
klasikotik urruntzen ziren koru oldarkorrak Mezu
hil aurretik kantuaren osagai
esanguratsuenak ziren. Tarteko erritmoek aldiz, barne gogoetara
bultzatzen zuten Aurkitu zaitez abestian. Pasarte akustikoak distortsio metalikoaren
amorruarekin tartekatuz, Indarra entzulea
asetzeko letrarik behar izaten ez duen konposizioa zen.
Ihes-a
ihes piezaren
elkartasun mezuak lan honetako kantu adierazgarrienetakoa
laburbiltzen zuen eta Mamuak
baztertuz erritmikoki astunak agur esaten zigun thrash kutsuko riff
artean. Atzo goizekoa dela dirudi baina aurki 10 urte beteko dira “Kontzientzia Ala Infernua” diskoa kaleratu zenetik. Gerorakoan, oñatiarrek bigarren disko bat kaleratu zuten “Ardi Larruz” (1998) izenpean. Edozelan ere, bigarren lan horrek ibilbide erakargarri bezain labur baten epilogoa sinatu zuela esan daiteke. Izan ere, handik gutxira laukote gipuzkoarra banandu egin zen. Hala, nago, ez garela gutxi izango sarritan nolabaiteko “Latzenmina” sentitzen dugunok... noraino heldu ahal izango zen Latzen taldea aurrera jarraitu izan balu? Auskalo. Baina tira, iraganean bizitzea alperrik denez, gehiago ez bada ere, tarteka-marteka bere garaian heavy metal belaunaldi berri baten lekukoa hartu zuen diskoarekin gozatzea gelditzen zaigu. Hitz batean, ezinbestekoa. |
||||||
|
Unai Santos Amarika (05/06/21) |
« atzera