THRASH-CORE

Anestesia 'Gorrotoaren Ahotsa'

Urtea: 1993 - Disketxea: Esan Ozenki - Taldekideak: Nil (ahots nagusia), Mikel Kazalis (gitarra), Txarly (baxua) eta Beloki (bateria) - Ekoizlea: Kaki Arkarazo - Estudioa: - Abesti kopurua: 14

            Urteen joan-etorriarekin, Anestesia laukotearen soinua klasiko bilakatu da euskal metalgintzan. Talde zarauztarraren makineria metalikoak 80.hamarkadaren amaieran ekin zion bere ibilbideari, eta orduz geroztik, Anestesia faktoriaren doinu metaliko garratz, gordin eta erritmikoki zapaltzaileak aski bereizgarriak izatera heldu dira.

            Thrash-hardcore koktel bortitz horren lehen kimua 1987.urteko “Anestesia Cerebral” maketan aurkituko genuen. Ondoren, “Toki Berean” EPa helduko zen eta 1993an, azkenik, “Gorrotoaren Ahotsa” izeneko lehen diskoak argia ikusi zuen. “Esan Ozenki” zigilua arduratu zen lehen lan luze hau kaleratzeaz, eta mahaiaren atzealdean Kaki Arkarazo aritu zen teknikari lanetan.

            “Gorrotoaren Ahotsa” diskoa musika aparatuan biraka hasi bezain laster txantxak bukatu egiten ziren; Anestesia martimuiloaren diskurtsoa martxan jartzen zen eta hurrengo minutuetan ez zen inolako su etenik emango. Abiapuntu gisa, eta motorrak berotzen hasteko, “S.T.” izeneko pieza instrumental motzak ongi etorria ematen zigun. Ondoren, eta Nil-en ahots urratuari bide emanez, bataz beste 2 minutu eskasetara heltzen ez ziren konposizioen tenorea helduko zen.“Egiaren Barkamena”, “Ez Dut Nahi”, “Bizitzera Zigortua” edo “Sentimendu Bakar Bat” bezalako kantuetan Txarlyk eta Belokik osatutako atal erritmiko nekaezinak Nilen hitzekin bat egiten zuen. Triangelu bortitz horren azken erpinean Mikel Kazalisen gitarra zegoelarik: riff bilduma krudelenaren bitartez, amorrua, etsipena, oinazea eta beste hamaika sentipen gatazkatsu iradokitzeko kapaz zen bitartekari zorrotz eta zakarra.

            Bestelakoak ziren “Gorpu Kiratsa ” edota “Droga Eta Biolentzia” kantuak. Erritmo metalikoen aldaera ezberdinekin jokatuz, apika, disko osoko intentsitate erritmiko altuenak kolpatuko gintuen. “Gorrotoaren Ahotsa” eta “Biktimak” abestietan aldiz, ahots erlatiboki garbiagoei paso emanez, abiadura amorragarri hura tarteko erritmoekin uztartuko zuten.

            Ildo antzekotik, “Etsai Ikustezinak” eta “Begi Bat” piezek Anestesia soinuaren osagaiak %100ean bilduko zituzten, eta inguratzen gaituzten aurkari ikusezinen gainean ohartarazi ondoren, “…begi bat beti zabalik” edukitzea gomendatuko zitzaigun.

            Aurrera joz, maisuki kontrolatutako oldarkortasunak “Basurdearen Irrintzia” kantu puska zekarren besapean, eta riff nagusi erakargarri baten ondotik “Agur” abestian barneratuko ginen. Hain justu, urte batzuk geroago Negu Gorriak taldeak “Salam, Agur” diskorako moldatu zuen kantu bera.

            “Eromena?”abestian, bukatzeko, arrazionaltasuna eta eromenaren arteko muga lausoaz bestalde abiatuko ginen. Musikaren abiadura nabarmen jaitsi ondoren, bost minututik gorako konposizio honetan Anestesiakoek entzulea egurats musikal paranoiko batean murgilarazteaz arduratuko baitziren.

            Anestesia taldearen gaineko balorazio klasiko hau prestatzen hasi bezain pronto, honako esaldi hau irakurtzeko aukera izan nuen: “Anestesiak basurde zaurituaren gorrotoaz erasotzen du.” Adierazpen borobila inondik inora. Etorkizuneko diskoetan landuko zuten musikaren oinarri sendoak finkatzeaz batera, “Gorrotoaren Ahotsa” LPa zela bide, estreinako lan luze zinez erasokorra sinatzea lortu baitzuen Anestesia taldeak.

Unai Santos Amarika

« atzera