|
METAL INDUSTRIALA |
||||||
|
||||||
|
Ekon 1994. urtean sortu zen.
Hain zuzen, J.Odola (bateria) eta Xabi (gitarra) thrash metal talde bat
osatzeko elkartu zirenean. Talde barnean hainbat aldaketa burutu, eta
demo pare bat grabatu ondoren, 1997an Arrasateko neska-mutilek beraien
lehen lan luzea plazaratzea lortu zuten. Estreinako lan hartako doinuak
estiloren batean finkatu behar izan ezkero, taldeak “metal industriala
” lantzen zuela esan zitekeen. Hots, metal astuna eta doinu
elektronikoak nahasten zituen musika berritzaile eta bortitza.
Zortzi partaidek osatzen
zuten Ekon izeneko abangoardiako metal orkestra hura. Ahotsen esparruan
soilik, 3 erregistro ezberdin entzuteko parada izango genuen. Iban
Shadow abeslari nagusia, Ioni 2.ahotsa, eta Joanaren eskutik kontrapuntu
melodiko aparta eskaintzen zuten ahots femeninoak. Xabik eta Yagok
berriz, taldearen “aizkora” bikotea osatzen zuten; gitarra pare hura
hardcore sutsuenetik, Dimebag Darrell berak sinatu ahalko lituzkeen
thrash metal riff birrintzaileenak eraikitzeko kapaz zelarik. Fatti
bestalde, taldearen alderdi elektronikoaz arduratzen zen sanpleak zirela
medio. Eta azkenik, baliabide teknologiko horiekin bortizki bat eginez,
J.Odolak eta Ińigok osatzen zuten betiereko atal erritmikoa zegoen:
bonbo bikoizdun bateria zapaltzailea, eta soinu iturri pila horren
artean bere tokia ozenki aldarrikatzen zuen baxu indartsua.
Esku artean daukagun lan
honetan, guztiz azpimarratzekoa bihurtzen zen baita, diskoak Donostiako
Elkar estudioetan lortu zuen soinua. Arestian aipatu eskaintza musikal
jendetsu hartan, Karlos Kreator ekoizleak lan txukuna burutu zuen;
“kaos industrial” hartan gutxieneko oreka eta ordena ezarriz,
Arrasateko taldeak bere kalitate eta sormen guztia azaleratu zezan bidea
garbi uzten lagundu baitzien.
Eta kalitate hura berehala
azaleratuko zen diskoa irekitzen zuten lehen bi piezak entzun bezain
pronto.“Uso txuriaren indarkeria” eta “Gizakia baino gizakiago” abestitzarrak oso azkar bihurtu ziren ospetsu, eta lehen unetik
taldearen jarrera zirikatzailea argi utziko zuten. Izan ere, ez dugu
ahaztu behar Ekonen abestietan musikak bezainbesteko garrantzia zuela
taldekideek helarazten zuten mezu inkonformista. “Deskontrolatuak”,
“Malkoak lehortuz” eta “Irrintziaren oihua” bezalako kantuak joera
iraultzaile horren adibide garbi bilakatuko ziren, eta ildo antzekotik joko zuten “Mila koloredun gerra”,
thrash metal riff astun artean,
edota “Sexu bikoiztasuna” abesti
subertsiboak.
Hala ere, Zurrunbilo
kaotikoaren emari literarioan kutsu historikoagoa zuten gaiek ere lekua
izango zuten. Honela, ukitu tribal interesgarri batekin “Arbasoen
legea” kantuak Ameriketako indigenekiko elkartasuna aldarrikatuko
zuen, eta “Herejea” suharrak, kristautasunak burututako basakeriak gogor
salatuko zituen. Diskoaren azken txanpan, metal teknologiko eta
teknikoaren bidetik jarraituz, “Izarrak
tatuaturik” zegoen,
eta “Segi zirikatzen” abesti
gordinak, Ekon unibertsoaren esentzia primeran laburbilduz, bukaera
ematen zion diskoari
Estreinako lan luze honen
ostean, talde gipuzkoarraren ibilbideak 2 disko gehiagotan baino ez zuen
jarraipenik izan (“Etnia 2000”(1999) eta “Salatzen dut” (2002),
hain zuzen). Ondoren, 2003.urteko urrian, Ekon taldeak bere desagerpena
iragarri zuen. Tamalez hori
horrela izanik ere, Ekoni bertako eszena metalikoan puntu eta aparte
estilistiko garrantzitsua sinatu izana zor zaio. 1997.urtean, Deba
Garaitik zetorren zurrunbilo zirikatzaile hark, euskal metalaren mugak
zabaldu, eta bazterrak ederki astindu baitzituen. |
||||||
|
Unai Santos Amarika |
« atzera