|
HEAVY ROCK |
||||||
|
||||||
|
Heavy metal euskaldunaren aitzindaritzaz hitz
egitea, funtsean, Su Ta Gar taldeaz berba egitea da. 80.hamarkadaren
bigarren erdialdean heavy metalak eta euskarak bat egin zuten, eta
Eibarko laukote famatuenari esker, Europako hizkuntza zaharrenetariko
batek metal musika erabili zuen adierazpide lehen aldiz. Nolanahi ere,
1988. urtean, eta Su Ta Garrek ireki berri zuen bidetik jarraituz, beste
talde euskaldun esanguratsu bat heavy rock doinu melodikoak euskararekin
uztartzen hasi zen. Pasaiako Lezo ikastolan Urtz taldea jaio zen.
Esanak
esan arren, heavy metala eta linguae
navarrorum-aren arteko lehen kontaktu hori ulertzeko, berebizikoa
bihurtzen da 80.hamarkadaren erdialde horretako testuinguru historikoa
ezagutzea. Garai haietan, Euskal Herrian “Rock Radikal Vasco”
bezala ezagutu zena oraindik indarrean mantentzen zen, baina
mundu mailako eszenan gauzak oso bestelakoak ziren. 1977an punk
mugimenduak piztutako iraultza itzaliz zihoan pixkanaka-pixkanaka eta
80.hamarkadan metal doinuak belaunaldi berri baten atarian zeuden.
Lehenik, N.W.O.B.H.M.-ak musikalki ekarpen izugarria suposatu zuen, eta
ondoren eszena alemaniarrak (Accept, Helloween,…) errelebua hartu zuen.
Atlantikoaz bestalde ere, oso urte emankorrak bizi izan zirelarik; batik
bat, hard rocka eta Metallica buru, thrash metalari esker. Azken baten,
urte haietan metal musikaren urrezko orrialdeak idazten ari ziren, eta
sormen zurrunbilo errepikaezin horren oihartzuna Euskal Herriraino heldu
zen. Euskaraz mintzatuko zen metal astuna bere lehen pausuak ematen
hasia zen…
1991. urtean Urtz taldeak “Zelatan” izeneko
maketa kaleratu zuen, eta lan hark 1.800 ale inguru saltzea lortu zuen.
Urtebete beranduago, Oihuka diskoetxeak Pasaiako mutilak fitxatu zituen
eta 1992an Urtzen estreinako lan luzeak argia ikusi zuen. “Ekaitzaren
Garrasia” albuma (ba ote izen heavyagorik?) bederatzi abestiz osatzen
zen eta Donostiko “Amadeus” estudioetan grabatu zuten.
Nork ez du gogoratzen haur baten negar-zotinekin hasi, eta
garrasi batek leherrarazten zuen crescendo ospetsu hura? “Ai amatxo ez dut hazi nahi..!” lelo
errebeldeak “Negua Datorrenean” aurkezpen kantua famatu bilakatu
zuen.
Ondoren,
“Sugeen Dantza” abestiak nolabaiteko jarrera inkonformista horrekin jarraituko zuen;
oraingo honetan politikarien azpijoko ustelak begi-puntuaren xedean
kokatuz. Baxuaren mintzoa gitarren gainetik inposatzen zen, eta koruek
burututako lan ordainezinari esker, abestiak behar besteko indarra eta
bizitasuna lortzen zuen.
“Bai
Ala Ez” kantuak aurpegi baikorragoa aurkezten zuen. Segur aski denoi
ezaguna egiten zaigun egoera deskribatzen zen bertan, eta berriz ere
ahots joko eta koruen laguntza aberasgarriaz baliatuz, ausart jokatzera
gonbidatzen zitzaigun.
“Zelatan”
abestia (irrintzi eta guzti) 1991ko maketari izena ematen zion pieza zen,
eta berau, “Maiatzak 10” eta
“Azken Eguna” (hau ere maketakoa)
kantuekin batera, taldearen nortasun heavyena azaleratzen zuten
piezak zirela esan genezake. Melodia dosi handien artean, konposizio
hauetan heavy metal riff, gitarra armonia eta solo erakargarrienak
aurkitzen baikenituen.
Lan
osoko une hunkigarriena “Gau Ilun” abestiaren eskutik etorriko zen.
Tempoa mantsotu, eta amodio kontuei bide emanez, sentimenak borborka
jartzeko tenorea heltzen zen. “baina preso hil ezkero etzazu negarrik
egin, jaio ginen ama lurrean bait gara elkartuko…” bezalako
adierazpenen aurrean komentarioak soberan zeuden.
“Eutsi”
aldiz, abesti sutsuena zen. Lehen une batean kantu instrumentala
zirudienak, bigarren minutua betetzean eztanda egingo zuen Xabierren
ahotsa zela medio. Abesti honek droga gogorren hatzaparrak izango zituen
hizpide, eta bertan ahots tonu altuenak eta gitarra solo bizienak
entzungo genituen.
Eta
“Itzalak Ez Nau Hartuko” abestiarekin diskoren azken minutuetara
heltzen ginen. Sarrera bitxi baten ostean, jai girorako aproposa
bihurtzen den kantua zetorren. Izan ere, oinarri erritmiko geldiezin
batek bultzatuta, lagunartean abesteko aproposa bihurtzen den estribillo
alai batean murgilduta aurkituko ginen.
Pasadan
urtean (2003-X), Urtz taldeak agur esan zigun 15 urte inguruko ibilbidea
eta gero. Egia da ere, urte guzti horietan zehar boskotearen musikak
eboluzio nabarmena jasan zuela, eta heavy metala jotzen ezagutu genuen
Urtz hartatik azkenaldian, tamalez, oso gutxi gelditzen zela. Hala ere, hutsegite handia litzateke Urtz bezalako
talde baten ekarpena ahaztea. Ez ziren gogorrenak izan, ez teknikoki bertutetsuenak,
ez eta heavy metala jorratzen uzta oparoena eskaini zigutenak. Edonola ere, herri honen
historia metaliko euskalduna ulertzeko “Ekaitzaren Garrasia”
bezalako lan bat ezinbesteko katebegi bihurtzen da. Eta seguru, bat baino gehiago
izango garela, (disko honek argia ikusi zuenean oraindik ume moko batzuk
baino ez ginenok) “Ekaitzaren Garrasia” lehen-disko-heavy-kutun
horietako bat bezala gordetzen dugunok. |
||||||
|
Unai Santos Amarika |
« atzera