|
HEAVY METAL |
||||||
|
||||||
|
Eskaera
bat dela medio, arimak gainazalera atera ohi dira, eta agerraldi iheskor
horietan argi bat, zaratots arraro bat edo itzal baten itxura hartzen
dute. “Argi”, “Hotsegilea”, “Izuargi”, “Gerixeri”...
hainbat dira Euskal Herrian zehar agertutako arimak izendatzeko erabili
izan diren terminoak. Dena dela, izendatze ohikoena eta hedatuena “Arimaerratu”
da. Era berean, purgatoriotik itzuli, eta bere bizitzan zehar bukatzeke
utzi zituen gauzak amaitzera datorrenari “Arimaerratu” deritzo...
“Arimaerratu”
da hain zuzen Idi Bihotz taldeak bere bigarren diskoa bataiatzeko
erabili zuen izena. Eta “Arimaerratu” da ere, argia ikusi zuenetik
dagoeneko 5 urte igaro diren momentu honetan, Euskal Herriko eszena
metalikoaren historian disko klasiko bilakatu den erreferentzia
horietako bat. Bizkaitarren bigarren plastiko honetan euskaraz
abestutako heavy metal melodiko kantu bilduma aparta aurkituko genuen.
Honela, lan honetan metal klasikoaren taupada uneoro nabarituko genuen
arren, bateriaren abiadura eta kolpe mardulak oinarrietan burutu zuen
egundoko lanak, eta bai gitarra zein ahotsekin eraikitako melodia
erakargarriek, taldearen musika izugarri aberastu eta indartu zuten.
Diskoa
Donostiako “Elkarlanean” estudioetan grabatu zuten 1999ko otsailean
zehar eta Cesar Ibarretxe eta Haritz Harreguy aritu ziren soinu
teknikari lanetan. Lehenengo LPan ez bezala, “Arimaerratu” lanak
hamaika kolaboratzaile izan
zituen. “Amalur” abestian Pedro Hermosilla “Aittite”-k (garai
haietan ”Noraezean” taldekoa) gitarra sartu zuen eta Gorka Urbizuk
(Berri Txarrak) pianoa. “The Trasten Traste” taldeko Andonik eta
Brigik (Koma) ahotsak sartu zituzten “Gaztemina” kantuan; Julen
Subliminalek bateria lanetan parte hartu zuen “Marierrauskin”
abestian, Niko Garciak baxua sartu zuen “Zure Kemena” kantuan
eta Miguel Aizpunek beste hainbeste egin zuen teklatuarekin “Lur”
abestian. “Larrua Truk” taldeko Haritz konponketez arduratu zelarik.
Hein
handi batean, eta hitzei dagokienez behinik behin, “Arimaerratu”
disko kontzeptuala zela esan daiteke, kantuak orokorrean Euskal Herriaz
ziharduten eta (lurraren gogoeta, Amalur, Gernika... ). Orobat, ideia
kontzeptual horrekin zerikusia zuten beste zenbait gai jorratu zituzten
(gazteriaren arazoak, ekologiarekiko jarrera, ezberdintasun
sozialak...). Bestalde, aipatzekoa eta mirestekoa da ere, talde honetan
euskal hizkuntzak betetzen zuen paper berezia; laukotearen letrak
euskara batura mugatu beharrean, abestietan euskara batua eta
bizkaieraren arteko uztarketa aberatsa aurkitu genezakeen eta. Ildo
beretik, disko honen beste elementu bereizgarri bat azala litzateke:
gauaren erdian ilargiari uluka ageri den otso baten irudiak diskoaren
izpiritua primeran islatuko zuen; ondorioz, “Herriaren Taupada”
lehen diskoaren aurkezpen azal “alai” hura, oso kutsu heavya
zuen marrazki erakargarri bategatik ordezkatu zuten. Honela ba, ekoizpen honetan arrapalada bizian hasten ziren “Ametsen Lapurrak” edo “Nigandik Ihes” bezalako abestiak aurkituko genituen. “Infernuaren Azken Hauspoan” , “Gaztemina” edota “Marierrauskin” kantuetan aldiz, oro har erritmo astunagoak eta gitarra gogorragoen txanda helduko zen, eta “Lehen Mundua” edo “Arimaerratu” abestien eskutik, Idi Bihotz ilunago batzuk entzuteko parada izango genuen; abiadura jaitsi, eta atmosfera misteriotsuagoak eraikiz. “Lur” izeneko interludioaren ostean, “Amalur” kantuak metal melodiko erakustaldi bikain batekin oparituko gintuen, eta “Zure Kemena” izeneko ebakira heldu bezain pronto, ekidinezina bihurtzen den balada dotorearekin topatuko ginen; dagoeneko gure artean ez dagoen pertsona berezi baten omenez sortutako pieza semi-akustiko hunkigarri bezain ederra. Baina lan honetan aipamen berezirik merezi duen kantarik baldin badago, hori “Gernika” litzateke. Gure herriaren historia garaikideak bizi izan duen orrialde ilunenetako bati helduz, klasiko handia konposatu zuen taldeak. Hotzikara berezia sentiarazten duen sirena hotsak iraganera bidaiatzen lagunduko zigun, eta Gernikako herriak pairatu zuen sarraskia gogoratuz, konposizio gogoangarria gauzatu zuten Idi Bihotzekoek.
Esan ohi da, talde batentzat
bigarren disko on bat kaleratzean dagoela benetako erronka. Lehen lana
prestatzeko munduko denbora guztia eduki ondoren, bigarren
ekoizpenarekin frogatu behar baita taldearen benetako balioa. Eta Idi
bihotzek ez zuen huts egin. Ezbairik gabe, lehen lan luzeko materiala
aise gainditzen zuen disko bat kaleratu zuten, eta “Arimaerratu”
herri honetako historia metalikoan ezinbesteko klasikoa izatera heldu
dela esan dezakegu. |
||||||
|
Unai Santos Amarika |
« atzera