METAL FUSION

PiL.T 'PiL.T'
Urtea: 1996 - Disketxea: Esan Ozenki - Aitor Abio (teklatuak eta koroak), J.M. Sampedro "Xanpe" (bateria), Rafa Rueda (gitarra eta ahots nagusia) eta Txarli Solano (baxua) - Ekoizlea: Jose Lastra - Estudioa: Ama Irlandarren Ikastetxea (Leioa) - Abesti kopurua: 12

            90.hamarkadako lehen urteekin batera, heavy metalak gainbehera garrantzitsua bizi izan zuen: laurogeigarren hamarkadako urrezko urteak iraganeko kontua ziren,  eta metal klasikoa bigarren plano batean zokoratuta gelditzen zen bitartean, grungea bezalako estiloak gailendu ziren. Hala ere, 90.hamarkadaren bigarren erdialdera bazirudien heavy metala berpizten ari zela. Metalaren korronte klasikoenak burua altxatzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka, eta halaber, metala ulertzeko beste ikuspegi berritzaile eta alternatiboago bat ate joka zebilen gero eta ozenago. Euskal Herriko eszenan baita, metalaren birsortze horrek bere ordezkaritza izan zuen, bestek beste,   “Pi-L.T” izeneko talde bati esker. 1996.urtean laukote bizkaitarrak disko homonimo hau kaleratu zuen, bertako panorama musikala haize berriekin freskatu, eta bide batez, metalzaleei zerbait ezberdina eskaintzea lortu zutelarik.

            Pi-L.T taldeaz hitz egiten hasi ezkero, segur aski atentzioa ematen digun lehen gauza taldearen izena bera da. Nondik ote dator “Pi-L.T” bezalako izen bitxi bat? Antza denez, taldeak oraindik izen ofizialik ere ez zuenean, entseiu lokalean gertatutako anekdota batean aurkituko genuke izen arraro horren zergatia. Garai haietan, lokalean bertan abesti bat grabatzen ari zirenean bat-batean argia joan zen, eta ondorioz, grabaketa eten egin zen. Hain zuzen, 3’1416. minutuan gelditu zen abestia (matematiketako “Pi” zeinua, alegia). Hortik dator, beraz, Pi-L.T izena, edo bestela esanda: 3’1416 Lapsus Temporal.

            Laukotearen izena berezi xamarra zen, baina musikalki eskaintzen zigutena ez zen gutxiagorako. Rock taldeetan ohikoa den gitarra bikoteaz baliatu beharrean, Pi-L.Tk gitarra bakarra eta teklatuaren aldeko apustua egiten zuen; Aitor teklatu jolearen ekarpen irudimentsua zela medio, taldearen doinuek nortasun bereizgarri hura garatzea lortzen zutelarik. Honela, bizkaitarren opera prima  orokorrean metalean sustraitzen zen arren,  kolore askotako doinuen fusioa aurkituko genuen bertan: funkya, ukitu industrialak, popa, makina bat soinu efektu… Pi-L.Tk influentzia ezberdin ugari nahasten zituen, emaitza gisa intentsitate handiko konposizio zinez pertsonalak eraikiz.

            Musikari hauen doinuek eskaintzen zutena nahiko bitxia zela esatea honezkero soberan legoke, baina berezitasun erakargarri hori alderdi musikal hertsitik harago ere islatuko zen. Izan ere, estreinako disko honen grabazio lanak Leioako (Bizkaia) “Ama Irlandarren” Ikastetxean burutu zituzten. Alegia, moja-komentu batean (gogoratu beharrik ere ez dago disko honetako abesti ezagunena zein izan zen…!). Jose Lastra aritu zen teknikari lanetan, eta nahasketa lanak Bilboko “Tio Pete” estudioetan burutu zituzten.

            Lehen lan luze honetan, besteak beste, “Erraietatik” bezalako abesti berritzaileak aurkituko genituen. Bidaia honi hasiera emateko kantu honek Pi-L.T soinuaren mamia primeran jasotzen zuen: gitarra riff sendo, ahots melodia dotore eta soinu efektu anitzez zipriztindutako abesti zuzen eta indartsua.Betirako Ameskaitza” metaforaz jositako abesti ezkor eta ilunagoa zen. “Zero” eta “Txarriak” abesti oldarkorragoak ziren; ideologia nazia eta boteredun zapaltzaileen aurkako amorrua adierazten zuten piezak, urrenez urren. “Iraganaren Bila” eta “Mandatua” kantuekin ostera, abesti intimistagoen txanda helduko zen. Konposizio lasaiagoak, baina ez horregatik intentsitate gutxiagokoak. “Inozentzia”-rekin Pi-L.Tren aurpegi eklektikoenarekin tupust egiten genuen. Sarrera industrial batek ongi etorria ematen zigun, eta Aitorren interpretazio jostariak taldearen doinuak magia berezi horrekin jantziko zituen beste behin ere. Fusioarekin jarraituz, “Bi Erle” kantuan oso kutsu funkya zuen baxua entzun zitekeen, eta “Tunelak Irentsi Arte” izeneko ebakian, distortsio gabeko gitarra eta teknologikoa berrien arteko norgehiagoka interesgarri baten lekuko bilakatuko ginen. Eta zer esan “Hil Da Jainkoa” abesti erraldoiaz? Printzipioz, konposizio legez konplexutasun handiegirik ez zuen piezak, belarrietatik sartu bezain laster indar izugarria transmititzea lortzen zuen. Teklatuaren lan atmosferiko bikaina, distortsio dosi baten eskutik helduta zihoan  oinarri erritmiko eraginkorra, eta Rafaren ahots limurtzailea nahikoa izan ziren abesti ikaragarri hura osatzeko. “Hil Da Jainkoa” kantua zuzenekoetarako ezinbesteko ereserkia izatera heldu zen; Nietzche-ren eskolarekin bat egiten zuen mezua helaraziz  ilea tente jartzea lortzen duen harribitxia konposatu zutelarik. Benetan handia.

            Horrenbestez, 1996ko estreinako lan honekin, Pi-L.T Euskal Herriko zein Estatu mailako eszena metalikoak azken urteetan eman izan duen talde interesgarrienetariko batean bilakatu zen. Metal berria deritzonaren eremuan barneratu gabe, talde honek rockaren eboluzioa irudikatzen zuen. Metala teknologia berriekin uztartu, eta melodia dotore batzuei muzin egin gabe, originaltasun eta freskotasun handiko abesti bilduma sortzea lortu baitzuten. 

Unai Santos Amarika

« atzera