Eguna: 2008ko apirilaren 18a, ostirala.
Lekua: Donostiako Kafe Antzokia (Doka).
Ordua: 21:00

Herriko Burdina webzinearen 5. urteurrena ospatzeko, kontzertu sinple bezain erakargarria prestatzea erabaki genuen. Topagunea Donostiako Kafe Antzokian zehaztu eta oholtza gainean Usurbilgo Mendeku Itxua eta Mauleko Iron eta Maider taldeak izan genituen. Denera 70 bat lagun (gehienez) bildu ginen han, eta hala nola gauaz disfrutatzen jakin genuen.

Atzerapenak atzerapen, Mendeku Itxua taldekoak gaueko bederatziak hogei gutxiagotan hasi ziren jotzen. "Gure Oihua" estreinako diskoa errepasatu bazuten ere, bigarren lanean bilduko dituzten hainbat kantu ere aurreratu zizkiguten. Itxura onekoak gainera. Jorratzen duten euskarazko heavy metal klasikoak erantzun ona izan zuen jendearengan. Tartean ziren Usurbilgo makina bat lagun eta Burlatatik bereziki etorritakoak ere (Aupa Urtzi!). Atzerapenek eraginda nahi baino abesti gutxiago jo ahal izan zituzten. Dena dela, lau musikariak ondo baino hobeto aritu ziren.

Gipuzkoarren kontzertua bukatu ahala, Iron eta Maider taldekoak eszenatokira hurbildu ziren jendeak harrituta begiratzen zien bitartean. Jakin bagenekien, izenak aurreratzen duelako, tributu talde zinez bitxia zirela. Gutxik, ordea, Ipar Euskal Herriko dantzariz janzten direla. Ohiko soinu probak egin ondoren, kontzertu hasiera ikusgarri zein euskalduna egin zuten. Peio Dickinson abeslaria,  zaldikoz jantzita jendearen artera atera eta Iron Maiden handien  instrumentala baliatuta dantza egin zuen. Ezin ukatu Maulekoak originalak direla. Jarraian, errepertorioa martxan jarri eta bertsio sortari ekin zioten. Iron Maiden eta Judas Priest taldeak kalitate ikaragarriarekin omendu zituzten. "Fear Of The Dark" eta "Painkiller" gisako ereserkiak ez ziren faltatu. Hori bai, Usurbildarrekin gertatu bezala atzerapenek dezente laburtu zuten Ipar Euskal Herrikoen kontzertua. Lastima, gaueko izarrak bihurtu baitziren. Baina aretoek duten ordutegia, logikaren baitan, errespetatu behar denez uste baino emanaldi laburragoa eskaini zuten. Nolanahi ere, oso gustura geratu ginen.

Azken batean, omenaldi sinple bat izan zenez jaialdiaren balorazioa positiboa da. Jende aldetik, erantzuna uste baino apalagoa izan zen, baina kontzertuetara joateko dugun kultura ikusita (70 bat lagun hurbildu ziren), ezin da gehiegi kexatu. Gainera, eskertzekoa da Burlata, Legazpi, Arrasate, Zarautz eta beste hainbat herritatik etorri zela jendea. Lagun zaharrak eta lagun onak. Baina detaile polit honek ere badu beste alderdi triste eta lotsagarria. Aipatu behar dena. Herriko Burdinak Donostiako heavy mugimendua bultzateko lanetan zenbait kontzertu antolatu (Burdina Astintzen), beste jaialdi batzuk bultzatu (Altzako Heavy Jaia, Rock Em All, ...) eta hainbat talderi (seinalatu behar ez direnak) laguntza zein babesa eskaini die. Eta halaxe jarraituko du webzine honek. Alta, pertsona edo talde horietako bakarra agertu zen kontzertuan. Zergatik? Donostiako heavy metal mugimendua erdalduna delako? Bertako talde gazteek ere interesen baitan jokatzen dutelako? Egoista hutsak direlako? Webzine hau gustuko ez dutelako? Egia esan, ezin da jakin. Hala ere, mila esker beraiei ere eskainitako babesa interesik gabe itzultzeagatik. Baina Herriko Burdinak jarraituko du. Gutxienez beste bost urte, hamargarren urteurrena ere ospatu behar delako!
 

MENDEKU ITXUA vs. IRON ETA MAIDER
Argazkiak