Zoramena Guardetxean

2003ko azaroaren 22a, Donostiako Guardetxea (Gipuzkoa)
LEGEN BELTZA + MISTWEAVER



Legen Beltza thrash metala bizkortzen!

            Gau goibel eta hotza berotzeko asmotan, Legen Beltza talde azpeitiarra Donostiara gerturatu zen estreinako aldiz. “Insanity” izeneko bigarren diskoa kaleratu zenetik,  oholtza gainean jotzen ikusteko nahia hedatua zegoen. Baina azkenean, apeta musikal hori azaroaren 22an gauzatu zen. Emanaldiaren topagunea, Donostiako Urgull mendiaren magalean kokatzen den Guardetxea (Casa del Guarda) izan genuen. Loiolako Santutegiaren herritik, Danborradaren hirira eginiko bidaia aprobetxatuz, laukote gipuzkoarrak kontzertua grabatzea erabaki zuten. Grabaketa, 2005eko urtarrilean karrikaratuko duten DVDan ikusi ahal izango dugu.

            Taula gainera igo zen lehenengo taldea, Burgoseko Mistweaver izan zen, doinu gogor eta melodikoetan adituak. Azpeitiarrek euren kontzertua irekitzeko aukeratu zuten taldeak, aurten kaleratu duten bigarren diskoko abestiez gain, “Dreams Domain” lehen laneko hainbat abesti ere jo zituzten. Abesti guztiak, Black eta Death metal kutsukoak izan ziren, nahiz eta pianoaren melodiek musika lasaitu. Azken batean, kontzertu ona eskaini ziguten, zenbait soinu arazo izan bazituzten ere.

            Talde espainiarrak amaitu eta gutxira, gaueko ikuskizunik interesgarriena hastear zegoen. Hamaika eta erdiak inguru zirenean, Legen Beltza taldea oholtzaren jabe egin eta kontzertuari ekin zion. Lehenengo doinuekin batera, aretoan aurkitzen ziren kamerak ere ikuskizuna grabatzen hasi ziren. Kontzertua “Nuclear Winter” eta “Klaustrophobia” abestiekin hasi zuten, doinu thrasheroak hasiera hasieratik. Ondoren, diskoari izena ematen dion “Insanity” abestiarekin jarraitu zuten. Azken laneko abestirik luzeena eta landuena dela pentsatzean, zuzenean behar bezala joko zutenaren beldur izan arren, bikain jo zutela esan genezake: bortizkeria eta kalitatea.

Xanti jauna: "Apa Donosti! Headbanging-ak egiteko prest???"

            Hasiera ona izan bazen, ondotik entzun genituen abestiak ez ziren nolanahikoak izan. Honela, “Only A Human” abesti bitxi bezain onarekin (Azkueren koro death metaleroak) eta “Hate” abesti thrash metaleroarekin, kontzertuko bigarren medley antzekora heldu ginen. Lehenbizi, gaueko euskarazko lehen abestia entzun genuen “Alaitz”, talde gipuzkoarraren lehen eta bigarren diskoetan topa dezakeguna. Zuzenean, “Insanity” lanekoa jo zuten. Annihilator talde ezagunaren omenez sorturiko kantu honekin, bertaratu zirenei ileak tentearazi zizkien. Abestia amaitu aurretik, “Dying” abestia jada hasia zen. Lipar batez, talde honetan bateria eta baxua bezalako instrumentuek duten garrantziaz jabetu ginen. Abestiak aurrera egin ahala, jendearen erantzuna handitzen joan zen, eta Guardetxean zeudenen gorputz izerdituek eroso zeudenaren sentsazioa ematen zuten. Kontzertuaren momenturik beroenean geunden. Hala ere, “Eternal Life” kantuak, Megadeth taldearen irudia erabat ezabatu eta thrasharen alde bortitzenean murgildu gintuen berriz ere. Azken kantu honekin kontzertuaren ekuatorera iritsiak ginen.

            Jendea lokartzeko aukerarik eman gabe, Testament talde ospetsuaren bertsio batekin ekin zioten kontzertuaren bigarren zatiari. Omenaldi gisa, “Over The Wall” abestia eskaini ziguten, bat baino gehiago sor eta lor utziaz. Bertsioa zuzen gauzatu ostean, basurdearen orru batekin (Xanti abeslariaren garrasia) ontzertuaren azken txanpan sartu ginen. Lepoko mina jada nabaria zen arren, emanaldiaren azken minutuei ezin muzin egin. Aipaturiko erasoa “Awaits You” abestiarekin hasi zuten, maisuki speed/thrash metala nagusituz Guardetxean. Diskoko abestirik azkarrenak utzitako inpresio ona, eraso thrasheroaren hasiera besterik ez zen izan. “Legen Beltza” eta “Black Star” abestiak segidan eskaintzeak, zoramena areagotu zuen aretoan. Bi abestiak, lehenengoa himno bilakatua eta bigarrena nire gogokoena eta mundiala, bikain gauzatu zituzten. Hala ere, hurrengo kontzertuetan “Black Star” abestia hobeto jotzea espero dut, musikarien nekeak kantua hanka motz utzi baitzuen.

            Etengabeko bortizkeriaren ostean, Legen Beltzak atsedena hartu behar izan zuen, azken bi abestiekin joan baino lehen. Honela, tabernara gerturatu eta garagardo hotz bat gozatzeko betarik eman gabe, gipuzkoarrak taula gainera igo eta kontzertuaren azken txanpari ekin zioten. Azkeneko bi kantuak “Istorio Triste Bat” diskoan topa daitezken “Braulio” klasikoa eta “Inor Jauna” izan ziren. Lehenengoarekin txundituta utzi gintuzten, ezagutzen genuena baino thrasheroagoa jo baitzuten. Gainera, kontzertuko abestirik abestuena bilakatu zen, bertan Azpeitia eta inguruko batzuk koroak egin baitzituzten. Taldearen klasikoa entzun ondotik, kontzertuaren amaiera heldu zen “Inor Jauna” abesti eraginkorrarekin, eta lau musikarien kalitatea agerian geratu zen.

            Legen Beltzak eskainitakoaren ostean, merezi nuen garagardo freskoa hartu eta pausaldi sakon bat egiteko ordua iritsi zen. Lepoko min eta izerdi usaien artean, sentsazio ezin hobea nuen gorputzean; errepikatzeko asmo eztabaidaezina. Azken batean, etorkizun handiko talde baten aurrean gaudela esan beharra dago, eta honelako esperientziak bizi beharrekoak direla uste dut. Gauzak honela, rock gogor edota metal musikaren esparrurik indartsuenetakoa gogoko baduzu, aurre egin Legen Beltzaren erasoari. Thrashing Euskal Herria!!!

Ekaitz solo edo bakarkakoa apaintzen

Iñaki Esnaola Aranzadi

« atzera