EKON
Segi zirikatzen

EKON taldeak urtarrilaren 8an iragarri zuen bueltan direla. Printzipioz zuzeneko seinalatuak eskaintzeko. Talde metal zalearen oinarria gutxi gorabehera mantenduz hainbat zaleren eskaria beteko dute. Horretarako “Zirikatzen Jarraituz 9002” prestatu dute, maiatzaren 14an abiatuko dutena Bilboko Kafe Antzokian. Ekaina bukaeran, berriz, Hatortxurock jaialdiaren 10. ekitaldian izango dira. J. Sangre taldeko abeslariarekin esklusiban hitz egiteko parada izan dugu. “Hartu sprayak eta irten kalera, hemen da Ekonekin batera, mila koloredun gerra!”

"Ziririkatzen Jarraituz 9002” du izena itzuliko kontzertu bira. Garai zaharrak gogoan?
Horixe zen gure asmoa. Garai horietaz oroitzapen ederrak gordetzen ditugu, eta tira, jendeak gurekin batera berriro ere gozatzeko aukera izango du.

Azken kontzertua 2003ko urrian eskaini zenuten, Arrasaten. Denbora dezente igaro da ordutik. 6 urteren buruan zergatik itzuli zarete?
Arrasaten azken emanaldia egin genuenetik jendeak esan izan digu lastima dela Ekon berriro ere zuzenean ez ikustea. Hainbatek ere esan digute gure abestiak oso gustuko dituztela eta ea kontzertu batean noiz ikusi ahal izango dituzten galdetu digute. Kontzertu antolatzaile batzuk ere deitu izan digute taldea berriro osatu eta zuzenekoren bat edo beste emateko. Horrek guztiak harridura sortu digu. Hala, zenbaitetan Ekon taldean ibilitakoak batu eta komentatu egiten genuen, erabakirik hartu gabe.

Noiz eman zen “itzultzeko momentua”?
Hatortxu rock jaialdiaren antolatzaileek bultzatu gintuzten. Duela hilabete batzuk deitu eta taldea berriro batzeko proposamena egin ziguten, Hatortxuren 10. ekitaldiari begira. Aukera aztertu, une aproposena zela ikusi eta hemen gaude!

Ekon taldea berriro ere batzerako garaian aldaketaren bat egin duzue. Zer dela eta?
Egia esan Ekon taldearen oinarria betidanik bost musikari izan gara. Horietatik lau gaude abentura berri honetan: Ińigo, Yago, Xabi eta ni (J. Sangre). Guk konposatu eta grabatu ditugu taldearen hiru diskoak. Gerora disko bakoitzean edota kontzertu biretan jende gehiagoren laguntza izan dugu. Esaterako, taldearen diskoetan denera 5 emakumek abestu dute. Iony koroak egiteko “Etnia 2000” diskoarekin sartu zen taldean, eta Heloy bateri jotzailea “Salatzen Dut” hirugarren lanarekin. Itzultzeko ideia sortu zenean Ekon taldearen azken urtean aritu ginenek bilera egin genuen. Inesekin ere hitz egin genuen eta bi bider pentsatu bazuen ere Gose taldeari eman zion lehentasuna. Gerora, Naiara beste abeslariarekin hitz egin genuen. Euskal Herritik kanpo denbora darama. Ilusio berezia egin zion. Halere, bira dagoeneko martxan denean itzuliko da, eta akaso kontzerturen batean parte hartu dezake gogotsu dago eta. Nesken faltan, Neubat taldeko Liberekin hitz egin genuen eta berak beteko du emakumezko ahotsen hutsunea.  

Naiara ez ezik, Inesek eta Sorkunek Ekon taldearekin bat egin dezakete taula gainean?
Ez dugu erabat ezeztatuko, baina nahiko zaila dela onartu dezakegu. Euren taldeekin batera joko bagenu akaso, baina batek jakin.

Birari dagokionez momentuz hiru data baieztatu dituzue. Maiatzaren 14ean Bilbon, eta ekainaren 19an eta 20an Sakanan, Hatortxurock jaialdian. Zergatik hasiera Bilbon?
Kafe Antzokia jotzeko leku aparta da, eta batez ere, izango dugun muntaia jarri ahal dugulako. Horrez gain, ez dugu zuzenean Hatortxu jaialdira joan nahi pixka bat berotu gabe.

Aipaturiko datez gain, zenbat dituzue buruan, eta non izango dira?
Hori erlatiboa da. Gure asmoa kontzertu gutxi eskaintzea da, baina jotzen ditugunak bereziak izatea. Horrekin batera, prestatu dugun muntaia erabili ahal izango den tokietan jo nahi dugu, jendeak leku batean edo bestean berdin gozatzeko. Hori bai, Bilboko kontzertua baino lehen bi kontzertu eskaini nahi ditugu bi gaztetxetan, baina abisatu gabe.

Muntaia berezia aipatuta, zerbait aurrera zenezake?
Ez! (kar kar). Misterioa mantendu behar da. Zerbait berezia egingo dugu eta hori behar bezala prestatzen ari gara. Halere, ez gara Rammstein gisako talde bat, muga nabarmenak ditugu. Hala, Ekonen kontzertu bati zango da bakoitza, truku zahar eta berriekin.

Abesti zerrendari dagokionez, hiru diskoetako kantuak nahasiko dituzue kontzertuetan?
Bai, hiruen arteko nahasketa izango da, tartean zenbait ezustekorekin.

Itzulera noiz arte luzatuko duzue?
Biraren bukaera 2009. urte honen amaieran zehaztu dugu, gutxi gorabehera.

Latzen taldeak egin bezala, zuzeneko disko edo DVD bat kaleratzeko asmoa duzue?
Momentuz ez.

Eta gero?
Ekon taldearen bira dela eta, musikariok ez ditugu albo batera utzi gure proiektuak. Momentu honetan Governors taldearen bigarren diskoa prestatzen arin aiz Durangoko Azokarako prest egongo dena. Bestalde, abesti berezi bat konposatzen ari naiz arrazoi berezi batengatik, eta Euskal Herriko musika eszenako abeslari ezagunek parte hartuko dute. Aurrerago emango ditugu xehetasun gehiago. Bestalde, Ińigo eta Yago ere Cool Circus taldearen aurreneko diskoa prestatzen ar idira.

EKON 2009
J. Sangre (ahotsa), Iony (bigarren ahotsa), Libe (bigarren ahotsa), Yago (gitarra), Xabi (gitarra), Ińigo (baxua) eta Heloy (bateria).

 

Inaxio Esnaola (09/01/23)

« atzera