|
Zuen izenak gorantz egin bezalaxe, beherantz ere egin zuen. Zer
gertatu zen arrakasta egoeratik isiltasunera igarotzeko?
Egia esan arrakasta urte horien ondorio izan zela uste dugu.
Bigarren diskoarekin Euskal Herriko ia bazter guztietan jo
genuen eta herri horietan errepikatzea, denbora laburrean, zaila
izaten da. Generaman erritmoa zaila da mantentzea. Gainera gure
lurraldea oso txikia da eta segituan lekuak errepikatzen hasten
zara. Dena den, emandako kontzertu gutxi horietan harrera ona
izan genuen eta horrekin gelditzen gara.
Argi dago, “fama” ustekabean etorri zitzaizuela. Nola
asimilatzen duzue orain, bere garaian izan zenuten “momentuko
arrakasta” delakoa?
Nolabaiteko arrakasta izatea lortu genuen jendeari taldea eta
gure musika gustatu zitzaiolako. Jende aurrean izateari utzi
diogunean ohartu gara benetan gertatutakoaz. Hasierako garai
horietan hodei batean bezala geunden, ez genuen gelditzeko
astirik ere. Astero geneukan kontzertua eta jendeak kalean gu
ezagutzea, arrunta bilakatu zen. Dena azkarregi igaro zen
konturatu ahal izateko.
Bestalde, hirugarren disko hartatik egun bitarte denbora igaro
da. Nola laburbilduko zenituzkete azken hiru urteak?
Ondorengo hilabeteak lasaiak izan ziren, lasaiegiak agian. Baina
taldean emandako aldaketa batzuei esker, lokalean sartu eta
lanari gogor ekin genion, bai aurreko abestiak joaz, baita
berriak sortuz ere. Honela, itzalean egindako lana handia izan
da eta halaxe igaro ditugu azken ia bi urteak.
Orain, “... Garrasia” izeneko laugarren diskoa kaleratzea lortu
duzue. Egia esan, “lortu” duzuela esan genezake, bide zaila izan
delako. Deskriba ezazue diskoaren prestatze prozesua?
Esan bezala, isilean egindako lana handia izan da. Batez ere
azken bi urte hauetan. Horrela bada, abuztuaren 15ean Sonido XXI
estudiora abiatu ginen gure abestiak grabatzeko asmoz. Grabaketa
oso ondo joan zen, baina Gor diskoetxearekin ez genuen
akordiorik lortu. Hau dela eta, zigilu ezberdinekin kontaktuan
jarri ginen eta EDG music izan zen guregatik apustu indartsuena
egin eta gure proiektuan gehien sinistu zuena. Azken finean hori
da bilatzen genuena; norbait gure proiektuan guk adina sinesten
zuena.
Zergatik “... Garrasia”?
Garrasi bat gauza eta egoera ezberdin askoren sinbolo edo isla
izan daiteke: poza, beldurra, mina, haserrea, gozapena,
askatasuna, ... Gure diskoa osotasunean batzen zuen hitz
aproposena zela iruditu zitzaigun.
Aurreratu duzuen bezala, aldaketen diskoa izan dela esan
genezake. Diskoetxea aldatzeaz gain, bateri jole berria sartu da
taldean. Aurkeztu bere burua.
Bateria jotzaile berriak, Unai Corral du izena eta aurretik
Utikan taldean aritutakoa da. Utikan taldearekin lotura handia
izan dugu beti, Añorgakoak izateaz gain, gure entsegu lokal
berean elkartzen ziren. Gure anaia zaharrak bezala dira. Gauzak
honela, Unairi ea heavy pixka bat egiteko prest zegoen galdetu
eta “baietz” esan zigun.
Eta dirudienez, Unairen sarrerak eragina izan du taldearen
garapenean. Disko berria harretaz entzunez gero, soinu hard
rockeroagoa atzeman daiteke abestietan.
Egia esan,
zerikusi handia izan du. Unai nahiz eta heavya gustuko izan
rockzalea da eta modu batean taldea aberastu egin du. Erritmo
berriak ekarri ditu eta honek abestiak egiteko bide berriak
ireki dizkigu. “... Garrasia” diskoan abestiak Hard Rock kutsua
irabazi dutela esan daiteke, eta hori da pixka bat bilatu nahi
izan duguna.
Musikarekin jarraituz, 12 kantu berri (intro eta outroa alde
batera utzita) entzun ditzakegu lan berrian. Baliteke, Asgarth
taldearen kanturik helduenak izatea. Hitz egin ezazue apur bat
abestietaz?
Lan
berri honetako abestiak bi multzotan banatzen dira. Batetik,
“Asgarth” soinua duten abestiak daude, heavyak, azkarrak, biziak
eta gelditzen diren horietakoak. Esaterako, “Azken Nahia”,
“Esnatu Gara” eta “Zuzenean”. Bestetik, Hard Rock kutsua dutenak
daude. Adibidez, “Zeren Beldur”, "Ahaztezina Izango Dela" eta
"Gezurrak". Esan bezala, 2 urtez aritu gara abesti hauek
prestatzen eta emaitzan nabari da; abestiak kontu handiz landuak
izan dira eta hemendik Asgarthen abesti borobilenak jaio dira.
Grabaketak, “III” lanaren esperientzia errepikatu asmoz Sonido
XXI estudioetan burutu dituzue. Gustura berriz ere beraiekin lan
egiteaz?
Sonido XXI estudioan grabatu nahi genuela argi geneukan; aurreko
diskoarekin oso gustura gelditu ginelako. Gainera San Martin
anaiek ondo ezagutzen gaituzte eta nahi duguna bilatzen
laguntzen digute. Hori ondoren emaitzan islatu da.
Epe motz eta luzera begira zein asmo dituzue?
Gure asmoa kontzertuak Euskal Herriko bazter guztietan ematea
da. Hasteko, aurkezpen kontzertuak ematen hasiko gara. Honela,
abenduaren 16an Ondarruko Kafe Antzokian, urtarrilaren 12an
Bilboko Kafe Antzokian eta bi egun beranduago Tolosako
Bonberenea gaztetxean eskainiko dugu kontzertua.
Amaitzeko, zein da Asgarth taldearen ilusioa eta nola ikusten
dituzue gauzak gaur egun?
Ilusio ikaragarriarekin aurkitzen gara. Hasiera batean, dena zen
berria, orain ordea, badakigu zer den jende aurrean egotea eta
hauek zure abestiak kantatzen ikustea. Hori oso handia da. Guk
gure esku dagoen guztia jarriko dugu, beti bezala topera!
*Oharra:
Iaz (2006)
Entzun!
aldizkarian argitaratutako
elkarrizketa. Agurra dela-eta berreskuratu dugu.
|