MATERIA
Hamar urteko zama iraunkorra

Urnietan bada hirukote bat. Materia da beraien izena. Ondo moldatzen dira musika egiterako garaian. Doinu gogorrak pasarte lasaiekin nahastea gustuko dute. Materia da beraien izena. Martxoan “Autodestrucción” (Fragment Music) izeneko laugarren diskoa atera zuten. Laugarrena bai. Perfektua. Urteak eman duen lehen fruitu bereizgarria. Materia da beraien izena eta bada garaia beren musika goraipatzeko. Merezi dute. Jon gitarra jotzaileak zer edo zer kontatu zigun.

 
Hamar urte pasa dira taldea sortu zenetik. Ibilbide honetan talde bezala esperientzia ugari izan dituzue. Azkenekoa Hamlet taldearekin iaz egin zenuten bira, hirugarren lana atera ondoren. Zer nolako esperientzia izan zen?
Bai, “Forget The Music” aurreko diskoarekin bizi izandako esperientzia gehienak itzelak izan dira. Bilbo Hiria Lehiaketa, Munichera bidaia, Hamlet-ekin bira… Pozgarria izan da alor gehienetan. Hala ere, musika inguratzen duen negozioa barne barnetik ikusteko aukera eduki izanak eragin digu amesgaiztorik. Ordura arte, lagun arteko denbora-pasa bat baino ez zen izan Materia, baino disko horrek beste erabateko ateak ireki zizkigun. Agian ez geunden prestatuta errealitate horri aurre egiteko; Hamlet taldearekin egindako bira kasu. Baina ikasgai garrantzitsua izan zen dudarik gabe.

Orain atsedenetik berrindartu eta “Autodestrucción” izeneko laugarren diskoa atera duzue. Prozesua uste baino zailagoa izan omen da.
Beno, gure kasuan, konposizio lanak beti izaten dira traumatiko xamarrak. Ez dugu edozerekin konformatu nahi izaten eta horrek mila buruhauste eta liskar eragiten dizkigu beti. Hala ere, beste diskoekin baino tentsio gutxiagoz ebatzi dugula iruditzen zaigu orain. Taldekideen arteko oreka gero eta garbiagoa da. Talde lana modu naturalagoan baliatzen dugu orain eta honek zertxobait erraztu dizkigu gauzak. Gehienbat emaitzan islatu da heldutasun hau.

Alvaro abeslariak ere arazoak izan zituen ahotsarekin.
Hamar urte daramatza ahotsa matxuratzen. Bere osasunak kezkatzen du gehienbat. Hala ere, hasierako dudak baztertu ondoren modu bikainean burutu du bere lana. Sekula baino hobeago. Pozik gaude emaitzarekin.

Bestalde, sakoneko beste oztopo handi bat ere izan du diskoak azalean ikusi edo liburuxkan irakurri daitekeen moduan. Materia zama bilakatu omen da… Eutsiko al diozue?
Ez nuke agure baten moduan hitz egin nahi, baino egia da bizitza ez dela berdin ikusten 20 urteko gazte sasoitsu eta esperientzia berri gose baten begietatik edota 30 urteko gazte bai, baino erreflexiboago batenetatik. Azken hamar urteotako erritmo biziari eustea gero eta nabariago kostatzen zaigu, hori ezin dugu ukatu. Erronka berriak sortzen dira eta… ezin denei sasoi betez, indarra erabiliz edota garrasika aurre egin. Aurkituko dugu moduren bat hainbeste betetzen gaituen paradisu hau bizirik mantentzeko. Bizitza “moderno”ak, egunerokotasunak… ez gaitu ez, guztiz xurgatuko.

Oskar bateri jotzaileak diskorako egindako marrazkiak benetan bereziak dira…
Erabat. Sentitzen dugunaren krudeltasuna bere baitan daramate marrazki horiek. Koreografia korapilotsu eta gordin horiek gaur egungo gizarte bizimoduaren isla dira, bizi dugun borroka geldiezinaren testigu.

Auto-suntsiketan barneratuz, lan berriak amorru eta melodiak erdibana batzen ditu. “Realidad” eta “Mi Guarida” kantuak bi eredu lirateke. Diskoa gordina da. Hirukotearen egoeraren adierazle?
Disko honetan, gure musika modu naturalenean aurkezten saiatu gara. Ahalik eta gordinen. Aurreko diskoa erabat kontrakoa zen, oso hotza eta kalkulatua, eta hori aldatzeko gogoz ekin genion lan berriari. Amorrua eta melodiak nahastearena beti egin izan dugu, ez nuke jakingo ziur zergatia.

Esperimentazioari ere egin diozue bidea. “Cuando Soñar Sea Una Enfermedad” zoragarria da. Amesgaizto baten isla?
Beti saiatu gera era batera edo bestera diskoaren baitan inprobisazioren bat edota esperimentazioren bat sartzen. Estudioko lana deritzona praktikan jartzen azken batean. Abesti horrekin ez genekien zer egin, eta azken orduan, ukitu berezi bat ematea otu zitzaigun. Azkenean, proba gustukoa izan genuen, eta lanean sartzea erabaki genuen. Berez, ipuin txiki bat kontatzen du, fikzioko histori txiki bat, geroaz mintzo dena, ametsez, progresuaren arriskuez… Abstraktua da oso, ametsak ametsen barruan. Amaiera hunkigarria ematen dio lanari.

Aurreko lanetan erakutsitako doinuek beste heldutasun bat aurkitu dute disko berrian. Metal eta hardcore doinuak soilik Materiak dakien bezala uztartzen dituzue. Sormen aldetik hustuta geratu zarete?
Bai, aurrera pauso garrantzitsua izan da disko hau guretzat. Heldutasuna nabaria da. Gure estilo propioa bilatzen saiatu gara, nahiz eta betiko erreferentziak hor dirauten. Eta sormenaren gainean lan berri bakoitzari aurre egiterako orduan beti eduki izan dugu beldur pixka bat, ezer onik sortuko ote dugun beldurra. Baino esperientziak esaten digu lan egiten badugu bukaeran lortzen dugula ezer onik. Esperientzia horrek gainera gero eta emaitza hobeagoak ahalbidetzen dizkigu. Lanaren bidetik datorkigu sormena, eta lana egiten jarraituz gero izango dugu zer eskaini.

Egia esan, talde gutxi batzuk esan dezakete hiru musikarirekin lortzen duzuena.
Guri ondo datorkigu hirukotean lan egitea. Beti uste izan dugu indarra transmititzeko nahikoa dela ideiak modu zuzen eta garbian lantzea, eta horretarako, gero eta elementu gutxiago taldean orduan eta zehatzagoa eta kontrolatuagoa dena. Sinkronizazioa asko lantzen dugu entseguetan. Emaitza onak eman dizkigu betidanik.

Honez gain, disko honek badu bere bistako bereizgarritasuna: hizkuntza. Aurreko hiru lanetan ingelesez abestu ondoren gazteleraz egitera pasa zarete. Zergatik?
Ez da erraza horri erantzutea. Hasieran, entzuten genuen musika guztia ingelesez zela-eta, hizkuntza honi heldu genion. Ezer gutxi genuen esateko. Musikak liluratzen gintuen erabat, eta hitza bigarren plano batean uzteko modu errazena izan zen. Beti uste izan dugu musika bera hizkuntza bat dela, hitzik gabe ere gai dela sentimenduak espresatzeko… Baina taldeak aurrera egin ahala hobetzen saiatu gara eta badakigu ingelesa ez dugula behar bezala menderatzen. Honela azken disko honetan musika eta hitzak uztartzen saiatu gara, bakoitzari bere garrantzia ematen gero elkarrekin espresioa indartu dezaten.  

Grabaketei dagokienez zuen aldetik egin dituzue. Egun grabaketa onak lortu daitezke pixkanaka eta norberaren aldetik eginda?
Bai, auto-ekoizpena gure ikurretako bat izan da urte guzti hauetan. Kaleratu ditugun lau diskak guk geuk grabatu eta ekoiztuak izan dira. Alvaro da kontu hauetan aditua, eta diska bakoitzean aurrera pauso izugarria egin du. Gainera, beste talde batzuk grabatzen hasi da Alvaro, nahi duenak hitz egin dezala berarekin, ziur ez zaretela damutuko.

Bestalde, musika mundura jauzi egiteko aukera eman zizuen diskoetxearekin bueltatu zarete: Fragment Music-ekin. Bilbo Hiria Lehiaketako metal alorra irabazi ondoren Oihukarekin sinatu zenuten. Zer dela eta?
Ba begira, Bilbo Hiria Lehiaketako diru saria eskuratu genuenean, ez genuen espero eta ezustean harrapatu gintuen. Dirua ezin genuen eskutan jaso, lan baten ekoizpen edota promozio lanetan erabili beharrekoa zen nahitaez. Ordurako aurreko diskoa grabatua genuen, dirua erabiltzeko epea laburra zen, urte batekoa, eta aukera bakarra esku artean genuen lanaren promozioan inbertitzea zen. Gure ordu arteko diskoetxearekin, Fragment Music-ekin hitz egin ostean, diru gehiegi zela esan zigun. Izan ere, diskoetxe txikia da eta mugitzen den zirkuluetan ezingo ziokeen sariari probetxu handirik atera. Horrela, bide berriak probatzeko askatasuna eman zigun. Guk ere, zergatik ukatu, bagenuen pauso hau emateko gogoa eta hainbat zigilurekin kontaktuan jarri ostean, Oihukan gelditu ginen.

Eta orain zergatik jo duzue berriro ere etxekoengana, etxeko sua beroagoa eta garbiagoa da?
Bai ba. Oihukan bizitakoa ez da batere xamurra izan. Maila horietan musika produktu soil baten bihurtzen da: saldu beharreko produktu batean. Dirua eskuratu genuen lehiaketan, eta horrekin, diskoaren promozioa ordaindu genuen. Baina salmentak ez ziren zigiluak espero bezain oparoak izan eta kale gorrian geratu ginen. Horrela egiten dituzte gauzak tipo hauek. Ez ginen hala ere burumakur geratu, ez. Kaka guzti honek grina piztu zigun, eta gure amorrua bideratzeko disko berria prestatzen hasi ginen. Amaitu eta berehala Fragment-ekin kontaktuan jarri ginen berriro. Erabat bestelakoa da Juanjiren (arduraduna) musikarekiko jarrera, inongo arazorik gabe onartu gintuen berriro berean, inongo baldintzarik jarri gabe.

Kontzertu aldetik, betidanik izan duzue joera zuzeneko asko eskaintzeko. Gainera oso estimatuak izaten dira. Biraren bat egitea pentsatu duzue?
Orotara 100 kontzertutik gora egin ditugu urte guzti hauetan. Asko ikasi dugu taula gainean, eta zuzenekoetan publikoari transmititzerako garaian nabarmentzen da gehienbat esperientzia guzti hau. Momentuan baditugu dozena erdi bat kontzertu “Autodestrucción” disko berria aurkezteko.

Honez gain, egia da ere beste proiekturik ere baduzuelako taldekoek, ezta?
Bai, hiruok darabilgu zerbait esku artean taldetik kanpo. Oskar bateri jolea gitarrarekin hasi da eta pinturarekin esperimentatzen dabil . Alvaro abeslari eta gitarra, grabaketa lanetan aritzeaz gainera, bakarka hasi da musika jorratzen. Eta ni ere bakarkako proiektu batekin nabil. Musika elektroniko esperimentalarekin ari naiz saltsan… idazten ere saiatu naiz, nobela bat bukatzear daukat eta… ezin geldik egon. Negarrez egun osoan denborarik ez dugulako, eta hala ere muturra gero eta proiektu gehiagotan sartu behar. Ez daukagu erremedio handirik, ez.

Hamar urte bete ondoren beste zenbat urte geratzen zaizkio materia pisutsuari gainezka egin edo hirurak gainditu baino lehen?
Auskalo. Ez dago jakiterik. Orain arte, asko disfrutatu dugun zerbait izan da. Horrela den bitartean, eutsiko diogu bere zamari… tristea da askotan benetan gustatzen zaizunaz gozatzeko era berean sufritu behar izatea. Izan ere, musikaz bizitzea ez litzateke amestu bezain ederra. Hortik lanaren izenburua: gero eta aurrerago taldea, orduan eta suntsipenetik gerturago, orduan eta pisuago, orduan eta sisteman kapitalistan barnerago… beste lan baten bihurtzen da azkenik. Ea ez garen guztiz suntsitzen!!!

*Oharra: Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

 

Iñaki Esnaola (07/07/02)

« atzera