ANESTESIA
Sendabidea

Sei urte lozorroan eman ostean, Beloki, Ibon, Dani eta Mikelek osatutako ANESTESIA bueltan da. Doinu berriekin, zenbait aldaketekin eta begiak irekitzeko prest. Itzuleraren zati dugu “Terapia” izeneko bosgarren lana. Ibilbide baten jarraipena, etenak horren sakonak izan ez direnean. Disko berria, Bonberenea Ekintzak zigiluaren ohatilan atera da ebakuntza gelatik. Sendo gainera, metal doinuen indarra inoiz baino presenteago dago-eta. Itzartze honen haritik, Mikel Kazalis musikari anonimoarekin hitz egin genuen.

 
Urte hauetako anestesia uste baino sakonagoa izan da. Non demontre ibili zarete?
2000. urtean “Ultra-Komunikatzen” diskoko bira amaitu genuenean atsedenaldi bat hartu genuen, beti egin izan ohi dugun bezala, baina oraingoan luzeagoa izan da. Guretzako beti izan da oso garrantzitsua egiten duguna benetakoa izatea, eta horretarako batzuetan distantzia pixka bat hartu behar izaten da. Bestela gauzak inertziagatik egiteko arriskua dago, eta hobe da gauzak benetan sentitzen direnean egitea. Gauza asko gertatu dira tarte honetan, Nil-en alde egitea, etab... baina unea iritsi da.

Estigia, Negu Gorriak, 2kate, Kuraia, baina beti ere hor egon da Anestesia. Zure proiektu propioena izanik barne arra dantzan jarri al zaizu itzultzeko?
Egia esan, pilatutako amorrua kanporatzeko terapia baten beharra nuela sentitu nuen.

Baina, kantu berriak konposatzeko grina noiz sortu zitzaizun?
Hori oso prozesu luzea izan da. Disko hau presarik gabe egin dugu, esan dezakegu bi urteko lana izan dela. Hala ere, hitz batzuen ideiak orain dela bost urte buruan nituen jada.

Bosgarrena den disko honi “Terapia” izena jarri diozue. Zer adierazi nahi duzue?
Hitzetan beti izan dugu galderak botatzeko joera, oraingo honetan ere galdera ikurrarekin joan zitekeen izenburua. Gaixoturiko mundu batean gaude eta diagnosi asko daude. Baina zein da terapia? Gainera, birusa gu geu garela jakinda;“homo homini lupus”. Baina interpretazio gehiago ere baditu, jendeak asmatu beharrekoak.

Taldean ere aldaketak egon dira. Egun dagoeneko lau zarete Dani baxu jotzaile izan zena taldera itzultzearekin batera. Gustura zaude Anestesia denarekin?
Orain daukagun gauzarik onena da 88an genuen motibazio berdina daukagula. Jotzea gustatzen zaigula. Eta ondo ezagutzen dugula elkar, beraz hitz gutxirekin ulertzen diogu elkarri. Talde sendo bat izan dadin ari gara lanean lokalean, musikari zein pertsona bezala elkarrekin ondo koipetuta joango den makina bat osatzeko asmoz.

Anestesiak betidanik izan ditu letra berezi samarrak. Oraingoan zer kontatu nahi diguzue?
Berezi samarrak baziren, jarraituko dute izaten. Izan ere, burmuin berberak egin baititu. Beti amorru kutsu bat izan dute gure hitzek, hori kanporatzea beste terapia modu bat da. Disko honetan batzuk oso beltzak dira, garai pertsonal oso ilun batean eginikoak. Sufritzeak askotan lagundu egiten du sormena martxan jartzen. 

Musikari dagokionez, askotan irakurri ahal izan dugu Estigia thrash metal taldearekin zeunden garaian hardcore musika ezagutu eta talde berri bat sortzea erabaki zenuela. Hau da, Anestesia. Eta gaur egun ere talde hura bizirik dago. Alabaina, aldaketaren bat egon da. Abestiak ez dira horren azkarrak…
Anestesiaren eraginak beti izan dira hardcore eta metalaren artekoak. Agian aldatzen dena da osagaien proportzioa. Adibidez, azken disko honetan agian metalak toki gehiago dauka eta gainera metal zaharra da.

Nolanahi ere, Thrash-corearen multzoan koka genezake taldea?
Bai, agian hori izan daiteke gurea nondik nora doan azaltzeko modu bat.

Bestalde, talde ezberdinetan ibili eta dabilen musikari batek musika estilo ugari entzun behar ditu. Zeintzuk dira azkenaldian entzun dituzun diskoak?
Azken garai hauetan ez dut musika asko entzuten (bueno egunero nabil musika artean – estudioa, entseguak, kontzertuak...), baina bestela ez ditut disko asko entzuten etxean. Azken boladan Mikel Laboa entzuten ibili naiz. Plazer handiz gainera.

Grabaketaren txanda. Duela pare bat urte, Fidelenea estudioa sortu zenuen Zarautz zure sorlekuan. Eta nola ez, bertan burutu dituzue grabaketak. Orain arte beste hainbat talderekin (Kuraia, Eraso!, Denial, ...) egindako lanak entzun ostean normala mimo handiena Anestesiari eskaintzea. Hala izan al da?
Norberaren diskoa grabatzeak arrisku bat du: gustura utzi behar duzuna zeure burua dela. Hori lortzea oso zaila da nire kasuan. Eta beti duzu estudioa eskura, beraz mundua desagertu egiten da eta milaka ordu pasatzen dituzu hortxe belarriak, begiak eta burmuina estutzen.

Honez gain, taldearen grabaketa lasaiena izan dela esan genezake.
Hori bai, dena jarraian presaka egin beharrean tarteka joan gara grabatzen. Presio dezente izango zen bestela ere. Hala ere, beti daude azken orduko ohiko zalantzak eta urduritasuna.

Gustura zaudete emaitzarekin?
Inoiz ez guztiz, nahiz eta denbora izan. Zerbait utzi behar da hurrengoan hobetzeko, bestela akabo. Horregatik daramatzagu hainbeste urte, oraindik ez zaigulako disko bat nahi bezala irten eta beti hurrengoan hobetzeko itxaropenarekin: 18 urte.

“Terapia” Bonberenea Ekintzak zigiluak kaleratuko du. Zigilu txikia baina handiekin izutzen ez dena. Zer dela eta Tolosako diskoetxearen hautua?

Izan dugu kontakturen bat hortik, baina ez gaude ohituta negoziaketara inoiz ez baitugu egin. Orain arte Esan Ozenkirekin atera dugu dena. Hori lagun arteko harremana zen, eta egia da orain ez genekiela nola egin. Hala ere, Esan Ozenki eta Metak-eko jendeak laguntza eskaini ziguten eta asko eskertzen diegu. Baina azkenean Bonbereneakoek konfiantza eta gertutasuna eskaini ziguten eta hor gaude.

Behin diskoa kalean, “Terapia” diskoak merezi duen bira bat egitea erabaki duzue. Nondik nora ibiliko zarete?
Ez dugu kontzertu asko emango, hasieran hilabete pare bat astero jotzen hemen inguruan, eta gero erritmo lasaiago batean ibiliko gara. Ikusiko dugu.

Anestesia gisa taula gainera itzultzea berezia izan behar du ezta?
Bai, urteak pasa dira eta noski oso berezia dela. Harritu nauena da hainbeste denbora pasa eta gero jendea gogotsu ikusteak. Gutaz ahaztuta egongo zirela uste nuen.

Elkarrizketa bitxikeri batekin amaituko dugu. Konturatu ez bazara, txima luzeak mantendu dituen euskal musikari bakarrenetakoa edo bakarra zara. Sanson bera bezala, Mikelen musika tximekin batera moztu edo etengo da?
Phil Anselmok tximak moztu zituenean metalzale burusoilek arnasa hartu zuten; perila utzi eta listo! (barreak). Galderari erantzunez, ze uste duzue toreroek bezala egingo dudala, mototsa moztu? Auskalo, oraingoz uste dut bai tximak eta bai musikak nirekin jarraitu behar dutela.

:: ANESTESIAren ibilbide musikala zortzi pausutan...

MK, Anestesia Cerebral (89)

“Lokalean, pare bat egunetan, gure lehenengo 8 abestiak grabatu genituen, “Izadi” berbena taldearen ekipoarekin. 4 pistako kasete grabagailu batekin. Festa-giroan. Maketako 2 abestik disko batean amaitu zuten. Hain zuzen ere, Thrash´Till´Death (90) bilduman, estatuko beste talde batzuekin batera.”

MK, Moralidad (90)

“4 pistatik 8ra pasatzea ikaragarrizko hobetze teknologikoa iruditu zitzaigun. Paco Floresek Oreretan zuen lokal txiki batean grabatu genuen, nik lehenago Estigiakin ezagutu nuena. Semaphore zigilukoek eskaini ziguten maketa zegoen bezala LPan ateratzea, oso kalitate ona zuelakoan (eta aurrezten zuten dirua kontutan hartuta, nik uste). Ez genuen egin.”

EP, Toki Berean (Esan Ozenki 91)

“Esan Ozenkiren sorrera izan zen, ni jada Negu Gorriakekin nengoen. Zigilua erabili bagenuen ere, auto-ekoizpen bat izan zen gu eta “Hardcross” hardcore banatzailearekin (Richard gure lagunarena). Nil gurekin estreinatzen zen, nahiz eta nik oraindik abesti pare batean ahotsa sartu. Arazoak izan nituen eztarrian eta bera sartu zen taldean abeslari gisa. Hirukote izatetik laukote izatera pasa ginen. Egun arte mantendu dena.”

CD, Gorrotoaren Ahotsa (Esan Ozenki 93)

“Nil taldean ondo finkatuta zegoen eta laukote bezala grabatu genuen gure lehen lan luzea. Gure diskoetatik arrakasta gehien izan duena da. Gaur egun ere besteak baino gehiago saltzen da. Diskoa izatearekin komunikabideetan gehiago azaldu ginen eta agian garaiarengatik edo nork daki zergatik, jendearen arreta piztu zuen (gure neurri apalean, noski).”

CD, Erantzun (Esan Ozenki 95)

“Agian hau da nire diskorik kuttunena. Musikalki lan batetik bestera beti eboluzio bat bazegoen ere, nire ustez honetan erritmo ezberdin batzuk erabiltzen hasi ginen eta gure musika estiloa pertsonalagoa egin genuen. Lana “Kontraesanak” abestiak irekitzen du, nire ustez inoiz egin dugun abestirik onena. Eta hemen ere taldekide berri bat azaltzen da. Txarly arduratzen da baxua jotzeaz Daniren partez.”

CD, Gu (Esan Ozenki 97)

“Txarlyrekin berriro talde sendo bat ginela iritsi zen hirugarren diskoa. Honek ez zuen harrera berezirik izan, baina gure kontzertuetan ezinbestekoak bihurtuko ziren abestiak biltzen dira bertan. “Pentsatu”, “Eutanafrika”, “Justifika Zaitez”, ... Estilo aldetik esperimentatzen jarraitu genuen, “Erantzun” diskoan hasitako bideari jarraipen bat emanez.”

CD, Ultra-Komunikatzen (Esan Ozenki 00)

“Etenaldi nahiko luze bat egin genuen. Txarlyk taldea utzi zuen, eta garai kritiko bat pasa behar izan genuen. Baxu jotzaile bat behar genuela pentsatzen hasi ginen nork beteko zuen hutsunea eta bat-batean Nil berari bururatu zitzaion berak mikrofonoa utzi eta baxua jotzea. Orduan Atxantatu taldeko Iboni proposatu genion taldean sartzea. Ezagutzen genuen taldea kontzertu batetik, eta bagenekien gure estilokoak zirela. Batez ere ahotsa. Animatu zen eta zur eta lur utzi gintuen lehen entseguan, Nil bera zirudien! Krisialdi hartatik indarturik atera ginen, eta gure disko onenetako bat egin genuen.”

CD, Terapia (Bonberenea Ekintzak 06)

“Beste etenaldi eta krisialdia. Baina oraingoan luzeagoa. Bi urtez etengabe jotzen ibili eta gero, 2000. urtean atsedenaldi bat hartzen dugu, luzeagoa suertatzen dena. Nil da orain taldea uzten duena, eta taldearekin planteatu ondoren ea jarraitu nahi dugun, hiruron artean hasten gara pixkanaka lan berria prestatzen. Lehen grabaketa frogak 2005ean hasi ginen egiten aurten amaitu arte. Tarteka egindako lana izan da. Hiruron artean diskoa grabatu ondoren, Dani agertzen da eta lauon artean entseguak hasten ditugu zuzenerako. Nik uste dut disko berria egin dugun konpaktuena dela. Konpakt disk izena ondo datorkio.”

*Oharra: Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

 

Iñaki Esnaola (07/03/04)

« atzera