UNE
Zaharrak berri

Hautsa gehiegi harrotu gabe Une taldeak bere agerpena egin du euskal musikan. Hiru letra berri musikari ezagunak izendatzeko. Latzen eta Sen taldeetan bildutako esperientziaren ondoren Aitor Uriarteren talde berria da Une. Aipaturiko bi taldeekin harreman zuzenik ez duena, baina akaso bien artean kokatzen dena. Maketa bat kaleratu zuten, gehiegi zabaldu ez zena. Orain “Une Nare Eza” estreinako lanarekin emango dute ezagutzera taldea. Aitor Uriarte abeslari berberarekin izan ginen.

 
Horren azkar lehen lana kaleratzea pozgarria behar du izan ezta?
Bai, beti ere norberaren lana ezagutzera ematea gauza polita da. Diskoa urtarrilean grabatua dago, maketa grabatu genuen leku berean, Ondarroako Santos Records estudioetan. Hasiera batean, Oihukarekin data horietan kaleratu asmoz ibili ginen, hala ere gauza bategatik edo beste bategatik atzeratu egin da. Zain egon beharra izan dugu, baina taldean ere aldaketaren bat izan da eta guztioi ondo etorri zaigu. Oso pozik gaude.

Taldea berria izanik nahiz eta aurpegi ezagun bat izan, nola laburbildu liteke UNEren orain arteko bidaia?
UNE denborarekin forma hartzen joan den taldea da, jende ezberdina pasa da bertatik eta guztiek zerbait utzi dute. Hala ere, 2005 urte hasierarako, taldearen musika finkatu zela esan daiteke. Diskoan parte hartu dute eta taldekide izan dira Ruben (Apnea…), Jaime (Psychophony, Afrika, Urgabe…) eta hainbat talderentzat lanak eginda dagoen Gaizka (Sorkun, Etsaiak…).

Eta zeintzuk osatzen duzue taldea?
Nahiz eta taldearen ardatza bere horretan segi, Ruben-ek (gitarra) Bartzelonan soinu ikasketak egitea eta Jaimek (baxua) Madrilen abentura musikal berria burutzea erabaki zuten. Jaimeren ordez baxuan “Melows” (Bulldozer, Zurkaitz, PiLT-en ordezko gisa ibilia...) eta UNE laukote bilakatu zen. Rober Garzia (gitarra), Xabi Oraa de Zumarraga (bateria), Karmelo Aretxaga “Melows” (baxua) eta Aitor Uriarte (ahotsa).

Zer esan nahi du “Une Nare Eza” terminoak?
Guztia hain azkar doakigun gizarte honetan, askotan norberarentzako uneak ere beharrezkoak izan ohi dira. Ihesbideak musikarekin edo lagun artean aurkitu ohi ditugu eta horrela islatu nahi izan dugu taldearen izenean: UNE = Une Nare Eza (beste era batera esanda: momentu trankilen falta).

Bestalde, azken hilabeteetan grabatu dituzuen bi bideoklipekin taldea ezagun bilakatu duzue. Zer dela eta bideoklipei emandako garrantzia?
Horrela suertatu da. Apirilean “Bihozkadak” kantua aurkeztean Oihukako Juanmaren bitartez bideoklip bat grabatzeko aukera eskaini ziguten eta bi aldiz pentsatu gabe onartu genuen; diskoan joango den CD Rom ikusgarri bat ere egin dute. Hala ere, taldeak bideoklip bat genuen buruan eta abuztuan “Hemen” kantuaren bideoklipa grabatu dugu Bilboko Santana 27 aretoan jendearen aurrean, giro polita izan zen bertan.

Merkatuan agertzeko aukera Oihuka diskoetxe ezagunak eman dizue. Latzen taldearekin ere antzerako gauza bat gertatu zen. Nahiz eta zenbait ezberdintasun egon. Latzenek lortu zuen arrakasta lortzerik?
Bai, badirudi Oihukak Latzenekin asmatu zuela. Euskal Herriko rockaren mundua aldatu den arren, oraindik diskoetxeek xede berdina dutela pentsatzen dut. Nolanahi ere, Arrakasta guztiontzat ezberdina izan daiteke. Guretzat arrakasta kontzertu batean ondo egitea edota norberan diskoa entzutean arro sentitzean datza, baina normalean, azkenean, era batera edo bestera dena lotuta doa.

Lehenik Latzenekin egin zenuen aurrera. Ondoren taldea banandu eta Sen  taldea osatu zenuen. Aldaketa nabarmena. Orain iraganeko bi taldeen hibrido batean barneratu zarela esan daiteke. Nola ikusten duzu zuk?
Bai, ados nago. Latzen eta Sen-ek ez zuten inolako antzik eta biek betetzen ninduten. Hala ere, Sen-ekin, batzutan erregistro batzuk faltan botatzen nituen eta alde horretatik UNE-k ahotsarekin joku gehiago ematen dit. Behar bada, Sen pop-rock kontenitua zen eta UNE pop-rock askeagoa Metal puntu batekin. Gainera kontzertuetarako gitarra ere alde batera utzi dut eta askeago sentitzen naiz.

Metal doinuetatik pop rockera. Orain berriz ere doinu gogorretara. Tximak beti luzatzen dira ala?
Sen taldearen garaian ere barrenean Heavy bat nintzela esaten zidaten txantxetan eta behar bada horrela izango zen (barreak)

Diskoan barneratuz, zenbat abesti ditu eta zer aurki daiteke kantu horietan?
Hamaika kantu eta apur bat denetik. Kantuen denboratan ez dago aldaketa handirik, baina kantu suabeagoak eta gogorragoak aurki ditzakegu. Adibidez, orain aurkeztuko dugun bigarren aurrerapena “Hemen”, “Bihozkadak” lehenengo aurrerapenarekin alderatuz, gordinagoa da, kontzertuetan disfrutatzen diren horietakoa, kantu sakonagoak ere badira.

Zuk idatzi dituzu abestien hitzak. Zein mezu helarazi nahi izan duzu?
Normalean musika entzunez gairen bat etortzen zait burura, gehienetan momentuan bizi ditudan kezkak, ikuspuntuak… baina fikziozko pasarteak ere idazten ditut buruan.

Musikalki, aurrerago aipatu bezala rocka eta metalaren arteko zubian koka daiteke UNE. Azkenaldian dezente hedatu den musika da. Doinu sendoak eta paisaia zein ahots melodiakoak. Formula gustagarria?
Gustagarria ez dakit, baina niri gustatzen zait. Egia esan, ez dut horrelako musika asko jarraitu eta aspaldiko laguna dudan Xabi taldeko bateriaren bitartez musika hau gehiago ezagutu dut. Bizitzako edo eguneko momentu bakoitzean joera musikal jakin bat izan dezakegu, baina niri, ona bada edo iristen bazait, edozein musika gustatu ahal zait.

Abestiko kantuekin batera aipaturiko bi bideoklipak gehitu dituzue. Beti ere musika baina zerbait gehiago eskaintzearen alde?
Kontzertuetan bai, diskoan horrela suertatu da. Hala ere, euskarri berean taldeari buruz zenbat eta gehiago eman beti hobeto, ez? Diskoan, musikaz gain CD Rom bat joango da “Bihozkadak” bideokliparekin, taldearen argazkiak… “Hemen” bideoklipa beste gauza batzuekin batera UNEren web orrian aurkitu ahal izango da laster jadanik martxan den www.unekin.com helbidean.

Diskoa kaleratu ahala zeintzuk dira taldearen helburu nagusiak?
Taldearen musika zuzenean jendaurrean erakustea.

Aurrera begira ibilbideari segida emateko asmoa?
Unean UNE.

*Oharra: Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

 

Ińaki Esnaola (07/01/26)

« atzera