|
Pentsa kaletik zoazela. Bat batean geratu eta atzera begiratzen
duzu. Su Ta Garren ibilbidea duzu begi aurrean. Laburbildu
ikusten duzuna.
Nahiko gauza gutxi, zeren derrepente pasa da. Egia esan, bi
gauza ikusten ditut: gauza gutxi eta nire bizitza osoa.
Bestalde, ba atzera begiratu eta gaztetasuna ikusten duzu.
Berriz, aurrera begiratu eta ez duzu ezer ikusten, soilik
etorkizuna. Duela hamar urte, hogeita sei urte nituela, gauza
bera pentsatzen nuen. Azken batean, argi dago urteek denentzat
aurrera egiten dutela. Baita guretzat ere. Esaterako, ez da
berdina “Jaiotze Basatia”-n duzun adina, edo egun duzuna.
Finean, atzera begira ikusten dena lau edo bost lagunen bizitza
oso bat da, ziztu batean igaro dena. Soilik 18 bat urte, musika
munduan.
Bateriaren rol
aldakorraz gain, hasierako laurek (Borxa ahaztu gabe) jarraitzen
duzue. Zer moduz dago Su Ta Gar familia?
Inoiz baino
batuagoa. Gaztetxoa izanda hasten zarenean, harreman estuagoa
izaten duzu batzuekin, beste hainbatekin baino. Gainera,
hasieran helburuak beste batzuk izaten dira. Kontzertuak ematea,
punteatzen jakitea, dibertitzea. Urteekin xede horiek aldatuz
doaz, eta musika bizibide bilakatzen da, gustura joz,
konposatuz, ondo pasaz eta aurrera eginez. Eboluzio honekin,
puzzle osatu gabea, osatzen doa batuketa bat egin arte.
20. urteurrena
gertu...
Gutxi falta da. Gezurra dirudi, baina urtemuga bertan da.
Hurrengo diskoari begira, pentsatzen jartzen garenerako beteak
izango ditugu. Baina bai, hogei urte dagoeneko. Hala ere,
buruari eragiten hasita, horrenbeste denbora badaramagu, batek
baino gehiagok esango liguke, baina zenbat urte dituzue ba?
(barreak). Gu, hamazazpi urterekin hasi ginen, beraz ez dira
horrenbeste. Pentsa, hogei urterekin gure lehenengo diskoa
kalean genuen. Gerora, ziztu bizian ibili ginen, ia urtero disko
bat ateratzen. Gerora, apur bat lasaitu ginen baina,
zortzigarren diskoa kalean da.

Orain bai, estudioko zortzigarren diskoa kalean da. Nolakoa
izan da kume honen heziketa?
Egia esan, azkeneko hiru hilabeteak izan dira oso gogorrak.
Ordura arte, nahiko lasai ibili gara. Estudiora joaten nintzen,
eta atera nituen melodiak, ideiak erakusten nizkien beraiei.
Gainontzekoek, berdin. Konturatzerako, hamasei kantu on eginak
genituen. Gero hortik, zenbait baztertu egin ditugu eta berri
batzuk sartu, diskoa borobildu asmoz. Lanik nekagarriena, azken
hilabeteetan etorri da. Abestiak matizatzea, diskoetxe propioa
abian jartzea, management bulegoa, diskoaren diseinua, ...
Buruhausteak hamaika. Hori bai, estudioko kontuak amaitzean
arnasa sakon hartzeko astia izan genuen. Hala ere, denbora
gutxirako, hartu dugun bide berriak atsedenari leku gutxi
eskaintzen baitio.
”Jainko Hilen Uhartean”. Zer dela eta izenburu hau, zein da bere
mezua?
Goazen apurka. Uhartea izango litzake, mundua. Eta jainko hilak
izango lirateke, Bush eta konpainia. Hau da, mundua zuzentzen
dutenak. Abestiak berak dioen bezala, mezu honekin ezezagunekin,
herri xehearekin gehiago identifikatzen gara. Gertuago sentitzen
ditugu palestinarrak, buruzagiak baino. Bestalde, jainko izena
eman nahi izan diet, eurak adierazi nahi baitute jainkoak
direla. Eta azken batean, gaixotasun larrienarekin ere ezin
daitezke alderatu. Dena den, izenburu honek beste hainbat gauza
sujeritu ditzake, interpretazioaren ateak beti baitaude zabalik.
Bati baino gehiagori “Munstro Hilak” diskoaren izenburua
etorriko zaio burura. Bitxikeri hutsa?
Ez dugu bilatu. “Munstro Hilak” lanaren kasuan,
industrializazioan eman zen gainbeherarekin metafora bat egiten
saiatu ginen. Munstroak, garapen teknologikoaren eskutik zetozen
fabrikak ziren. Gizonen lana, ordezkatzen zuten makinak. Kasu
honetan, munstro hauek ez daude hilak. Jainko hilei dagokienez,
ustezko jainkoak dira, inoren ordezkari.
Beste behin ere, grabaketak “etxean” edo Berrizko Lorentzo
Records estudioetan burutu dituzue. Aitor Ariño puzzlearen zati
bilakatu al da?
Aspalditik. Berak egindako lana oso garrantzitsua da. Gainera,
disko berrirako inoiz baino lan gehiago egin du. Aurreko
grabaketetan, gehiago egon gara gainean, baina diskoetxe berria
eta beste hainbat gauza direla eta aukera gutxiago izan dugu.
Honela, lan gehiago laga diogu Ariñori. Gerora, azken ukituak
ematerakoan taldekide guztiak egon gara. Hori bai, disko honekin
izan dena da, guk grabatu egin dugu eta gainontzekoa berak egin
du. Estudioari dagokionez, besteren batean graba genezake, baina
Lorentzo berezia da.
Gustura emaitzarekin?
Oso pozik
gaude. Baina ez dezala pentsa jendeak, diskoa defendatu behar
dugula eta horregatik ematen dugula betiko erantzuna. Oraingoan
ere, zinez esan dezaket lana txukun geratu dela. Nire gusturako,
noski.
Diskoan barneratuz, zer aurkituko dugu bertan?
Denetik. Kantu batzuk gogorragoak dira, beste batzuk
lasaixeagoak. Ahotsaren aldetik, erregistro ezberdinak daude.
Bestalde, Su Ta Gar taldean beti saiatu izan gara abesti
bakoitzari nortasun bat ematen. Hori bai, diskoa oso metaleroa
da.
Zuen nortasuna diskotik diskora zehazten joan zarete. Oraingoan
zein urrats berri eman duzue?
Zuzenerako gustagarriak izatera.
Txori tximaluze batek, soinu astunagoa eta sakonagoa lortu
duzuela esan digu.
(Barreak). Hasi
ginenetik, metal musikaren barnean bueltaka ibili gara.
Lehenengo diskoetan, heavy klasikoa jorratu genuen. Hirugarren
diskoari begira, Pantera taldearen soinua hartu genuen. Ondoren,
Borxarena pasa zen eta sentimenduz beteriko disko bat atera
genuen. Ordutik, doinua gogortzen joan gara. Batzuetan ukitu
heavyarekin, bestetan izaera punkiarekin. Azken diskoan, soinu
astunagoa lortu dugu, baina aurreko lanean gertatzen zen bezala,
abesti klasikoak ere badaude. Finean, sustrai heavyari
modernotasun kutsua erantsi nahi diogu.
Mezuak, pentsamenduak, ... hitzak, garrantzitsuak izan dira
beti. Disko berrian zeintzuk arduratu dira lan honetaz eta zein
gai jorratu dituzue.
Letren aldetik, Iker
Rokandiok pare bat egin ditu, Borxa Arrillagak ere beste bi eta
gainontzekoak nik egin ditut. Gaiei dagokionez, politika,
munduaren egoera, maitasuna eta paranoiaren bat izan dugu
mintzagai.
Hamaika abestiez
gain, “Itxaropen Hitza” abestiaren bideoklipa sartu duzue.
Gainera, zuzendari lanak Juanma Bajo Ulloa arabarrak burutu
ditu. Nondik sortu zen guztia?
Disko berriaren
aitzakiaz, pentsatu genuen bideoklip bat sartzea ondo egongo
litzakeela. Baina zeini komentatu? Lehenbizi, Iker Trebiñori
komentatzea erabaki genuen, besteak beste “Bizitzaren Borroka”
bideoa berarekin grabatu baikenuen. Gerora, pentsatzen jarri eta
gorago begiratzea pentsatu genuen. Honela, Juanmaren izena atera
zen, “Airbag” zaleren bat edo beste baitago taldean. Berarekin
harremanetan jartzen saiatu ginen. Zenbait saiakera egin, bere
kontaktua lortu eta mezu bat bidali genion e-posta bidez.
Hasieran, interes askorik ez bazuen ere, pixkanaka gugana
hurbiltzen hasi eta gure asmoarekin bat egin zuen. Oso tipo
majoa. Aurrekontuarena, beste arazo bat izan zen. Zine mundua,
beste esparru bat baita. Hala ere, adostu ginen. Bestalde,
bideoa Gasteizen grabatu genuen egun gutxitan, diskoaren
edizioan sartzeko.
Jauzi bat eginez,
Euskal Herriko zigilu gehienekin izan duzue harremana. Alabaina,
disko berriarekin batera Jo Ta Ke Ekoizpenak izeneko diskoetxe
propioa sortu duzue. Zer dela eta?
Aspaldi genuen ideia
bat da. Hala ere, gure ekoizpenen kontrola izateko sortu dugu
zigilu berri hau. Bestalde, diskoetxeekin beti ibiltzen zara
borrokan kontratu duin bat lortzeko, eta ezin duzu beti egiten
duzuna oso osorik kontrolatu. Guk ez dugu inolako arazorik izan
diskoetxeekin, baina gure lanen kontrola izan nahi dugu, eta
horra hor Jo Ta Ke Ekoizpenak.
Emanaldietara pasatuz, 18 urte daramatzazue kontzertuak
eskaintzen. Disko berriarekin, biraren bat egiteko asmorik
duzue?
Bira ez, baina kontzertuak lotzen gabiltza. Azken batean, honako
kontzertu hauek ditugu udara begira:
Azkenik, zeintzuk dira zuen
asmoak aurrera begira? DVD-goxokirik egongo al da?
Baliteke horrelako zerbait egotea. Hala ere, ez da batere
ziurra. Gainontzean, taldearen asmo nagusia disko berria
defendatzea da. Baita kontzertuak eman eta jendeari ondo
pasaraztea.
*Oharra:
Entzun!
aldizkarian argitaratutako
elkarrizketa.
|