|
Azpimarratzeko modukoa da
Natxo Liberty ekoizlearekin lortu duzuen soinu garbi eta
indartsua. Zer nolakoa izan da harremana? Asebeteta
gelditu zarete azken emaitzarekin?
Egia esan oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Natxo
Liberty-rekin ekainean hasi ginen lanean, bizpahiru aldiz
bisitatu gintuen lokalean eta estudioan sartu aurretik
aldaketatxo batzuk egin genituen abestietan. Disko honetara arte
ez dugu hain presente izan ekoizlearen kontzeptua. Eta oso
garrantzitsua da. Lamińa estudioetan sartzeak bazuen arrisku
puntu bat, izan ere, Natxok ordura arte ez zuen rock edo blues
talderik grabatu (2 urte besterik ez ditu estudioak) baina
bertan grabatutako lanek konbentzitu egin gintuzten. Eta bete-betean
asmatu genuen. Emaitzarekin oso gustura gaude.
2000.urtean
kaleratutako “Arima Beltza” EP hartatik, egungo “Mundurako
ateak” diskora, taldearen doinuek jasan duten bilakaera
nabarmena izan da; rock kutsua gero eta handiagoa delarik. Nola
ikusten duzue taldearen barnetik aipatu eboluzioa?
Nik uste eboluzio naturala
izan dela. Aitor eta biok taldea sortu genuenean garbi genuen
blues talde bat osatu nahi genuela. Baina gurekin elkartu ziren
musikariak ez zetozen blues estilotik, heavy eta rocketik baizik.
Beraz, lehen disko hura blueseroa irten bazen ere, denborarekin
rockerantz jo dugu. Halere, nik adibidez beti entzun izan ditut
60ko eta 70eko rock taldeak (Led Zeppelin, Deep Purple, Bad
Company, Lynyrd Skynyrd...). Beraz, eboluzioaren arrazoia ez da
taldekideen eragina bakarrik izan. Dena dela, uste dut beti
blues talde zurien bidea jarraitu dugula, alegia, blues&rockaren
bidea. Gaur egun rock eta hard rock estiloak uztartzen ditugu
bluesarekin. Eta oso gustura gaude lortu dugun nahasketa
indartsu horrekin.
Hirugarren
lan bat kalean eta kilometro dezente errepidean, Arima Beltza Mundurako
ateak parez pare zabalik dituen taldea dela esan dezakegu?
Bere bidea aurkitu duen talde heldua da jada?
Nik uste dut gure soinua eta
estiloa lortu dugula. “Blues sustraia”-rekin ez ginen guztiz
asetu, azken disko honek duen indarra eta ekoizpena bota
genituen faltan bigarren lanean. Horrez gain, kantak
borobilagoak direla uste dugu, leloak garbiagoak dira, riffak
zehatzagoak eta indartsuagoak...
Hasiera
hasieratik blues-rocka lantzea izan zenuten helburu. Are
gehiago, euskaraz mintzatuko ziren blues doinuak. Betidanik argi
izan duzuen erabakia izan da?
Bai, bagenekien oso arraroa
egingo zitzaiola jendeari bluesa euskaraz entzutea. Aurrekariak
bazeuden Euskal Herrian, Lau Behi eta Niko Etxart-en Hapa-Hapa
kasu, baina halere jendearen belarriak ohituraz ingelesa
eskatzen zuen estilo hau entzutean. Gure ama hizkuntza euskara
izanik hori izan zen gure hautua eta uste dut blues&rock
sinesgarria egitea lortu dugula urte hauetan guztietan. Are
gehiago, orain egungo gazteei ez dut uste hain arraroa egingo
zaienik.
Orain
dela ez asko, Trini gitarra jotzaileak talde utzi eta Patxi
sartu zen bere ordez. Halaber, Elur bateria jotzaile gaztea ere
taldeko partaide izatera pasa da. Zer suposatu dute aldaketa
hauek taldearen barnean?
“Blues
Sustraia” argitaratu genuenean emanaldietan nik bateria utzi
eta abeslari lanetan zentratzea erabaki genuen. Ni bateria eta
ahotsean izatea berezitasun bat zen taldearentzat, ezohikoa
baita bateria izatea ahots nagusia. Bestalde, zuzenekoa hotz
samar geratzen zen gure gusturako. Horrela sartu zen Elur
baterian, oso gaztea izan arren ongi egokitu zen estilora eta
formula berriarekin emanaldiek asko irabazi zuten. Trinik, aldiz,
joan zen maiatzean erabaki zuen taldea uztea. Bere ordez beste
herrikide eta lagun zahar bat sartu zen, Patxi. Batez ere heavy
taldeetan ibilitakoa da bera, baina Beatles edo Rolling Stones-en
kantak edozein momentutan jotzera eta abestera animatzen den
horietakoa, oso gitarra jotzaile bersatila. Karisma handikoa da
gainera eta zuzenekoei beste freskotasun bat eman die.
Atentzioa
eman digu bereziki “Bizitzaren trapezista” kantuak. Disko
berriko abestien artean beharbada hard-heavyaren esparruan
gehien barneratzen den kantua. Zer konta diezagukezue abesti
honen musika eta hitzen gainean?
Bai, diskoko kantarik heavy-ena
da dudarik gabe. Kantua Trinik lokalean jo zuen riff batetik
sortu zen, taldekideoi gustatu eta kanta osatzen hasi ginen.
Abesti honetan, adibidez, kantatzeko melodia aldatu egin genuen
estudioan bertan. Ordurako estiloa entzunegia zegoela-eta beste
joera bat eman nahi izan genion eta egia esan estrofa oso AOR
estilokoa gelditu zitzaigun. Hitzak Elur-ek idatzi zituen, bizitzaren oreka bilatzearen
inguruko kanta da, beti aurrera egiteko animatzen duen kanta.
Jakin badakigu, hamaika blues-rock eraginen artean
heavy metalarentzat ere tartetxo bat badagoela. Zein talde
dituzue gustuko?
Musika estilo asko entzuten ditugu,
rock klasikoa, jazz-a, funky-a, fusioa... baina baita heavya
ere. Batez ere Ińigo eta Patxik. Aitor da heavy gutxien
entzuten duena, ia ezer ez. Iron Maiden da ziurrenik
amankomunean dugun heavy talde gustukoa. Judas Priest, Manowar,
Nevermore eta Iced Earth bezalako taldeak oso gustuko dituzte Ińigok
eta Patxik. Nik agian nahiago ditut Black Sabbath eta Dio
bezalako klasikoak, azkenaldian Jeff Scott Soto kantariak
harritu nau.
Eta
Euskal Herri mailan? Jarraitu
izan duzue inoiz metal talderik?
Nik uste gehienok Su Ta Gar
jarraitzaileak izan garela.
Euskal
Herrian blues-rocka ez da oihartzun handia duen korrontea.
Aitzitik, gazteriaren artean punk-rocka eta heavy metala izan
ohi dira estilo jarraituenak. Edozelan ere, ze publiko mota
hurbiltzen da zuen emanaldietara?
Bai, egia da. Behin Dio-ren
kontzertu batean ea hurrengo lana noiz argitaratuko genuen
galdetu zigun zale batek. Disko berri honekin gazte jende
gehiago hurbiltzen dela uste dut, lehen agian 30 urte inguru
izaten zuen gure kontzertuetara hurbiltzen zenak. Askoz
nagusiagoak ere ikusi izan ditut, rockero zaharrak. Normala da,
lehen rock&blues afizio gehiago zegoen. Dena den, oso
gaztetxoak ere ikusi izan ditugu kontzertuetan, kantak ondo
jakinda gainera. Beraz, nik uste dut gure publikoa oso oso
zabala dela.
Demagun
une batez hainbeste miresten dituzuen bluesmen
batekin abesteko aukera helarazten zaizuela. Zein ahots hilezkor
aukeratuko luke Arima Beltzak beraien abestietako batean parte
har zezan?
Niri beti Sonny Boy
Williamson gustatu izan zait, bai harmonika jole eta bai
abeslari bezala. Rory Gallagher handia ere gure kanta batean
entzutea izugarria izango zen. Zoritxarrez aspaldi hil ziren
biak. Gaur egun Gov´t Mule taldea dugu oso gustuko, Warren
Haynes-en ahotsa sakona eta feeling handikoa da. Larry McCray
gitarjolea ere asko gustatzen zaigu, duela urte batzuk Bilbon
berarekin jotzeko aukera izan genuen eta ilusio handia egingo
zigun gure lan batean parte hartzeak.
Baliteke gure irakurleen artean Arima Beltza
taldearen doinuak ezagutzeko beta izan ez duenik egotea. Nola
salduko zeniokete zuen burua horrelako pertsona bati? Zer
eskaintzen du Arima Beltzak taula gainean?
Taula gainean energia handia dugu,
zuzeneko indartsua dugula uste dut. Horrez gain, rock, hard rock
eta blues uztartze berezi bat entzuteko aukera izango lukeela
esango nioke. Gainera, bertsioak egitea asko gustatzen zaigunez
aspaldiko partez talde mitiko bat edo besteren moldaketak
zuzenean entzuteko aukera izango luke. Ez da plan txarra, ez?
Nola
aurkezten zaizue 2006.urtea kontzertuei begira? Lan berria Euskal Herritik kanpo aurkezteko parada izango
duzue?
Otsailean Zizurkil-eko Blues
Jaialdian parte hartuko dugu Red House eta beste hainbat
talderekin. Eta matxoan Kafe Antzokietan jotzen hasiko gara. Keu
gitarjole ondarrutarraren azken diskoan bateria gisa aritu naiz
eta beraz Kafe Antzokiak eta beste zenbait kontzertu elkarrekin
egingo ditugu. Kanpoan datarik zehaztu ez badugu ere, momentuz
asmoa Madrilen pare bat kontzertu eskaintzea da.
Arima Beltzaren hurrengo kontzertuen berri jakiteko edo
taldearen gaineko informazio gehiagorako: www.arimabeltza.com
|