IDI BIHOTZ
Taupada biziz

Hamargarren urteurrena betetzear da Idi Bihotz taldea. Hala ere, azken hiru urteak beste zeregin batzuetan eman dituzte. Geldirik ez ordea. Orain, itzultzeko garaia zela ikusi eta “Odola Sutan” izeneko bosgarren lana aurkezten digute. Bizkaitarren diskorik bortitz eta zuzenena. Lan berria ez ezik, taldekide berria ere badute: Adrian “Pekkory” gitarra jolea. Laukote izatetik boskote izatera. Berrikuntza guzti hauen inguruan hitz egiteko, Mikel abeslariarekin elkartu ginen.


“Odola Sutan” jarri ostean, bosgarren pausua eman duzue. Nola deskribatuko zenuke lan berria?

Idi Bihotzen disko zuzen eta kañeroena da. Aurrekoekin alderatuta, freskoa dela uste dut, baina gure ukitua galdu barik. Egia esan, asko disfrutatu dugu bai grabatzen nola konposatzen. Ez diogu gure buruari presionatu, kantak atera egin zaizkigu. Azken honi, garrantzia ematen diot.

Zer adierazi nahi izan duzue izenburuarekin?  

Hiru urtez isilik egon eta gero, kontatzeko gauza asko geneuzkan. Zaila da azken urte hauetan sentitu dugun guztia 10 kantetan adieraztea. Pesimista baino, amorruz egindako lana da. Oso irekia baina intentsua. Honez gain, zurrumurru asko egon dira esanez taldea banatu egin zela Flyin´Freak sortzearekin. Baina ez da horrela, odola sutan daukagu eta hemen gaude berriz ere.

“Amaigabe Berria” aurreko lanarekin alderatuta, riff indartsu eta doinu gogorragoak bildu dituzue oraingo honetan. Hirugarren diskoaren jarraipena ote?

Bai, “Negarraren Amorrua” zen gure diskorik onena guretzako, bertan elkartu baitziren sentimendu asko eta ia 300 kontzertuetako esperientzia. Askoz hobeto ezagutzen genuen elkar musikalki, eta bagenekien egin genezakeela. Laugarrenarekin ordea, urte bete pasatuta bakarrik aurreko lanetik, agian behartuagoa izan zen. Bosgarren lan hau askoz konpaktuagoa da zentzu guztietan.

Letrei dagokienez, metaforei ez diozue uko egin baina gertuko gaiak jorratu dituzue. Hitzen egilea izanik, zer duzu esateko.

Egia esan, konpromiso latza izan da niretzako. Badauzkagu, kanta zahar batzuk orain ez dakizkidala buruz oso zaliak direlako. Letra aldetik oso onak dira nire gusturako, baina zailegiak. Disko berriko abestiak ostera, zuzenagoak dira, errazagoak bai ikasteko nola ulertzeko. Ez diot uko egin metaforei baina beste ukitu bat hartu dute kantek. Gerra, politika, habemus papa ritual, erregea, emakumeen kontrako indarkeria, txiki eta gazte baten ametsak, euskal senideen egoera, medioen manipulazioa, askatasuna, Euskal Herria, zelan sentitzen garen kanpoan gaudenean...

Abestiekin itzuliaz, bonbo bikoitzez jantzitako melodiez gain balada eder bat sartu duzue lan berrian, apur bat apurtzailea dena. Orain arte Idi Bihotzek erabili gabeko orkestazioaren agerpena ematen da bertan. Nola sortu zen ideia? Maite Itoiz eta John Kellyk zer nolako papera jokatzen dute?

Gure asmoa balada ezberdin bat egitea zen. Hasieran gitarra akustikoa eta ahotsa bakarrik grabatu genituen. Maiteri komentatu genion egin nahi genuena eta berak bere burua eskaini zigun moldaketa batzuk egiteko. John bere senarrak ere lagunduko gintuela esan zigun. Bere estudiora joan ginen eta bertan grabatu genuen. Hurrengo egunean honako sms hau bidali zidan: "espero que te guste la banda sonora de gladiator, tu balada va por ahi". Sinisten ez duenak, entzun dezala (barreak).

Musikalki, non koka genezake egun Idi Bihotz taldea? Estribilo melodikoak mantendu arren, oinarria guztiz sendotu duzue. Melodia eta kañaren arteko lana dela esan genezake?

Etiketa bat jartzekotan, thrash txapel power metal esango nuke. Azaldu behar baldin, galderan esandakoarekin nahikoa (barreak).

Bestalde, taldekide berriaren inguruan zerbait esan beharko dugu. Gitarra jotzaile gisa izendatu eta bere lehenengo diskoa da Idi Bihotz familiarekin. Aurkeztu apur bat bere burua eta zer dela eta ausartu den taldean sartzera?

Adrian “Pekkory” da bere izena eta duela bi urte inguru sartu zen taldean. Behin futbolean ari nintzela, eskua apurtu nuen kontzertu asko ematen ari ginen garaian. Hau ikusita, ordezko baten bila hasi ginen, nire ordez gitarra jo zezan.  Hasieran, 4 hilabeterako hartu genuen Adrian, baina konturatu ginen taldeak asko irabazten zuela berarekin. Gitarrak sendoago eta ahotsa aske. Dena den, Pekkory ez da berria mundu honetan. Aurretik, Insidia (Albarorekin batera) eta Luther taldeetan ibili zen. Musikalki, bere estilo eta nortasuna dauka. Gogoan dut,  lehendabiziko kontzertuetan ikaragarrizko mozkorrak hartzen zituela. Egun, dena ematen du eszenatokian, baina ura edanez soilik (barreak).

Beste behin ere, grabaketak Donostiako Elkar estudioan burutu dituzue. Zer moduz Haritz, Cesar eta Jean teknikariekin?

Elkar estudioa izugarria da, handia eta profesionala. Jean Phocas eta Cesar Ibarretxe, bertako teknikariek, oso ondo ezagutzen dute beraien estudioa. Bi elementu hauei Haritz Harreguyren lana batuz gero emaitza “Odola Sutan” da. Aurten oso azkar grabatu eta nahastu dugu. Egia esan, zorte handia daukagu estudioa berez gure diskoetxearena delako. Honela, sobera ezagutzen dugu estudioa, gure lan gehienak bertan grabatu ditugulako.

Bestalde, CD-ROM atal bat gaineratu duzue oraingoan ere, baina landuagoa. Diseinu erakargarri bati esker letrak, argazkiak, bideoklipa eta studio reporta ikus daitezke bertan. Zer dela eta gehigarri hau?

Gaur egun, CD-Rom pista bat ez sartzea disko bat hankamotz uztea da. Hau da, egun Internet eta ordenagailuen aroan bizi gara eta diskoan lekurik bada zergatik ez eskaini zertxobait gehiago. Gainera egin genuen bideo klipa oso leku gutxitan ikus daiteke. Studio reporta eta argazkiak xelebreak dira. Lana Posenplayk egin du. Raul eta Richardek lan bikaina egin dute. Gainera, orain arte kaleratu diren kritika guztietan CD-Rom-arena aipatu dute.

Zuzenekoei dagokienez, Idi Bihotz taldekoek beti zaindu izan dituzue zuen kontzertuak. Honen haritik, aurkezpen biraren bat egiteko asmoa duzuela jakin dugu.

Gure asmoa bira antzerako bat egitea da. Honela, hurrengo asteetan Gasteiz, Iruña, Valentzia, Castellon, Madril, Ibarra, Legazpi, Donostia eta beste hainbat lekutan izango gara.  Errepertorio luze bat dugu eskaintzeko. Zaila izan da set lista aukeratzea, baino tira. Eszenografiari dagokionez, argi eta teloi batzuk erabiliko ditugu piroteknia alde batera utzita.

Amaitu aurrez, galdera hau egin gabe ezin utzi. Aurrera begira zer ikusten duzue posibleago, Flyin’Freak taldearen bigarrena edo Idi Bihotzen seigarrena?

Eta biak batera ez al da posible? Flyin’Freak taldearekin hasiak gara kanta berriak egiten. Musikalki, ezberdina da eta ondorioz txipa aldatu behar dugu. Ea zer ateratzen den. Idi Bihotzekin, berriz, gogoratzea 10 urte beteko ditugula eta zerbait berezia egin nahiko genuke. Zuzeneko bat edo DVD bat. Nork daki. Dena den, ziur zerbait egingo dugula.

*Oharra: Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Iñaki Esnaola (06/02/20)

« atzera