HOPELESSNESS
Ilusio malkoak

Zumarraga eta Urretxu bitarteko boskoteak, muturreko metala eta melodia nahastu du estreinako diskoan.

Amore emateko betarik gabe, Hopelessness taldeak “Broken Tears In Solitude” izeneko lehen lan korapilatsua kaleratu du. Musikalki eskaintzen duten proposamena nahasketa interesgarri bat izan arren, are nahasiagoa izan da beren diskoetxearekin izan duten harremana. Hala ere, gipuzkoarrek argi dute euren lehen lanak izan duena baino hedapen zabalagoa merezi duela. Hontaz eta hartaz gehiago jakiteko, Igor abeslariarekin izan ginen.


Aurkezpen gisa, zein izan da Hopelessness taldearen historia egun arte eta zeintzuk osatzen duzue?

Hopelessness bezala duela 5 bat urte hasi ginen. Hain zuzen ere, Ihes-Indar taldea desegin ondotik, taldekide ohiek talde berri bat sortzea erabaki zutenean. Gerora, Unholy Pain izeneko taldeak bide bera hartu eta bertan ibilitako bi taldekidek, tartean ni, Hopelessness taldean sartzeko aukera izan genuen. Zenbait aldaketen ostean, azken gitarra jotzaile batekin egungo taldea osatu genuen. Musikalki, aipaturiko bi taldeen nahasketa eman zela esan daiteke, honela, death metal melodikoaren aldeko apustua eginez. Azken batean, bost musikarik osatzen dugu Hopelessness taldea:  Igor (ahotsa), Patxi (gitarra), Borja (gitarra), Jon (baxua) eta Txemi (bateria).

Orain arteko ibilbidean, elkarrizketaren mintzagai nagusi den lehen diskoaz gain, “Paradise Of Sin” izeneko maketa aurki genezake.

Orokorrean, taldeok maketa bat izan ohi dugu gutxienez lehen lanaren aurrekari gisa. Kasu honetan, “Paradise Of Sin” da gurea. 2003ko urri eta azaro bitartean grabatu genuen ordenagailu baten laguntzaz eta soinu itzela lortu ez bagenuen ere entzun daiteke. Death metal melodikoaren baitan koka daitezken bost abesti biltzen ditu.

Zenbat kopia saldu zenituzten eta zein izan zen balantze orokorra?

300 kopia atera eta epe laburrean denak saldu genituen. Ondorioz, balantzea ezin hobea izan zela esan daiteke. Gainera, kritika nahiko onak izan zituen.

Denbora apur bat igaro ondotik, zigilu txiki eta independente bat zuengan interesatu zen. Imperial Darkness Records diskoetxeaz ari gara. Nolatan sortu zen kontaktua?

Kontaktua modu sinplean sortu zen. Lanzaroteko pertsona bat ezagutzen nuen banatzaile txiki bat zuena. Hauetako egun batean esan zidan bere zigilua jarri nahi zuela martxan. Baina soilik, underground mailan. Hau ikusita, gure maketa bidali nion eta gure lehenengo diskoa editatzeko prest agertu zen.

Gauzak honela, aurten “Broken Tears In Solitude” estreinako diskoa kaleratu duzue. Bertan, death metal doinuak pasarte melodikoekin uztartu dituzue. Finean, zer transmititu nahi izan duzue lan honekin?

Diskoak dituen hamar kantuetan, tristura, melankolia eta ezkortasuna amorruarekin batera osatzen saiatu gara. Kantuen hitzek, gai ilun eta ezkorrak barnebiltzen dituzte: gizakiaren beldur eta atsekabeak, heriotza etab. Dena den, abestiek ez dute mezu zuzenik, bakoitzak nahi bezala interpreta ditzala.

Grabaketari dagokionez,  Idiazabalgo Sound Source estudioa hautatu zenuten. Arkaitz Carrasco (Continuo Renacer) musikari eta teknikariarena dena. Zer bilatzen zenuten bertan eta zer aurkitu duzue?

Soinu profesionala bilatzen genuen, gure musika kalitate onean entzuteko gogoa genuelako. Hasiera batean, gure asmoa hainbat grabazio estudio bisitatzea zen. Baina Arkaitzengana joan eta bertan ekoiztutako hainbat grabazio jarri zizkigunean konturatu ginen bertan grabatu behar genuela diskoa. Egia esan, Sound Sourcek eskaintzen duen soinua paregabea da.

Gainera, Arkaitz bera arduratu da lanaren ekoizpenaz. Ondo konpondu al zarete?

Primeran. Musikari eta ekoizle bikaina da eta oso ondo moldatu gara berarekin. Honez gain, berarekin izandako tratua ezin hobea izan da eta esan daiteke lagun on bat egin dugula.

Gustura lortutako emaitzarekin?

Oso. Lortu dugun soinua hamarrekoa da eta sinisten ez duenak entzutea besterik ez du. Dena den, izerdiz bustitako emaitza izan da bi hilabetez lana erruz egin genuelako. Pentsa, denbora librea genuenetan soilik joaten ginen estudiora bakoitza bere lanpostu propioa duelako. Hala ere, merezi izan du.

Imperial Darkness zigiluarekin itzuliaz, berriki beraiekin harremana etetea erabaki duzuela jakin dugu. Zer dela eta?

Ez dute hitzartutakoa bete. Lehen lanaren kopiak ez zituzten banatu eta gainera diru asko zor ziguten. Kontuak kontu, erlazioa moztea erabaki genuen adarra jo digutelako. Iruzur itzela jasan dugu. Egun ez dugu inolako erlaziorik “pertsonaia” hauekin.

Egoera zail honen aurrean, diskoetxe bila ibiliko zarete...

Halaxe da. Momentu honetan, gure lehen lana “hobeto” ezagutaraziko duen zigilu baten bila gabiltza. Gure estiloko 120 bat diskoetxe internazional aukeratu ditugu eta bakoitzera gure lehen lanaren kopiak bidaltzen hasiak gara.

Eta orain arte, zer aurreratu duzue?

Azken egunetan, Frantziako zigilu batekin jarri gara harremanetan. Diskoa bidali bezain pronto, euren interesa jakinarazi ziguten eta dena ondo joanez gero baliteke “Broken Tears In Solitude” diskoak oihartzun zabalagoa izatea. Izan ere, diskoetxe honek gure musika Europa, Japon eta Ameriketara hedatuko luke. Hortaz, aukera ez da batere txarra.

Oztopoei nolabaiteko irtenbidea emateko, zer egin behar du jendeak zuen diskoa eskuratu ahal izateko?

Donostian, Donosti Rock eta Musica Autonoma dendetan erosi daiteke. Bestela, gure web orriaren (www.hopelessness.net) bitartez eskura daiteke. Horretarako, mezu bat bidali gure e-postara eta gura duenarekin harremanetan jarriko gara. Helbidea honako hau da: info@hopelessness.net.

*Oharra: Dvorame gehigarrian argitaratutako elkarrizketa

Iñaki Esnaola (06/01/24)

« atzera