AZKEN GARRASIA
Euskal heavya bizirik

Donostia ez da sekula heavy metalaren gotorleku izan. Dena dela, ‘Donosti Sound’ delakoaren hiriburuak doinu metalikoak ere baditu. Horien artean Azken Garrasia taldea koka genezake. Boskoteak zazpi urte behar izan ditu “Sorgin Zorrotz” izeneko lana kaleratzeko. Bidean hainbat aldaketa eta egoera ezegonkor jasan ditu taldeak. Baina oztopoei aurre eginez, 2000. urtean atera zuten maketa bikainari jarraipena ematea erdietsi dute. Taldearen nondik norakoetaz hitz egiteko Imanol gitarra jotzailearekin izan ginen.


Sarrera gisa, laburbildu ezazue Azken Garrasiaren ibilbidea.

1998. urte bukaeran elkartu ginen lehenengo aldiz Jon gitarrista eta ni (Imanol). Pixkanaka taldea osatu genuen eta 2000. urteko apirilean kaleratu genuen gure maketa CD formatuan. Urte hori eta hurrengoa oso ederrak izan ziren guretzat. Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritako festetan jotzeko aukera izan genuen. Kontzertu asko eskaini genituen eta taldea martxa onean zihoan, baina gero egoera aldatu egin zen. Taldekide batzuk kanpora joan ziren eta denbora asko (bi urte) galdu genuen berriz ere taldea osatu arte. Zailena bateria berria topatzea izan zen. Nik jotzen jarraitzeko esperantza ere galdu nuen, baina azkenean lortu dugu aurrera egitea.

“Sorgin Zorrotz” zuen lehen diskoaren izenburua izateaz gain, urte askoren lana dela esan genezake?

Urte asko kostatu zaigu diskoa kaleratzea, hori egia da; baina kantak osatzen joatea ez da lan gogorra izan. Zailena taldekide berriak topatu eta egoera egonkor bat lortzea izan da zalantzarik gabe.

Kontuan izanda talde askoren ametsa disko bat kaleratzea dela, lehen pausu honek indarra eman al dizue?

Guk ilusio handiz egin dugu lana, eta oraintxe egoera itxaropentsua da guretzat. Garbi dago taldeak aurrera egiteko bultzada garrantzitsua dela diskoa grabatzea; baina bestalde, zigilu txiki bat da diskoa kaleratu duena. Oso baliabide gutxi ditugu taldea ezagutarazteko eta horrela begiratuta, eszeptikoki ikusten dugu dena.

Egia esan, bost urte igaro dira zuen maketa bakarra kaleratu zenutenetik. Epe luzea eta aldaketaz josia. Zein berrikuntza antzemango ditugu lan berrian?

Bi gitarristak gara maketako garaitik jarraitzen dugun bakarrak. Musikari begiratuta kantak landuagoak direla uste dugu, gustu gehiagorekin eginak. Taldekide bakoitza bere instrumentua geroz eta hobeto jotzen saiatzen da, eta alde horretatik begiratuta ere aurrera goazela uste dugu. Ahotsari erreparatuta aldea nabarmena da, maketan ez baitzegoen koro bakar bat ere. Hitzak egiterako orduan ere maketan baino gehiago eragin diogu buruari. Formari begiratzen badiogu batzuk ipuin moduan daude kontatuta, beste batzuetan norbaiten larruan jartzen gara pentsatzen duguna adierazteko... Agian, batzutan gehiago asmatu dugu eta beste batzuetan gutxiago, baina letra bakoitzak bere mezua du. Letra batzuekin, irakurri eta gero bakoitzak bere hausnarketa egitea da nire intentzioa.

Denera hamar abesti bildu dituzue. Horietatik hiru ordea instrumentalak dira. Zer dela eta?

Niri ez zait iruditzen hiru kanta instrumental gehiegi direnik. Batzuetan musikak ahotsa behar duela iruditzen zait eta beste batzuetan ez. Dena dela ez da aurrez pentsatutako zerbait. Horrela suertatu da.

Lanaren izenburu eta azalari erreparatuz gero, abestietan Euskal mitologia gaiak jorratu dituzuela ondoriozta daiteke.

Sorgin zorrotz kantan ageri dira mitologiari erreferentzia batzuk baina besteetan ez dut uste. Gertatzen dena da kanta horrek ematen diola izenburua diskoari eta portadan agertzen denak kanta horrekin du zerikusia gehien bat. Akelarre bat izan zitekeenaren gure irudia ageri da bertan, guri gustatuko litzaigukeen bezala, nahiz eta ez dakigun nola ziren edo ba ote ziren ere.

Zein abesti azpimarratuko zenukete eta zergatik?

Ezinezkoa egiten zait guztien artean bat aukeratzea, batzuk nahiko desberdinak dira elkarren artean eta ez nuke jakingo esaten. Azken finean guztiak dira nire kuttunak. Hala ere onartu behar dut Ilgora bukatu eta gero gitarra klasikoarekin jota dagoen hori bereziki estimatzen dudala. Gainera hasieran ez geunden guztiok ados kanta hori diskoan sartzearekin, eta, nireak eta bi kostatu zitzaidan taldekideren batzuen baiezkoa lortzea. Hala ere orain oso gustura gaude denok kanta horrekin.

Musikari dagokionez, euskarazko heavy metalaren proposamen eguneratua jorratzen duzue. Hau da, Su Ta Garren eraginetatik at. Ados al zaudete?

Su Ta Gar betidanik gustatu izan zaigun taldea da. Hala ere ni behintzat ez naiz oso kontziente bere eragina nabari den gure musikan ala ez. Ezinezkoa egiten zait gure kantak ikuspegi objektibo samar batetik ikustea, eta beraz, heavy metalaren proposamen eguneratua jorratzen dugun esaten ere ez nuke jakingo. Norbaitek hala uste baldin badu oso pozgarria iruditzen zait, baina ez dut uste guri dagokigunik hori esatea.

Orduan, zeintzuk dira taldearen eraginak?

Talde desberdinak ditugu gustoko: betikoak, hala nola Judas Priest, Iron Maiden etab. Taldekide batzuek egun osoa pasatzen dute Death taldearen kantak jotzen, asko disfrutatzen dugu Jason Becker eta Marty Friedman eta Ruper Ordorika bezalako gitarristekin, baita Yngwie Malmsteenekin ere, azkenerako edozein aspertu dezakeen arren. Rock testuingurutik aterata, Benito Lertxundiren kantak eta barroko garaiko musika ere oso gustuko ditugu. Hala ere ez dut uste hori guztia gure musikan islatzen denik, baina tira.

Azken Garrasiaren metal doinuak aski teknikoak, azkarrak eta gehientsuenetan oso alaiak izan ohi dira. Formula horri, sarritan marrazki bizidunetako soinu bandaren batekin edo beste (Dragoi Bola) parekidetasuna bila dakioke. Kutsu horretaz kontziente al zarete?

Galdera hau irakurri dudan arte ez dut hori planteatu sekula, beraz, egia baldin bada kutsu hori dugula, ez gara konturatu. Ni ez nago ados, baina hala ere, lehenago esan dudan bezala, nire ikuspegia gure diskoarekiko ez da batere objektiboa.

Bestalde, diskoaren grabaketa eta argitarapenaz Errioxako Dye Records zigilua arduratu da. Nolatan sortu zen aukera?

Dye Recordseko sozio bat Red Wine taldeko gitarrista da. Haiekin jo genuen behin Legazpin eta ordutik bazuen gure berri. Berarekin harremanetan jarri ginen, proposamen bat egin zigun eta Sorgin Zorrotz diskoa da horren emaitza.

Beraz, zuen lana "erbestean" karrikaratu duzue. Akaso, bertako diskoetxeen interes ezagatik?

Bai, horrexegatik. Euskal Herriko hainbat diskoetxerekin hitz egiten saiatu ginen eta ez zuen inork interesik azaldu. Diskoetxe guztietan ba omen dago tipo bat maketak entzuteaz arduratzen dena, baina deitzen diozunean ez da inoiz bertan egoten edo bestela bilera garrantzitsu batean egoten da.

Kontuak kontu, gustura zaudete lortutako emaitzarekin?

Pozik gaude. Diskoaren soinu kalitatea orokorrean nahiko ona dela iruditzen zaigu, beti hobetu daitekeen arren. Diseinuan akats batzuk daude baina hala ere orokorrean ondo ikusten dugu. Baina promozioaren kontuarekin arduratuta gaude zulo nabarmena dagoela iruditzen baitzaigu. Hala ere agian goizegi da oraindik aurrera begira zer pasako den jakiteko.

Aurrera begira, zeintzuk dira taldearen asmoak?

Gure asmoa ahalik eta kontzertu gehien ematea da gure lana ezagutarazteko, baina uda gainean dugu eta ez dugu kontzertu askorik bistan; hortaz, berandu gabiltza. Hala ere askotan azkeneko momentuan suertatzen zaizkigu kontzertuak, beraz ia zer pasatzen den.

*Oharra: Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa

Ińaki Esnaola (05/07/28)

« atzera