|
Eskaini zenuten azkeneko
kontzertua joan den urteko maiatzaren amaieran izan zen oker ez
banago, eta ordutik hona ezer gutxi jakin izan da taldearen
inguruan, Karlos bateri joleak garai hartan taldea uzteaz gain.
Zer gertatu da tarte luze honetan?
Diozun bezala, azkeneko kontzertua
Arrasateko Gaztetxean eman genuen hura izan zen, Maiatzean.
Ordurako bagenekien Karlos-ek taldea utzi behar zuela,
kontzertua bere azkena izango zela, alegia. Egia esan zer egin
ez genekiela geratu ginen. Ez ziren momentu errazak izan;
tentsioak ere sortu ziren taldekideon artean. Unai eta Otuto
arduratu ziren taldea aurrera eramateaz, Jabo eta Navarro
promozioarekin zebiltzan bitartean.
Hasiera batean ordenagailu batekin
egin genituen frogak, guretzako teknologia ezezaguna zena. Baina
honek zeuzkan mugak ikusita, sampler bat erostea erabaki genuen.
Ordu asko sartu behar izan genituen menperatzea lortu genuen
arte.
Dena den, eta kontrakoa iruditu
daitekeen arren, ondorio positiboak ere baditu bateria
programatzearenak: soinua konstantea da, eta ez dauka mugapenik.
Egia da bateria erreal batek beste gauza bat ematen duela, baina
nonbaiten mugak izaten ditu beti, eta hori Karlos taldean
sartzeak bide asko zabaldu zizkigula.
Zer dela eta utzi zuen Karlosek taldea?
Karlosek talde askotan jo izan zuen
Numenen aurretik, hortaz esperientzia faltarik ez zeukan. Bera
ezagutzea guretzat izugarria izan zen; aurrez esan bezala
aurrera pausu handia zen taldearentzat. Gainera bera ere
hasieran oso ilusionaturik zebilen, baina denborarekin ilusio
hori itzaliz joan zen. Bera Matienakoa izateak ere ez zuen
laguntzen, eta arrazoi pertsonalak zirela eta bidaiekin eta
antzerakoekin denbora handia beharko zuela esaten hasi zen, eta
amaierarako jada ez zegoen konpromisorik hartzeko prest.
Diskoa argitaratu eta egun bakar batzuetara utzi
zuen taldea. Kontzerturik suspenditu behar izan al zenuten
horren ondorioz?
Egia esan diskoa atera aurretik
bagenekien taldea utzi behar zuela. Tarragonan, Zaragozan, Vigon
eta Bilbon kontzertuak eskaini genituen horrela geundela.
Kontzertuak egin behar baziren egingo zirela esaten zigun berak,
baina egoera ez zen bat ere erosoa. Ondorioz, Arrasatekoa bere
azkeneko kontzertua izango zela erabaki genuen, eta hurrengo
egunean jada bere bateria ez zegoen lokalean.
Kontzerturik berez ez genuen
suspenditu, baina baten bat konfirmatzeko geneuzkan aukerak
hortxe geratu ziren.
Diskoa
baloratzen hasi aurretik, uste baino dezente beranduago
kaleratua izan zela aipatu behar da. Zeintzuk izan ziren hau
gertatzeko arrazoiak? Suposatzen dut kanta horren landuak
izateak eragina izango zuela...
Estudiora nahi baino beranduago
sartu ginen, ekoizpenean lagundu behar ziguten Jimmy (SA) eta Iñakik
(Bad F-Line) beste eginbehar batzuk ere bazituztelako. Horrez
gain, kontuan izan behar da diskoetxe baten barruan egoteak
diskoa eurei hobekien datorkienean kaleratuko dela suposatzen
duela, beren lanen argitalpenak tartekatu behar izaten
baitituzte. Ondorioz, “Basoaren Semeak” ez zen grabatu
bezain laster dendetan egon.
Beste kontu batzuk ere badira
kaleratze-eguna atzerarazi egiten dutenak (portadarekin, esate
baterako, arazoren bat edo beste izan genuen), baina diozun
bezala, kantak landu nahi izateak ere badu bere eragina.
Musikalki aurreko diskoekin alderatuz gero, lan
bortitzago baten aurrean aurkitzen garela argi dago. Zergatik
aldaketa hau? Formazio aldaketak agian?
Taldean jende ezberdina egoteak
ideia ezberdinak dakartza. Baliteke orain Numen osatzen dugunok
musika extremoagoa gogokoago izatea. Dena den, Karlosen sarrerak
bide berri asko zabaldu zizkigula esan behar da berriro ere,
lehenago bateriak mugatzen baitzituen gure aukerak.
Aldaketa musikal hori sumatzen bada ere, aurreko
ekoizpenetan “Iheslaria” edota “Inguma” bezalako
kantekin topo egiteko aukera izan genuen. Aldaketa aurreikusirik
zegoela esan nahi al du honek?
Ez. Aldaketa era natural batean
gertatu da. Orain konposaketak gitarra eta baxuan oinarritzen
dira, horixe da dena. Zuzenagoak eta gordinagoak direla esan
liteke, minimalistagoak. Baina momentuan horrela ongi iruditu
zitzaigulako gertatu zen hau, ez beste inongo arrazoirengatik.
Letren edukiari dagokienez, ukitu gudariagoa
antzematen zaie orain. Musikarekin
bat egiteko asmotan agian? Egilea aldatzeagatik?
Lehen Lander-ek idatzi ohi zituen
abestien letrak. Taldea utzi bazuen ere, azken diskoko kantaren
bat ere berak idatzi du. Gainerakoak Navarrok edo beste lagunen
batek egin dituzte. Asmoetariko bat letren bidez kristautasuna
iritsi aurreko gudetan murgiltzea zen, eta halaxe irten dira.
Bada dena den bestelako gairik, naturaren muturreko
pertsonifikazio, adibidez.
“...Jarrai
Beza Kondairak” MCD-an azaltzen zen “Eskualdunak” berriro
ere sartu duzue azkeneko diskoan. Melodia eta taldean lehen
nabariagoa zen ukitu paganoa mantendu nahiaren ondorioa al da?
“Galdutako Itxaropenaren Eresia”
diskoa kaleratu ostean konposatu genuen aurreneko kanta izan zen
“Eskualdunak”. Kanta hau geneukala Goi Music zigilukoak
hurbildu ziren zer edo zer grabatu behar zela esanez. MCD bat
egitea proposatu ziguten eurek, eta guk disko luzerako kantu bat
gordetzea erabaki genuen. Ideiarekin oso konforme ez geunden
arren, esandakoa egin genuen, beti ez baitago gauzak nork bere
gustura egiterik. Kantu zaharrak beste diskoa batean sartzeko
aukera eman zigun behintzat egoerak. Eta, esan bezala, kantu
berrien artean “Eskualdunak” zenez zaharrena eta garai
horretako abestiren bat “Basoaren Semeak” lanean azaltzea
nahi genuenez, hura aukeratu genuen.
Aurreko ekoizpenarekin alderatuta aurpegi berri
bakarra azaltzen da: Eölena. Musika konposatzerako garaian lan
egiteko modua aldatu egin al da? Gogoratu beharra dago Elffor
eta Suffering Down taldean (bakarkako proiektua eta bere beste
taldea, hurrenez hurren) bera arduratzen dela alor horretaz.
Eöl aurrez ere egon izan zen
taldean, sesio musikari modura. Haimarrek taldearen jarduera
jarraitzeko arazoak izaten zituen azterketen ondorioz, eta
halakoren batean kontzerturen bat edo beste gurekin egin izan
zuen Eölek. Oso harreman ona izan dugu berarekin betidanik eta
Haimar Italiara joan zenean bere ikasketekin jarraitzeko berriro
ere bere laguntza izan genuen, orain jada taldekide bat gehiago
delarik.
Dena den, ordurako teklatu gehienak
eginak zeudela (Haimarren edo Mikelen eskutik) aipatu behar da.
Hortaz ez da gure lan egiteko modua aldatu. Hala ere Eöli bere
ukitua ematea gustatzen zaio, aldaketaren bat edo beste egin
zuelarik diskoko kantei begira.
Numenen eskaintza ez da alor musikalera bakarrik
mugatzen. Horren seinale, abestien letrak edo azken liburuxkaren
eta web orriaren diseinua. Guzti honek adierazten duen
nolabaiteko kontzeptualtasuna ikusirik, beraren parte edo
berarekin identifikaturik sentitzen zaretela pentsatzen dut...
Bai, hala da. Azken batean,
basoaren semeak gara guztiok modu batean edo bestean, eta hori
islatzen saiatu gara aipatu dituzun alderdietan.
Taldeari egiten zaizkion elkarrizketa gehienetan
Euskal Herriko ohitura, hizkuntza... eta abarri buruzko galderak
luzatzen dizkizuetela jabe daiteke irakurlea. Zer suposatzen du
honek zuentzako?
Egia da horrelako galdera asko
egiten dizkigutela, euskararen inguruan batez ere. Askok esaten
digute ea euskaraz abestea ez den taldearentzako muga bat
ezartzea, baina guk beti erantzun bera ematen diegu: hasiera-hasieratik
erabaki genuen euskaraz abestea, hobekien hitz egiten dugun
hizkuntza horixe delako eta azaldu nahi duguna adierazteko
hizkuntz polit eta aproposagorik ez delako. Gehientsuenek
ulertzen dute, eta jende asko bai euskara beraren nahiz guk
idatzitako letren esanahiarekin interesatu egiten da, nor berak
dauzkan baliabideak erabiliz, eta hau oso pozgarria da. Horren
adibide eta bitxikeri modura konta litekeena, Vigon eskaini
genuen kontzertu batean ikusleren bat edo beste letrak kantatzen
ikustea.
Aurkako kasu bat ere izan genuen,
erabiltzen genuen hizkuntza zela-eta gure lana interesatzen ez
zitzaion tipo alemaniar batekin.
Gainerako
taldeei dagokienez, zerk (talde, musika zein kontzertu) harritu
zaituzte azkenaldian, bai bertan nahiz atzerrian?
Zaila da zerbait azpimarratzea
gainontzekoen gainetik, gauza on asko dago eta. Euskal Herri
mailan, denboraren gertutasunagatik Omendark eta Nakkigak
egindako lana aipa liteke. Eta atzerrira begiratuta, orain ez
asko Bergarako Jam aretoan Enslavedek eskainitako kontzertua ere
azkenaldian ikusi den gauzarik onenetarikoa izan da, batez ere
beren azkeneko lanen arrastoa galdua genuenentzako.
Zuzen
nazazu oker banabil, baina uste dut “Haize Sorginduen
Intziriak” lehen lanaren kantarik ez duzuela jotzen zuzenean.
Hala bada, zein da arrazoia?
Zuzen zabiltza. Hainbat arrazoi
aipa daitezke. Hasteko, kanta horiek aurreneko bateriarekin,
Josurekin, egin genituela esan behar da. Gero Largo etorri eta
berarekin galdu egiten zutela ikusi genuen. Bestalde, aurreneko
kantak izanik, denbora asko pasa da konposatu genituenetik, eta
azkenean kantak aspertzera eramaten zaituzte. Gainera, momentu
honetan jotzeaz ez ginateke gogoratu ere egingo (barreak).
Azken finean, MCD hori Numenen
iragana da. Honek ez du esan nahi geure iraganari uko egiten
diogunik, baizik eta orain ez dugula horren gertuko sentitzen.
Geldialdiaren aurretik eman zenuten azkeneko
kontzertuan, ordea, amaitzeko zuena ez den kanta bat jo zenutela
gogoan dut, grind core ikuskizun paregabea. Deigarria da beste
kanta batzuk izanda hauek alde batera uztea...
Beno, grind core kantu hori
lehendik ere askotan jotzen genuen lokalean, eta taldearen beste
kanturik prestaturik ez genuenez, huraxe jotzea erabaki genuen.
Kontua da kontzertuetarako set list
bat prestaturik izaten dugula, eta normalean horiek jota
betetzen dugu kontzertua.
Zer esan daiteke Numenen etorkizunaren inguruan?
Kanta berriren bat prestatzen hasi al zarete?
Erritmoren baten bat badago eginda,
baina egia esan ezer gutxi. Orain arteko denborarik gehiena
bateriaren kontuarekin eman dugu, bai bateri jole bat bilatzen
zein kontzertuetarako samplerra moldatzen.
Gure asmoa Urrian disko berria
serioago prestatzen hastea da.
Eta zein da zuen asmoa ikuspegi musikalari
dagokionean? Zer gertatuko da Haimar eta, batez ere, Lander eta
Mikelekin?
Orain ez daukagu esaterik nolakoa
izango den musikalki disko berria, kantak grabatzen goazen
neurrian ikusiko da hori. Lehentxeago esan dizugun moduan
momentuan barrutik irteten zaiguna azaleratzen dugu, aurretik
ezer finkatu gabe.
Dena den, folk ukituak modu batean
edo bestean beti izango direla argi daukagu. Hori ez da galduko.
Aipatu dituzun taldekide ohiak hemen dira dagoeneko baina
momentu honetan bost partaide gara. Etorkizunak esango du honek
horrela izaten jarraituko duen ala ez.
Besterik ez gure aldetik. Eskerrak ematea eta ezer
gehitu nahi izanez gero oraintxe aukera ematea baino ez zaigu
geratzen.
Eskerrik asko zuri elkarrizketa
hau egiteagatik. Eta Herriko Burdinako jendearentzako, agur ilun
bat.
|