BIOK
Ezina ekinez egina

Aski ezaguna da musikaren industria garai ilunetan murgilduta dagoela. Ondotxo dakite hori Biok taldeko partaideek. Hala ere, bidea aldapatsua izan den arren azkenean jaso dute merezi zuten saria. Metal berritzaile eta astuna, amorru sentipen ugari eta melodia dotore asko biltzen ditu 13 abestiz osatutako “Margo debekatuak” beraien lehen diskoak. Taldeak Usansolon daukan entsegu lokalera hurbildu ginen ekoizpen honen nondik norakoetaz berba egiteko.


Hasi bezain laster, kontaiguzue pixka bat nola bizi izan duzuen material berria grabatu eta Metak-ekin fitxatu arteko ibilbidea. Jakin baitakigu  diskoetxe batekin sinatu arteko ibilbide hori ez dela oso xamurra izan...

Lehen lan luze bat grabatzeko ordua heldu zela konturatu ginenean, ez ginen inorekin harremanetan jarri. Panorama nahiko ilun ikusten genuenez,  material berria gure kabuz grabatzea erabaki genuen, gerora irtenbide bat bilatzeko asmoz. Behin material berria grabatuta, “Metak” diskoetxera jo genuen. Ikusten genituen posibilitate ezberdinen artean, aukera bideragarriena zigilu horretan zegoela uste baikenuen. Bertara bidali genuen lan berria, baina garai hartan talde berri gehiagorentzat tokirik ez zutela eta, momentuz ezin izan ziguten erantzunik eman. Gauzak horrela, itxarotea beste erremediorik ez zitzaigun gelditu. Azkenean, urtebete inguru zain egon ostean deitu egin ziguten.

Dena dela, material berriaren grabazio lanak aurrera eramateko Mikel Kazalisen laguntza eduki zenuten. Zer moduzkoa izan da  esperientzia? Nola moldatu zineten Mikelek Zarautzen dituen grabazio estudioetan?

Mikel honezkero Biok-eko partaide bat dela esan dezakegu..! Mikel oso ondo portatu da gurekin eta esperientzia oso polita izan da. Polita baina gogorra. 7 hilabete inguru igaro genituen diskoa grabatzen. Izan ere,  Zarauzko estudioetara lanetik atera eta arratsaldeko 8rak inguruan joaten ginen; ordu gutxi batzuk grabatzen aritu, eta goizaldeko 3-4 aldera etxera itzuli behar izaten ginen biharamunean berriz lanera joateko. Gainera, Mikelek izan ahal izan zituen konpromiso musikalak zirela eta, ez ginen egunero-egunero joaten estudiora. Halabeharrez, lasai hartu dugu grabaketa prozesua. Azkenean, nahiko gogorra bai, baina oso aberasgarria ere izan da esperientzia. Edonola ere,  azken emaitzarekin oso pozik gaude eta dena nahi genuen bezala atera da.

Kolaborazio aberasgarri ezberdinak entzun ditzakegu diskoan zehar (Sergio “Eraso!”, Janire “Noraezean”, Izaskun “2kate”, Expo “Kalte”...). Nolatan gauzatu dira kolaborazio hauek? Pozik gelditu zarete azken emaitzekin?

Expo (Kalte) eta Janireren (Noraezean) kolaborazioak adibidez, aldez aurretik pentsatuta geneukan zerbait izan dira. Aspalditik ezagutzen ditugun pertsonak dira eta beraiekin dugun harremana berezia da (Kalte-k eta guk lokal berean entseatzen dugu). Horregatik, beharrezkoa ikusten genuen pertsona bi hauen ekarpena diskoan islatzea.  Bestalde, Izakun-en (2kate) kolaborazioa inprobisazioa hutsa izan zen. “Loturik ” abestiak mota horretako ahots bat eskatzen zuela konturatu ginen eta estudioan geundela Izaskuni proposatu genion gurekin abestea. Azkenik, Sergioren kolaborazioa Mikelek eta Sergiok mantentzen duten harreman estuaren ondorio dela esan dezakegu. Gainera, Sergio lehendik ere ezagutzen genuenez, “Inoiz ez isilik” kantuan sumatzen genuen hutsune hori bere ahotsarekin betetzea planteatu genion. Azken emaitzei begira, guztiekin oso pozik gelditu gara benetan.

“Margo Debekatuak” da lana izendatzeko erabili duzuen esaldi esanguratsua. Zer esan ahal diguzue ideia horren gainean?

Inguratzen gaituen errealitatea boteredunek inposatzen dituzten koloreekin baino ezin da margotu. Ezin da ezer asmatu eta eman beharreko pausu guztiak boterean daudenek agintzen dizkigute. Hori da,  gutxi gora behera, gure lanaren izenburuarekin transmititu nahi izan dugun ideia. Kolore batzuk egokiak diren bitartean, gainontzekoak debekatuta daudela. Oraintsu ospatu berri diren hauteskunde autonomikoak esandakoaren adibide argi bihurtzen dira…

Lan berria kalean dago jada. Doinu berriekin batera zerbait berezia presatzeko asmorik?

Horretan gabiltza. Diskoa grabatu aurretik bageneukan “Dekoratuari erantsiak” abestiari dagokion bideo-klipa, eta orain beste bat prestatu berri dugu. “Loturik” kantuaren gainean izango da, eta gure lagun Luis J. Baranda arduratu da grabazioaz. Orain dela aste gutxi batzuk entsegu lokala hankaz gora jarri genuen klipa filmatzeko eta laster izango da ikusgai.

Komunikabideen aldetik ze harrera izaten ari zarete? Zer moduz portatzen ari dira inguruko hedabideak?

Ba egia esan, momentuz inguruko hedabideetatik jasotzen ari garen babesa nahiko eskasa izaten ari da. Euskadi Gazterako adibidez, “Loturik” abestia bidali genuen aurrerapen kanta gisa eta oso gutxi jarri dute. Goizaldeko 5etan eta horrela..! kar, kar, kar..! Egiten dugun musika nahiko gogorra omen denez, tamalez ez dugu tarte askorik izaten irrati-formuletan. Hori bai, elkarrizketak eta erreportajeak egiteko bai deitu izan digutela, egunkarietan batez ere (“Berria”, “Deia”, “Gara”..). Eta hori eskertzekoa da, gutxienez.

Talde gazte batentzat berebizikoa izaten da lehen maketa bat kaleratzea. Zuen kasuan, gustura gelditu zineten 2000.urteko maketak izan zuen harrerarekin? Ate berri asko irekitzeko balio izan ahal zizuen? 

Bai, asko. Gure kasuan oso harrera ona izan zuen maketak; 500 aleko 2 tirada atera genituen eta biak agortu ziren. Maketa kaleratu bezain laster, lehen grabazio hori etengabe hara eta hona mugitzen hasi ginen, eta lehiaketa askotan parte hartzeko (eta horietako batzuk irabazteko) balio izan zigun. Azken baten, norberaren burua ezagutarazteko eta ate berriak irekitzeko ezinbestekoa da maketa bat grabatzea.

Zuen musika erauntsi metaliko astun eta oldarkorretan oinarritzen dela argi dago. Hala ere, nabaritzen da ahots melodiak (batik bat, Aitor gitarra jotzaileak abesten dituen pasarteak) bereziki zaintzen dituzuela...

Bai, horrela da, kontrastea bilatzen saiatzen gara. Gure konposizioak orokorrean metal pisutsuan oinarritzen diren arren, unean uneko abestiek eska dezaketen kontrapuntu melodikoa bilatzen ahalegintzen gara. Baina hori bai, ez ditugu melodiak beste gabe sartzen. Melodiarekin jolastea gustatzen zaigu, zerbait espontaneoa izaten da. Melodiaz baliatuz,  froga ezberdinak egiten ditugu azken emaitzarekin pozik gelditu arte.

Taldeak estilo jakin batean sailkatzeko joera ekidinezina bihurtzen da. Zuen kasuan “metal-core”, “nü-metal” eta antzekoak entzun behar izango zenituzten. Ados zaudete izendapen horiekin? Nola definituko zenukete zuen musika? Etiketetatik ihes egitea nahiago duzue?

Ez ditugu etiketak batere atsegin. Gurea kaña da eta punto. Etiketek mugatu egiten zaituzte. Ulertzekoa da, medioek batez ere, etiketetara jotzea taldeen musika sailkatzeko, baina gu gure aldetik ez gara inondik inora etiketen lagun.

Metal berritzaileaz ari garela, zer moduz ikusten duzue euskal eszena abangoardiako soinuei dagokionez? Bai hemen, bai nazioartean osasuntsu mantentzen den korrontea dela deritzozue?  

Euskal herri mailan adibidez, guk talde eta proposamen ezberdin asko ikusten ditugu. Kontzertu ezberdinetan zehar talde asko ezagutzeko aukera  izan dugu eta bakoitzak bere nortasun propioa daukala deritzogu. Ez genuke esango bata bestearen kopia den talderik dagoenik. Argi dago denok dauzkagula atzerriko taldeen influentziak, izan ere, atzerrian aberastasun eta maila altuagoa aurkitu daiteke. Baina kontuan hartu behar da atzerriko herrialdeak askoz handiagoak direla, eta ondorioz, errazagoa dela 2000 taldetatik 100 bat talde on ateratzea, Euskal Herria bezalako herri txiki batetik 50 baino.

Biok-en influentzia posibleetaz hitz egiten hasi ezkero, “Sepultura”, “Machine Head” edo “Anestesia” bezalako taldeen izenak datozkigu berehala burura. Zuzen gabiltza? Metala alde batera utzita, zein beste musika estilotatik elikatzen zarete?

“Sepultura”, “Machine Head”… metalaren esparruan makina bat talderen influentzia komunak dauzkagu taldekide guztiok. Hala ere, aparte, taldekide bakoitzak beste eragin pila bat ditu metal musikatik harago doazenak. Hori ulertzeko adibide garbiena hauxe da: 3-4 urte daramatzagu borrokan bertsio bat egin nahian eta ez gara inoiz ados jartzen!  “Nirvana”-ren bat jo izan dugu inoiz, baina bueno, ez da ere bereziki denok betetzen gaituen taldea egia esan.

Hurrengo asteei begira non ikusi ahal izango zaituztegu oholtza gainean? Inoiz Euskal Herritik kanpo ere ibiliak zarete. Disko berriarekin gure mugetatik at jotzeko aurreikuspenik bai?

Maiatzak 7an Usansoloko jaietan joko dugu, eta maiatzak 13an Beasainen. Bestalde,  “Festimad 2005 (Lanzadera Sur 05)” taldeen lehiaketa irabazi ostean, maiatzak 28an Festimad-en jotzeko aukera izango dugu.  Flipatzen gaude! Gainera, aipatu lehiaketa irabazteagatik, data konfirmatu gabe dagoen arren, Madrilgo areto batean jotzeko aukera ere izango dugu. Eta estatu mailako emanaldi posibleei begira, orain arte urte guztietan kanpora irten garen bezala (Valentziara, Bartzelonara..) oraingoan ere disko berriarekin berriz ateratzeko itxaropena dugu.

Beste barik, zerbait gehiago esan nahiko bazenute...

Eskerrik asko Herriko Burdina web orriari elkarrizketa honengatik eta behar duzuenerako hemen gaude.

Unai Santos (05/05/09)

« atzera