|
Non sartu zarete azkenaldi honetan?
Rafa: Zazpi urtez kontzertuak etengabe ematen egon ondoren,
urtebeteko atsedenaldia hartzea erabaki genuen. Denbora honetan
entsegu lokalean egon gara abesti berriak konposatzen eta
kontzertuetarako prestatzen. Etenaldi honi esker forma onean
iritsi gara oholtza gainera.
“Sinónimo
De Ofender”, estudioan grabatutako bosgarren diskoa da. Zer
adierazi nahi duzue izenburu bitxi honekin?
R: Rock
musikaren definizio bat da. Rocka betidanik izan da iraultzailea,
bestela pop musika izango litzateke.
Hamahiru
abesti (hamabi berri), hainbat hilabeteko lanaren emaitza.
Nolakoa izan da disko berri honen prozesua?
R:
Bi
hilabetez ibili gara diskoa grabatzen eta nahasten. Prozesu osoa,
Miguel Aizpunen MAV estudioetan burutu dugu eta bera arduratu da
ekoizpen lanaz. Presarik gabe eta etxe giroan lan egiteak
abantaila asko eman dizkigu disko berria grabatzerakoan.
Zer
azpimarratuko zenukete berrikuntza gisa lan berritik?
R:
Berrikuntza
nagusia eragin musikal berriei ateak zabaltzea izan da. Honela,
abesti landu eta ezberdinak egin ditugu. Musika estilo
guztietatik ikasten jarraitzen dugu eta taldearen eboluzioa
etengabea da.
Abestiei
dagokienean, hamahiru kantuek askorako ematen dute. Lan berrian
Koma esperimentalen aurrean ote gaude?
R:
Egunetik
egunera esperimentalagoak bihurtzen ari gara. Eragin eta ekarpen
berriei irekiak gaude eta gure eskura dauden esperimentuak
egiten jarraitu nahi dugu.
Eredu
bat “Pensamientos Fúnebres” abestia genuke. Piano doinu eta
kanpai hotsek atmosfera gotikoa ematen dioten kantua. Nolatan
sortu zitzaizuen ideia?
R:
Hainbat
talde gotiko gustatzen zaizkigu, baina gehienbat Mercyful Fate
eta King Diamond bezalakoen jarraitzaileak gara. Atmosfera
iluneko abesti bat sartzeko ideia izan genuen eta gustura gaude
emaitzarekin. Zuzenean ziur jotzen dugula.
Horrez
gain, “El Muro De Berlin” abesti tango-metaleroa eta “Ven
Que No Te Va A Doler” thrasheroa ditugu. Aniztasuna. Nola
sortzen dira honelako abestiak?
R:
Alboan
dugunari so egin eta interpretazio berezi bat emanez. Lehenengoa,
Rafak bere Argentinako lagun batengan inspiratuta idatzi zuen
abestia da, eta bigarrena, pederastia-thrash gisako abesti bat.
2002.
urtean kaleratu zen Aekantuz diskoan sartu zenuten “Baga,
Biga, Higa” kantu klasikoaren bertsioa birgrabatu duzue. “El
Infarto” lanekoa errepikatu nahian?
R:
Berriz
grabatzea pentsatu genuen, gure hizkuntza Euskal Herritik kanpo
daudenek ezagutu dezaten. Laboaren klasiko honen bertsioarekin,
gure sustraiak zeintzuk diren adierazi nahi diogu mundu guztiari.
Ildo
beretik jarraituz, noizko Koma taldearen euskarazko abesti bat?
R:
Natxo
eta Rafa euskara ikasten dabiltza buru-belarri, baina oraindik
goiz da abesti duin bat idazteko. Ea etorkizunean ausartzen
garen.
Gaia
aldatuz, lan berrian Brigiren ahotsa ez da aurrekoetan bezain
gogorra. Zer dela eta?
R:
Baliteke
grabazioan ez hain gogorra izatea, baina zuzenekoetan beti
bezain bortitza da. Ahotsa abestien araberakoa da, bakoitzak
ahots molde bat eskatzen du.
Taldearen
izena, bihotzeko bat, ozpin dastatzaileak, gaizkileak,
bizilagunei molestatzen eta oraingoan iraintzen jarraitzeko
asmoekin. Rocka iraintzeko arma al da?
R:
Rock
musika betidanik izan da iraintzeko arma eraginkor bat gure
gizartean. Norbait iraindua sentitzen bada, horrek esan nahi du
gure hasierako jomuga bete egin dela.
Lan
berriak iazko San Ferminetan emandako kontzertuaren zati bat
biltzen duen DVDa dakar. Taldearen lehen DVDaren aurrekaria ote?
R:
Disketxeak
DVD bat grabatu eta editatzeko asmoa duen arren, proiektua ez
dago guztiz zehaztua.
“Sinonimo
De Ofender” zuen hirugarren lana da Locomotive diskoetxearekin.
Gustura beraien lanarekin?
R:
Bai.
Gure musika beste herrialdeetara zabaldu dute eta oso gustura
gaude Komaren hedapena areagotuz doalako. Dena den,
Locomotivekoek Madriletik egiten dute lan eta ondorioz oso
noizean behin hitz egiten dugu beraiekin. Orain, “Imaginatelos
Cagando” abestiaren bideoklipa egiteko aukera eman digute,
baina gerora ikusi behar da ea telebistek lekurik ematen dioten.
Edo zein telebistek.
Bestalde,
Koma hasierako musikari berberak izaten jarraitzen duzue. Zer
mantendu da taldean “El Pobre” edo “Tio Sam” abestien
lehen akordeetatik?
R:
Hasierako
jenio txarra. Horrez gain, hastapeneko abesti horien letretan
esaten genuena ere ez da desagertu. Bestela, hasierako laukote
zirikatzailea izaten jarraitzen dugu.
Musikari
dagokionez, zuen sustraiak ikusita (Mephisto, Zartako, ...)
metal talde gisa ikusten duzue zeuon burua?
R:
Metal
ukituak dituen talde bat izan arren, rock talde bat gara.
Zeintzuk
dira taldearen xede berriak lan berriari dagokionez?
R:
Ahal
dugun leku guztietan jo nahi genuke. Batez ere, Mexiko, Italia
eta Frantziara joan nahi dugu, bertatik mezu asko iristen
baitzaizkigu e-postara. Ea birarik burutzeko aukera izaten dugun.
Zuzenekoetarako
ezustekorik prestatu al duzue?
R:
Ekipo
on bat eta kalitatezko argiztapena ahalbidetuko duen tresneria
eramango dugu. Pantailen bitartez ikus-entzunezko ikuskizuna
prestatzeko ideiak ere badaude. Dena den, ez dago ezer zehaztuta.
Elkarrizketa
amaitu baino lehen, zer moduz 2004. urtearen hondarrean egin zen
Hatortxu Rock jaialdian?
R:
Zozketa
baten ondotik gure errepertorioarekin hastea tokatu zitzaigun
eta pixkanaka musikari ezberdinak gehitzen joan ziren karpa
berotzeko amotan. Elurra protagonista izan genuen arren, oso
oroitzapen ona dugu jaialdiaz. Bai eszenatoki aurrean sortu zen
giroaz, bai eszenatoki atzean sortutakoaz.
Zelan
atera ziren musikari gonbidatuekin prestatutako abestiak?
R:
Bikaina.
Liluragarria izan zen aspaldidanik ezagutzen ditugun taldeen
abestiak jotzea, zinezko esperientzia. Hala ere, ezin ahaztu
Alaitz eta Maider eta Urtz taldeek ezin izan zutela jo elurteak
zirela eta.
Bitxikeri
edo anekdotaren bat?
R:
Ba
bai. Latzen taldearen “Ze Ingo Xu?” abestia jotzen ari
ginela, konturatu ginen baxu jotzaile ohia lehen ilaran zegoela
kantua abesten guztiz hunkituta. Orokorrean oso ondo moldatu
ginen Euskal Herriko musikarien artean.
Amaitzeko,
zuen itzulerak ekarri duen poztasuna ikusirik, ba al duzue
mezurik lurralde honetako jarraitzaile sutsu eta rockeroentzat?
R:
Mila
esker urte guzti hauetan gure alboan egon zareten guztiei. Aupa
euskaldunak!
*Oharra:
Entzun! aldizkarian argitaratutako
elkarrizketa.
|