|
Zein izan da Dark Fantasy taldearen historia egun
arte?
Duela urtebete inguru hasi ginen talde oso edo boskote
gisa. Iazko Emergenza jaialdian, Irati pianojolea sartzearekin
batera, Dark Fantasy izen berriarekin aurkeztu genuen geure
burua. Alabaina, gainontzeko lau taldekideek urte baino gehiago
daramagu elkarrekin. Gauzak honela, bost musikari gaztek osatzen
dugu taldea: Richard (ahotsa), Jagoba (gitarra), Jorge (baxua),
Irati (teklatuak) eta Dani (bateria).
Urtebeteko lanari akabera baikorra emateko, zuen
lehen lana kaleratu duzue. Nolakoa izan da “New Life”
maketaren prestakuntza?
“New Life” titulua jartzea otu zitzaigun orain
arteko oztopo guztiak atzean utzi nahi genituelako. Gainera,
zerbait berria egin nahi genuen gure musika den bezala
adierazteko taldearen lehenengo maketan. Kantuen prestakuntzari
dagokionez, nik egin ditut denak taldekideen laguntzarekin.
Grabaketa ostera, Berangoko Grabasonic estudioetan burutu genuen.
Astelehen batean sartu ginen eta ostegunerako musika guztia
grabatua genuen. Gero nahasketak hiru egunetan egin genituen.
Prozesu azkarra izan zen arren emaitza ona erdietsi dugu eta oso
gustura gaude.
Zure hitzetan, zer entzungo dugu bertan?
Gure lehen lanean denetarik entzun daiteke. Metal
doinuez gain, rock, pop eta gospel ukituak nabarmendu daitezke.
Guzti hau, rock sinfoniko eta metal progresiboaren esentzia
mantenduz. Fusio interesgarria burutu dugula uste dut. Hala ere,
gauza asko hobetu daitezke.
Lanari so eginez gero, 40 minutu osatzen duten bost
kanturekin egiten dugu topo. Abesti luzeak, landuak eta
esperimentalak. Metal progresiboaren aldeko apustua egiten duzue?
Ez gara ikusten metal progresibo talde bezala,
kalitate asko falta zaigulako. Abestiak luze, esperimental eta
landuak dira, honi progresiboa deitzen bazaio guk egiten duguna
da. Gainera, Euskal Herrian oso talde gutxik jorratu dute estilo
hau (Preach, Continuo Renacer, Quaoar) eta bultzada bat merezi
du. Bidaia progresiboaren norabide zuzenean goazela uste dut.
Zein talderen eraginak jaso dituzue zuen abestiak
egiterakoan?
Gehienbat, Dream Theater, Ark, Metallica eta Meshuggah taldeen
eragina azpimarratuko nuke. Hala ere, taldekide bakoitzak bere
eragin propioak ditu.
Musikaz gain, maketak CD-rom pista bat ere badakar.
Zer ikusiko dugu bertan?
CD interaktiboan agertzen dira, taldekide bakoitzaren
biografiak, estudioko bideoak, “Dreams” kantuaren bideoklipa,
bideokliparen makin off-a argazkien bitartez, gure lehen
kontzetutik orain arteko argazkiak…etab. Jendeak gu hobeto
ezagutzeko egin dugu.
Eta orain zeintzuk dira Dark Fantasyren asmo
berriak?
Momentu honetan, ahalik eta
kontzertu gehien ematea eta taldearen musika garatzea. Taldea
zuzenean ikusi nahiez gero, hurbildu zaitezte apirilaren 18an
Bilborock aretora.
*Oharra:
Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.
|