KUDAI
Urrats modernoa metalean

Laukote donostiarra ez da hutsaren hurrengo. Ezta ere, Euskal metalak eman dezakeen talde arrunt bat. Berritzaile izena ipini diezaiekegu, talde berria izateaz gain euren proposamena nahiko berri eta bitxia delako. Duela gutxi, komunikabideen jarrera gogor salatzeko, “Hutsa” izeneko lehen lana kaleratu zuten Oihuka disketxearekin. Taldearen eta diskaren inguruan hitz egiteko, telebista itzali, komunikabideengandik urrundu eta Donostiako Egia auzoan bildu gara Bortx gitarra jolearekin.


Talde gaztea zareten arren, zein izan da taldearen orain arteko ibilbidea?

Kudai taldea, 2002. urtean sortu zela esan daiteke. Hasiera batean, Ekaitz eta biok osatzen genuen, nik gitarra joz, Ekaitzek abestuz eta gainontzeko instrumentuak ordenagailuarekin programatzen genituelarik. Epe laburrera, abeslari bila hastea erabaki genuen Ekaitzen ahotsa egokiena ez zela ikusita. Bilatzen hasi bezain laster, Bletz taldea banandu zela jakin genuen, eta denbora galdu gabe taldeko abeslari ohiarekin harremanetan jarri ginen. Berarekin hitz egin ostean, Davidek baiezkoa eman eta Kudai taldeko abeslaria bilakatu zen. Beranduago, Tito sartu zen taldean, bateria jotzailearen postua betez. Gauzak honela, egun David (gitarra eta ahots nagusia), Ekaitz (baxua), Bortx (gitarra eta programazioak) eta Titok (bateria) osatzen dugu taldea. Eta tira, momentuz laurok elkarrekin jarraitzeko asmoa dugu.

Zer ezkutatzen da Kudai izenaren atzean?

Egia esan, ezer gutxi. Jainko tartalo baten izena izan arren, izen bat besterik ez da eta guretzat ez du zentzu berezirik. Kasu gehienetan, talde baten izenak bere istorio propioa dauka, gurean ordea ez.

Ekaina aldera, “Hutsa” izeneko lehen lana karrikaratu zenuten. Zer adierazi nahi duzue izenburu esanguratsu honekin?

Diskaren kontzeptu orokorra da. Lan honekin adierazi nahi duguna, hein handi batean azalak islatu nahi duena litzake, hau da, komunikabideen menpe aurkitzen garela. Egun jasotzen dugun informazioa, ez dugu ez pentsatzen ezta kontrastatzen, eta ondorioz datorkigun bezala irensten dugu. Komunikabideen eta geure buruen erruz, garunak erabat hutsak ditugu eta aurrera jarraitzen dugu besterik gabe.

Beste hainbat metal taldeek hartutako bide bera hartuz, grabaketak Sonido XXI estudioan burutu dituzue.

Bai halaxe da. Hira taldearekin “Nortasuna” diska grabatu nuenean, oso eroso sentitu nintzen bertan eta estudioak ondo ezagutzeko aukera izan nuen. Esperientzia positiboa izan zenez, taldekoak konbentzitu eta bertara joan ginen grabatzera. Bigarren egonaldia ere aurrekoa bezain ona izan zen, bilatzen genuen soinua lortu eta grabaketak guk espero bezala burutu baikenituen. Argi dago, San Martin anaiak pertsona bikainak izateaz gain, profesionalak direla beraien lanean.

Diskari dagokionez, zer aurkituko dugu bertan eta nola definituko zenuke Kudairen musika?

Diskaren hamar abestietan heavy metal, metal industrial eta thrash metal doinuak uztartzen dituen metal musika entzun ahal izango da. Honez gain, bi kolaborazio interesgarri izan ditugu. Alde batetik, Eraso! taldeko Sergiok ahotsak sartu ditu “Hutsa” abestian eta bestetik, Albert Nekrotech (Bounzin) musikariak samplerrak sartu ditu “Ni Naiz” kantuan. Kudairen musikari dagokionean, definitzeko erraza ez den arren, metal musika egiten dugula uste dut, samplerrek ematen dioten ukitu modernoa adierazgarria izanik.

Eraginen artean Fear Factory eta Ekon euskaldunak azpimarratuko nituzke.

Erabat ados. Fear Factory taldearen eragina nabarmena da. Beste taldeen kopia soila izatetik haratago joaten saiatu gara, baino argi dago erritmo batzuk Fear Factoryren eskolakoak direla. Bestalde, Ekon taldea, sampler egilea naizen aldetik, beti izan da niretzat talde gustukoenetako bat. Aipaturikoez gain, Rammstein, Pantera, Eraso! eta Su Ta Gar taldeen eragina ere jaso dugu.

Azken aldian, metala jorratzen duten hainbat euskal taldeek bideoklipak egiteari ekin diote (Eraso!, Hira, Su Ta Gar, ...). Zuek ere “Ni Naiz” abestiaren bideoklipa prestatzen ari zarete. Noiz ikusi ahal izango dugu?

Ba oraindik apur bat itxaron beharko da. Eszena bat grabatzea falta den arren, ondorengo post-produkzio lana izugarria izango da, eta egia esan burutu behar duenak nahikoa mugatua du bere denbora. Gauzak honela, dena guk espero bezala ateratzen bada, irailean ikusi ahal izango da.

Amaitzeko, zein asmo ditu taldeak etorkizunean?

Bideoaren prestakuntzaz gain, ahalik eta kontzertu gehien ematea da asmo nagusia. Honez gain, irratirako birnahaste batzuk prestatzeko asmoa dugu, era honetan techno ukituei garrantzia emanez. Azken batean, euskal eszenan leku bat eginaz, taldearen musika geroz eta gehiago hedatzea nahi dugu.

*Oharra: Entzun! aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.
 

Iñaki Esnaola (04/10/16)

« atzera