HEAVY METAL

Su Ta Gar 'Zuzenean - More Volumen Tour 93'

Urtea: 2007 - Diskoetxea: Jo Ta Ke ekoizpenak - Edukiak: 1993an Eibarko Kiroldegian eskainitako kontzertua. 12 kantu, elkarrizketa eta argazki galeria.

(07/10/??)


Eibarko heavy metal taldeak ondo aukeratu du garai berrietara egokitzeko pausua. Alegia, dokumentu historiko eta bikain baten digitalizazio edo berrargitarapena gauzatzea. 1994. urtean VHS formatuan ezagutu genuen “More Volumen Tour 93” bideoa DVDra pasatzea erabaki eta beraien ekoiztetxearekin plazaratu zuten aurtengo maiatza amaieran. Dakizuen bezala, grabaketa honetan Su Ta Gar taldeak 1993. urtean egin zuen bira luzearen azken kontzertua biltzen da. Zehazki maiatzaren 1ean egin zutena Eibarko kiroldegian.

Urte hartan, Aitor Gorosabelek gidatutako taldea “Hortzak Estuturik” diskoa atera eta Europan zehar bira bat egin zuen, inoiz egin duten bereziena. Aurreneko edizioarekin alderatuta zenbait hizkuntzatako azpititulua keta orain arte argitaratu gabeko argazkiak aurki daitezke. Kontzertuaz, ostera, aurretik esan zitekeena errepika daiteke: aparta. Iron Maidenen eskolako eszenatokiko plataformak ikusi orduko txima guztiak puntan jartzen dira. Gainera, kontzertuak ondo islatzen du Eibarko taldearen urrezko aroa. Abesti guztiak bikain jotzen dituzte, Metallicaren bertsioa barne.

Egun zaleek halakorik ikusteko eta beraiek eskaintzeko aukerarik izango ez dutenez, pozgarria da halako dokumentu klasiko eta bikain bat txukunduta izatea. Su Ta Gar zaleentzako, musika maite dutenentzako eta heavy metalaren jarraitzaileentzako ezinbesteko altxorra.
 

Alde: VHS formatuan ezagutu genuena digitalera pasatzea erabaki ona izan da.
Kontra:
Bideoan bira hartako gauza gehiago sartu ahal zituzten. Edukiz motz geratzen da.
 

Inaxio Esnaola (7/10)

| atzera |