BLACK METAL

Nakkiga 'Belebeltzeta'

Urtea: 2010 - Diskoetxea: Negra Mors (Gal) - Taldekideak: Arghura (gitarra eta baxua), Grargh (gitarra eta ahotsak) eta Oindurth (bateria eta teklatua) - Ekoizleak: Nakkiga - Estudioak: Spitako estudioak - Abesti kopurua: 7.

(11/02/28)

Hamar urte pasatxoko bizitza, baina oraindik lan luzerik ez. Alabaina, underground munduan harrera ona izan zuten hainbat maketa eta split argitaratu ostean, azkenik estraineko diska, bete-betekoa, kaleratzeko garaia ere iritsi zitzaion NAKKIGA amurriotarrei. Txabakan black metal-aren aldarria egiten jarraitzen dute, baina hein batean, alor musikalak bestelakorik erakusten digu. Hau da, Belebeltzeta honetan zehar black metala-ren benetako esentzia arnasten bada ere, apenas topa daitekeen bertan gustu txarrez eginiko ezer, bai ordea sentimendu handiz konposaturiko kantuak, amorruari tarte garrantzitsua utzi arren berau abilezia handiz eta modu ezberdinetan transmititzen dutelarik. Hori baita lan honen ezaugarririk esanguratsuena: feeling handidun black metala, distira handiko gitarra melodiekin, hainbatetan etsipen eta autosuntsipen puntu batekin (estiloaren alde depresibora heldu gabe, hala ere), modu bikainean jorratua. Tarte zikinagoentzako lekurik bada (thrash/black-aren gertukoa), baita une akustiko edo oso noizbehinkako teklatuentzako ere, baina beti ere iluntasun handiko espiralaz inguraturik. Taake edo Nargaroth taldeen erreferentziak aipatuta agian argiago gera daiteke euren proposamena. Abiadura aldetik hartutako norabidea ere antzekoa da, generoaren erdibidekoa, mid-tempo dexenterekin, aipatutako sentimendu hori handikiro azalarazteko zuzen hautatuak, zati azkarrak aurki daitezkeen arren.

Ez da hau beraz black metal zikinaren proposamen ohikoa, soinua zikin antzekoa izanagatik hori ez baita hartu duten bidea (eta asmatu egin dutela esango nuke). Ahotsei dagokionez aldaketa txiki bat ere izan da, erregistro agoniko-usteldu hark orain oso presentzia txikia baitauka. Ahots urratuagoa erabili dute oraingoan, distante xamarra, musikarekin bat datorrenik uka ez daitekeen arren, agian maila aldetik koxka bat behera geratu dena. Beste puntu ahul txiki bat kantuen luzera da, zenbaitetan horren luzeak izateko mamirik ez dagoenaren irudipena geratzen baita, nahiz eta beste alde batetik horrek musika anitzagoa izan dadin ahalbidetzen duen.

Kontuak kontu, bost kantu luze, outro lasai polit bat eta Carpathian Forest norvegiarren bertsio bat hiru ordu laurdeneko lana osatzeko; sentimendu betez jotako black metalaren jarraitzaileentzako oparia, azal modura Igor Mugerza ezagunaren obra ederra duena. Nota onez gainditu du bere aurreneko azterketa luzea Nakkigak.
 

[ ALDE. Estiloaren onenen tankeran, sentimendua, iluntasuna eta etsipena transmititzeko abilezia.
[ KONTRA. Kantuen luzera zenbaitetan motzagoa izan liteke funtsik galdu gabe; ahotsak.
[ HURBILETIK... Taake, Nargaroth, Ragnarok.
 

Hibai Martinez (7/10)