|
Duela hiru urte Herriko Burdina webzinea sortu zenean, Euskal
Herriko eszena metalikoa indartzea izan zen xede nagusia. Indartze
hori erdiesteko urratsetako bat Euskal Herriko metal taldeek osatuko
luketen jaialdi bat prestatzea zen. Gauzak honela, iazko irailaren
24ean, Burdina Astintzen izeneko jaialdiaren lehen edizioa
egin zen Soraluzeko gaztetxean (Gipuzkoa). Ekitaldiaren kartela,
Legen Beltza, Biok, Odd Heathenish, Sorgerth eta Kondaira bezalako
talde ezagun eta ez hain ezagunek osatu zuten. Euskal Herriko metal
hotsen isla garbia.
Lehen esperientzia gisa, nahiko gustura geratu ziren, hala antolatzaileak
nola bertara gerturatu ziren pertsonak. Baikortasun honi esker,
aurten ere Burdina Astintzen jaialdia errepikatzea erabaki zuten.
Oraingoan ostera, Donostiako Urgull mendiaren magalean dagoen
Guardetxea hautatu zuten euskal metalaren topagune gisa. Gauzak
honela, Burdina Astintzen 2005 maiatzaren 21an gauzatu zen,
izen handiko beste lau talderekin: Azken Garrasia, Darkness By Oath,
Suffering Down eta The Howl.
Eguraldia lagun izan ez arren, ehun bat pertsona bildu ziren Donostiako
Guardetxean. Euriaren jarrera errepikatu asmoz, metalzaleak tarteka
hurbildu ziren jaialdiaren bigarren ediziora. Areto barnean, jendea
kontzertu gose zen eta giroa berotuz zihoan. Jaialdia asteko gogo
horiek berehala asebete ziren.
Gaueko bederatzi eta erdiak pasatxo ziren Burdina Astintzen jaialdiaren
bigarren edizioko lehen taldea taulara igo zenean. Hala, THE HOWL bizkaitarrak arduratu ziren bigarren edizio honi hasiera
ematen. Indartsu hasi ziren, kikildu barik Guardetxeko lehen buruak
astinarazteko gertu. Gure belarrietaraino iritsi ziren doinuak
komentatzen hasi ezkero, oro har, heavy metal doinuak nagusitu
zirela esan daiteke. Eskola zaharreko metalaren zantzu askori eutsiz,
The Howlen metalak, alabaina, elementu berritzaile ezberdinak ere
biltzen ditu. Horrela, heavy metal modernotzat jo genezake
bizkaitarren eskaintza; iragan hamarkadetako soinuaren lekukoari
heltzeaz batera, bigarren milurteko testuingurura egokiro moldatzen
den heavy metala dela gaineratu baitaiteke. Apustu musikal horren
baitan, taldearen doinuak hain bereizgarri egiten dituen Miriam-en
eztarria (tarteka Sinergy taldeko Kymberly Goss gogoratu
dezakeena) nabarmendu beharko genukeelarik.
Boskoteak aurkeztu zuen sex-list-a
“V2.0” izeneko estreinako maketaren lehenbiziko abestiarekin
hasi zen. From Hell sutsuak ireki zuen kontzertua, alegia. (Alainen faltan,
non geratu ziren Jurk-ek agindutako guturalak?) Jarraian, maketako
fruitu ere diren Far Beyond
Metal edo Unfair
bezalako kantuak Dreamcrusher,
Carpe Diem eta Redemption
bezalako konposizioekin tartekatu zituzten.
Abesti propioez gain, The
Howlek aipatu ez ditugun beste zenbait bertsiorekin ere gozarazi
zigun. Lehenengoa Abba
talde hilezkorraren Gimme,
Gimme, Gimme izan zen; iraganean Yngwie
Malmsteen-ek edo Sinergy taldeak egin zuten legez,
The Howlek laukote suediarraren doinuak jantzi metaliko
indartsuan aurkeztu zizkigun. Kontzertuaren azken minutuetan
bestalde, mundu mailako beste bi pisu astunen moldaketak entzuteko
aukera izan genuen: Deep Purple-en “Highway Star” eta Helloween-en “I Want Out”, hurrenez hurren. Ez da bertsio pare
makala, alajaina!.
Taldekide guztiak gogotsu
aritu ziren, zimurtu gabe, oholtzapean geundenoi emanaldi txukuna
eskainiz. Nolanahi ere, azpimarratzekoa litzateke Miriam
abeslariaren jardun kementsua. Izan ere, front-woman txikia hara eta
hona aritu zen mugimendu etengabean, tarteka entzuleriarekin
hizketan edota taulatik jaitsi eta publikoa xaxatu nahian. Orotara
beraz, 45 minutu inguruko kontzertu bizia eskaini zuten, motorrak
berotzen hasi eta burdinaren jaialdiak aurrera jarrai zezan gau
giroa behar bezala astinduz.
Gaueko anfitrioien ordua
iritsi zen ondoren: AZKEN
GARRASIA. Gogor eta gogotsu ekin zioten kontzertuari. Intro eta
instrumentala aurkezpen gisa erabili ostean, denboran atzera egin
eta maketako abesti batzuk jo zituzten. Otan
Ez!, Inguma edo Egonezina, esaterako. Gerora, aurki kaleratuko duten "Sorgin
Zorrotz" lehen diskoaren errepertorioari heldu zioten. Besteak
beste, Apokalipsia, Hor
Nonbait, Suzko Bidetik II edo
Zure Munduko Giltza (flamenko kutsu bitxia barrundatu genion
balada) bezalako kantuak
izan genituen entzungai; abesti berriak, melodiaz blai eta batez ere
landuagoak. Izan ere, abiada handiko konposizioak eta bakarkako
jardun deigarriak burutuz, musikariek teknikoki maila altua erakutsi
zuten oholtza gainean. Heavy metal gehientsuenetan alai, bizi eta
indartsua, azken baten. Horri, Isasi abeslariaren ahots pertsonal
eta bitxia gehitzen badiogu, Azken Garrasiaren metalak, sarritan,
marrazki bizidunetako soinu bandaren bat edo beste gogorarazi dezake.
Han bildutako bat baino gehiago izan baikinen taldeari “Dragoi
Bola metal” etiketa egokitu genienok (uler bedi azken esaldi hau
errespetu osoarekin esana dagoen aldetik). Horrela ba, Azken
Garrasia gaueko tarte melodikoena ixteaz arduratu zen.
Oholtzara igo zen hirugarren taldea DARKNESS BY OATH izan zen. Eta
beraiekin batera, metalaren muturreko alorraren txanda. Arrasateko
mutilek, zuzenean esperientzia gutxi izan arren, ezin hobeto ekin
zioten kontzertuari. Aritz (ahotsa), Tristan (gitarra), Diego (gitarra),
Ruben (baxua) eta Asier (bateria) gertu ziren. Ohiko introarekin
hasi ondotik, Into The Inferno Of Life abestia hautatu zuten
publikoa agurtu edo egurtzeko. Hasiera hasieratik, argi geratu zen
gipuzkoarren proposamena: death metal melodiko pertsonala eta landua.
Baliteke askorentzat death melodikoko ‘beste’ talde bat izatea,
baina funtsean abesti landu eta freskoak egiten dituztela esan
genezake. Konplikaziorik ez, soilik egurra dosi neurtutan emateko
gustua. Aurkezpen kantuaren atzetik, Enveloped In The Deepest
Shade Of Black, Absence Of Light eta A Hand Full Of
Grief izeneko abestiak etorri ziren. Zuzenak eta pausatuak.
Kontraesankorra dirudi, baino Darkness By Oath taldekoek aski ongi
erakutsi zuten abesti batean egon behar duten doinuek oreka bat
behar dutela. Honi musikarien lana gehitu ezkero, inpresioa baikorra
suertatzen da. Izan ere, Aritz Nabarro abeslariak hasieratik
erakutsi zuen ahots-erregistroak ezberdinak izan daitezkeela. Are
gehiago, muturreko metalean. Hala ere, gitarren eta bateriaren lana
ezin ahantz daiteke, aipaturiko oreka bermatzen zutelako.
Hurrengo abestia, modu berezian azpimarratu ez bazuten ere lezio
antzerako bat eman nahi izan zuten. At The Gates handien
ordua iritsi zen. Jakina denez, duela hilabete batzuk talde honi
eginiko omenaldi-diskoan Arrasateko taldeak The Swarm
abestiaren moldaketa sartu zuen. Eta horixe bera izan zen, eskaini
eta gomendatu zigutena. Originalarekin alderatu gabe, bertsio
txukuna egiten dutela esan behar da. Bai estudioan, bai zuzenean.
Omenaldi txiki honi esker, Guardetxean bildu zen jendea askatzen
hasia zen. Ikuskizuna berotu asmoz, Silent End eta Drowned
In Misery izeneko kantuak jo zituzten. Biak ala biak, ederrak.
Bereziki bigarrena izan zen erantzun beroxeagoa izan zuena. At The
Gates taldearen izpiritua oraindik ere oholtza gainean zen.
Ikuskizun ororen legea alda ezina denez, kontzertua amatatzeko ordua ere
iritsi zen. Horretarako, The Seclusion eta In Times
Deadline abestiak hautatu zituzten. Aurretik entzundakoari
jarraiki, muturreko metalaren zaleak asebete geratu ziren.
Arrasatekoen melo-death kutsuko konposizioek harrera ona izan zuten
jendearengan. Bestalde, aipatu beharra dago Darkness By Oath taldeak
"Confidential World Of Lies" izeneko
estreinako
lana aurkeztu zuela, kalean laster egongo dena. Azken batean,
Guardetxean zeuden metalzale askorentzat gaueko taldea izan ziren.
Akaso.
Hiru talderen musikaz gozatu ondoren, gaueko azken
protagonisten ordua iritsi zen. Nahiz eta ibilbide eder bat egina
izan, lehenengo aldia zen SUFFERING DOWN taldeak Gipuzkoako
hiriburua bisitatzen zuela. Lehenbizikoa eta berezia, bizkaitarrena
izan baitzen Burdina Astintzen ’05 jaialdiari amaiera ematearen
ardura. Goizeko ordu batak pasatxo ziren, euskal metalaren
underground mailan aski ezaguna den taldea taula gainera igo zenean.
Ordurako, jende gutxi geratzen zen Guardetxean. Parrandarako gogoek
publikoa dezente murriztu zuten. Baina, giroa ez zen guztiz baretu,
eta talde honen kontzertua ikusteko gogoa nabari zitekeen. Gogo hori,
muturreko metalaren bigarren dosia nahi zutenengan islatzen zen.
Kontuak kontu, Ivan (bateria), Aston (ahotsa), Josu (baxua), Rafa (gitarra),
Alfon (gitarra) eta Patxik (teklatua) atzera eginez hasi zuten
kontzertua. Horretarako, euren lehen diskoko Daybreak abestia
hautatu zuten. Kantu gordina, bortitza eta melodikoa. Honela, black/death
metal atmosferikoaren doinuak aretoan nagusi ziren. Gerora,
lehenengo eta bigarren diskoetako abestiak tartekatzen hasi ziren,
bigarreneko abestiak gailendu ziren arte. Lehenik, “Massive
Genocide, Collective Suicide Hurting Katharsis”
diskoko Heathen Roots abesti gogorra jo zuten.
Ziurrenik, gaueko bortitzenetakoa. Ondoren, gitarra garbi batzuen
laguntzaz Weird
Mounersstaring At Me bikainaren txanda iritsi zen. Bigarren
diskoko harri bitxia. Abesti honek bere baitan gordetzen dituen
ezaugarriak zuzenean ere gozatu ahal izan ziren. Ahots garbiz
osatutako estribiloak, teklatu melodikoak eta bizkaitarren ohiko
bortizkeriak, publikoa mugiaraztea ekarri zuen. Kantu honetatik
aurrera, bigarren laneko kantuak nagusitu ziren. Ommitted Regrets
eta Okjarb bezalako abestiek, kontzertuaren ildoa
jarraitu zuten. Ordurako, bat baino gehiago sor eta lor geratu zen
Astonen ahotsa entzutean. Efektuak soberan ziren.
Gauerdira iritsi bezain pronto, Suffering Down taldekoek kontzertuaren
bigarren zatiari ekin zioten. Urrats gisa, The Weathered Scherzo
eta Tremullum izeneko abesti berriak aurkeztu zituzten. Biak
ala biak, taldearen ildo musikalekoak: bortizkeria, pausa eta
melodia. Denborak aurrera jarraitzen zuen eta bizkaitarrek azken
txanpara bideratu zuten kontzertua. Hiru lan ezberdinetako, abesti
banarekin eman nahi izan zioten amaiera. Lehenik, bigarren laneko A
View At The Edge jo zuten. Bigarrenik, “Mishanthropic And
Nihilistic Dharma” lehen diskoko Autumn Mist. Eta azkenik,
euren lehen MCDko Dressed Of Sea abestia oparitu ziguten:
sustrai musikala. Akaso, kantu interesgarriren bat edo beste jo gabe
utzi
Azken abesti honen ondotik, Suffering Down taldekoek amaitutzat eman
zuten, hala kontzertua nola Burdina Astintzen jaialdiaren bigarren
edizioa. Kontzertua bere osotasunean hartuko bagenu, bikaina izan
zela esan genezake. Akaso, Ipar Haize Hotz Zuriak abestia falta izan
zen, baina oro har, kantuen aukeraketa txukuna izan zen. Musikariei
dagokienez, ondo aritu zirela esan behar da. Bereziki, Alfon gitarra
jolea, solo ederrak eskaini baitzituen.
Finean, burdinazko koktela
suabea bezain gogorra izan zen bertan izan zirenen lepo, begi eta
eztarrientzat. 2006. urtean, hirugarrena.
|
 |
| |
| The
Howl |
 |
 |
| |
| Azken
Garrasia |
 |
| |
| Darkness
By Oath |
 |
| |
| Suffering
Down |
 |
|
| |
|