|
|
Ez
da oso ohikoa plazaratu gabe dagoen disko baten aurkezpena egitea. Are
gutxiago, disko hori gutxi batzuk entzun dutenean. Arrazoi asko bila
genitzake azalpen egoki bat lortzeko, baina tristeenarekin egiten dugu
topo: diskoetxeak bere hitza ez betetzea. Arrazoi hau, aski ongi
barneratu behar izan du Beforce talde bizkaitarrak. Hasiera batean,
“Creation” lehen lan amestua 2004ko urte amaieran plazaratuko zela
esan zieten. Ez zen hala gertatu. Ondoren, aurtengo otsailean kaleratuko
zela sinestarazi zieten. Boskoteak ez zuen sinetsi. Diskoa kaleratzen ez
zela ikusita, zalantza ugari izan zituzten aurkezpen kontzertua
burutzeko. Azkenik, egitea erabaki zuten (aretoarekin data hitzartua
zutelako).
Egun hura otsailaren 19a izan zen. Larunbat euritsua eta hezea,
baina ez hotza. Bederatzietarako, Bilborock aretoaren kanpoaldea
zaletuz betea zegoen. Batetik, Beforce taldea ikustera zetozenak
zeuden (gehiengoa), eta bestetik, Bulletnoise talde gonbidatua
bultzatzera zetozen jarraitzaile sutsuak. Minutu batzuk igaro ondoren,
ateak zabaldu eta berotasuna aretoan barneratu zen. Denera, 250 pertsona
inguru bildu ziren La Merced eliza ohian, jende kopuru bikaina talde
protagonistaren irribarrea eragiteko.
Kontzertuen
hasiera gaueko 20.30etarako iragarrita baldin bazegoen ere, 21:15ak
inguru izan ziren Bulletnoise-ko mutilak taula gainera igo
zirenean. Boskote gazteak eszenatokia zapaldu bezain laster, Bilborock
aretoan nu metal doinuak gailendu ziren. Bulletnoisek, halere, Limp
Bizkit eta enparauek lantzen duten rap-metal entzutetsutik aldenduz,
doinu oldarkorragoen aldeko apustua egiten du. Honela, Slipknot edo
Chimaira bezalako taldeen eragin argiak erakutsiz, ahots garbi eta
agresiboen uztarketa, erritmo aldaketa bortitzak eta azken belaunaldiko
metal riff ugari biltzen zituen emanaldia eskaini zuten. Egia esan, ezer
berririk ez. Azken urteetan asko hedatu den formulari jarraituz, aldez
aurretik aurreikus daitezkeen doinu elebidunak (euskara eta gaztelera
tartekatuz) landu zituen talde bizkaitarrak.
Han
entzun genituen bata bestearen atzetik, “Uno”, “Lucha”,
“Egun Batean”, “Soft” edo “El Fin De La
Esencia” bezalako kantuak. Jo zituzten bertsioen artean, Lynyrd
Skynyrd taldearen “Sweet Home Alabama” abesti ospetsuaren moldaketa
instrumental laburra, eta Berri Txarrak nafarren “Ikasten”
kantua nabarmendu genitzake (azken hau, gehiago landu beharreko bertsioa;
egiazki, eskas xamar atera baitzitzaien)
Edonola
ere, Bulletnoisekoak nahiko ondo moldatu zirela esan beharra dago.
Espresuki Bulletnoise ikustera hurbildu zen jarraitzaile multzoaren
sostengua zela medio, “bala hotsaren” mutilak oholtza gainean eroso
eta gustura aritu ziren.
Etenaldi
labur baten ostean, gaueko protagonisten taularatzea segundo gutxiko
gauza izan zen. 22:30ak inguru zirenean, Beforce boskotea jendearen
txalo zaparradarekin batera igo zen oholtza gainera. Musikari bakoitza
zegokion lekuan jarri ondoren, kontzertuetan erabili ohi duten Intro
edo “Sarrera doinua” entzun zen aretoan. Zalentuen ikuskizun
nahia areagotuz joan zen, eta zenbait gizaseme aurrealdea konkistatu
nahian zebiltzala, “Thank You Mountains” abestia jotzen hasi
ziren. Askok harriduraz hartu zuten sarrera, ez zuten uste taldearen
kantu luzeenarekin hasiko zirenik. Hala ere, zaletuen erantzuna ez zen
nolanahikoa izan. Boskotearen maisutasuna ere agerian geratu zen, txukun
burutu zutelako atariko froga. Honekin batera, Dani abeslariaren
gaitasuna azpimarratu beharrekoa da, bai ingelesez eta bai euskaraz
abesten bikain moldatu zelako (ea noizko euskara hutsezko kantua).
Ahotsa bera ere da ahuntzaren gauerdiko eztula (esaera zahar egokia,
ezta?).
Hurrengo
bi abestietan, Beforcen power metalak ez zuen atsedenik izan. “Genesis”
abesti ezaguna jo zuten lehenik. Zaletuek bikain erantzun zuten talde
bilbotarraren abesti zaharrenaren aurrean. Ondoren, Dann gitarra
jotzailearen punteo batek “Wrong Way” kantua bideratu zuen.
Bilbotarrek, abestiaren azkartasuna eta estribilloaren melodia oso ondo
uztartu zituzten, eta bide batez, bertaratu zirenen gorputzak berotzeko
baliagarria izan zen. Azpimarragarria Renato bateri jotzailearen indarra
eta ‘emozioa’. Bi kantu hauen ondotik, abesti lasaixeago baten
txanda iritsi zen: “Beauty In Darkness”. Lehen laneko kantu
pausatuena, jarraian zetorrenaren ‘parentesi’ modukoa izan zen. Hain
zuzen ere, Dani abeslaria oholtzatik desagertzearekin batera, Dann
bakarrik utzi zuten jendaurrean. Honela, “Alone With The Dann”
instrumentalari ekin zion gitarra joleak. Beste behin ere, zaletuak sor
eta lor geratu ziren gaztearen abilezia ikusita. Egia esan, onena ez den
arren, ona dela ezin uka. Instrumentalaren ondotik, power metal zaleen
lerdeak gainezka egin zuen. Arrazoia, Helloween taldearen “Eagle
Fly Free” kantuaren bertsioa izan zen. Egia esan, jatorrizkoaren
antza handia izan arren, ongi jo zutela onartu behar da.
Lehenengo
atsedenaldira iritsi aurrez, “Wake Up” abestiaren garaia
iritsi zen. Diskoko abesti sendoena gitarrei dagokionean eta death
melodikoaren zantzuak dituena. Gainera, aipagarri da Torro (Konter, Odd
Heathenish) abeslariaren parte hartzea diskoan, zuzenean ez ordea. Hau
dela eta, kantuak indarra galtzen du zuzenean.
Kontzertuaren
bigarren txanpa, “Creation” diskoari sarrera ematen dion sarrera
doinua “Riding’Neath The Rain” kantuarekin uztartuz hasi
zuten. Boskotearen lehen bideoklipa bilakatu den abestia, emozioz hartu
zuten zaletuek. Hala ere, gaueko abesti makalena izan zela esan behar
da: soinu arazo gehiegi. Atsedenik hartu gabe, “Void” eta Su
Ta Gar taldearen “Mari” bertsioarekin jarraitu zuten. Gaueko
bigarren bertsioa, jatorrizkoa gainditu ez zuen arren (ezinezkoa) txukun
jo zuten. Hori bai, ezin uka daiteke Gorosabel jaunak Daniren
gaztetasuna eta ahotsa eduki nahiko lukeela. Bigarren abesti multzoa
amaituta, taldekideak kamerinoetara joan ziren Dann gitarra jolea
oholtza gainean utzita. Gazteak gitarrari hitz eginarazten jardun zuen
minutu batzuetan. Bitarte horretan, makina bat solo ezberdin entzuteko
aukera eman zien bertaratu zirenei. Asko gazteari begira geratu ziren
erabat harrituta, beste batzuk ostera aspertu aurpegia jarri zuten.
Atsedenetik
bueltan, aurkezpenari amaiera emateko azken bi kantuak jo zituzten.
Lehenik, Judas Priest taldearen “The Sentinel” kantua jo
zuten (gaueko hirugarren bertsioa). Zaletuen emozioak puntu gorenera
iritsi eta gaueko une beroena bizi izan zen. Alabaina, gaueko bertsio
makalena izan zen. Bigarrenik eta aurkezpenari amaiera emanez, “Outsider
For The Nature” abesti bikaina jo zuten. Azken honetan ere, bost
musikariak oso ondo aritu ziren, Beforcen kontzertuak hasi eta bukatu
arte indartsuak direla erakutsiz.
Laburbilduz,
bizkaitarrek “Creation” lanaren aurkezpena ondo burutu zuten,
agerian utziz euren power metal doinuek freskotasun eta indarra dutela.
Taldea oso ondo moldatu zen oholtza gainean eta horrexegatik txalotzekoa
da Dani, Dann, Ignacio, Iñigo eta Renatok emandako ikuskizuna. Akats
bezala, soinuaren kalitatea genuke. Beste batzuetan bezala, kontzertuan
zehar hainbat soinu arazo izan zituzten. Hala ere, Beforce taldearen
esentzia bete-betean jaso zuten gerturatu zirenek. Ezbairik gabe,
zaletuen aurkezpena izan zen. (05/04/18)
|