|
Emanaldi
bikaina otsaileko aurreneko ostiralean ikusi ahal izan genuena. Eraso!
zarauztarrak euren disko berria Arrasateko 360º areto dotorean
aurkeztekoak ziren. Eurekin batera Anger izan genuen, etxean
jotzeko aukera galdu gabe.
Kontzertua
ospatu zen garaia kontuan hartuta berandu xamar hasi ziren arrasatearrak.
Hiru ordu laurden pasatxoko saioan euren lehen lan luzea den “Biluztu”
izan zuten ardatz nagusi, eskaintza musikal modura metala eta hardcorea
agerraraziz. Horrela, diskoaren sarrera kantuan (“BI/02/09/14”)
entzun daitekeen intro berak euren hitzetan ezer ezkutatzen ez
dutela erakustearekin batera, beren lehenengo doinuak iritsi
zitzaizkigun aipatu abestiarekin.
Diskoan
aurki daitezkeen kantuekin jarraitu zuen laukoteak, Gara egunkariarekin
batera argitaratu zuten “Jarraitzen Digun Itzala” maketan
azaltzen den “Astean Bi Egun Esna” jo zuten arte. Ordutik
hona urteak alferrik pasa ez direla ikusi ahal izan zen, aipaturiko
abestiari gaur egungo soinua, oro har lerro sinplistagoekin, aplikatu
baitiote.
Soinuarekin
gorabeheraren bat izan bazuten ere, alor hau onargarri bezala baloratu
behar da. Kantu berriez gain euren herrikide Brutal Melody desagertuen
kantu bat eta “Okupazioaren Aldeko Oihuak” gaztetxeen aldeko
konpilaziorako taldeak espresuki grabatutako “Ez dut Probetxuzkoa
Izaterik Nahi” (orain hilabete gutxi eraitsitako Oñatiko
gaztetxea gogora ekartzearekin batera) ere eskaini zizkiguten hara
bertaratutakoei. Amaiera modura eta “Biluztu” diskoaren
emanaldia osatzeko, “Morfeotaz Maitemindu Zinenekoa” eta “Prêt-à-Porter”
izan genituen entzungai gauerdia gainean zenerako. Orokorrean saio
atsegina Deba Garaiko laukote gazte baina esperimentatuak eskaini zuena,
euren zaletuak pozik utziko zituena seguru asko.
Nahi
baino denbora tarte luzeagoan zain egon ostean, Eraso! jabetu zen
360º aretoko oholtzaz, bai ederki jabetu ere. Sanplerren laguntzaz
sarrera motz eta orkestal baten ondoren euren disko berriaren aurreneko
kantua den “Aurrera”-rekin astindu gintuzten. Hasierako ohiko
ahots arazoak gaindituz (soinuari dagokionez), jarraian “Egunak”
erritmo lasaixeagoduna eskaini ziguten.
Jadanik
gipuzkoarren laugarren diskoa dugun aurkezpen txiki honen ostean euren
diskografiari errepasoa emateari ekin zioten, “Joan Etorriak” eta
“Ez da Bidea” oldartuekin soinua berriz ere gogortuz, azken
aurreko lanean topa daitekeen “Ispilua Apurtu da” kantuarekin
batera.
Hortik
aurrerakoak antzeko bidetik jarraitu zuen, “Kontra” lan
berriko abestiak (“Errebelazioa”, “Laztanak/Oihuak”,
“Hitzik Esan Gabe” bikaina eta zuzenekoan benetako eztanda
musikala suposatzen duen “Sosegu Eza”) gainontzekoekin
tartekatu zirelarik. Aurreko disken artean Oraina eta Geroa izan
zen presentziarik handiena izan zuena, beste behin ere zuzenerako ezin
aproposagoak dituen piezak dituela argi geratu zelarik. Kontzertuaren
zati honetan “Ikusi eta Ikasi” Delirium Tremens-en kantuaren
bertsioa eta “Oztopoak Gainditu” jo zituen laukoteak,
dagoeneko kontzertuak ixteko erabiliko ez dutela dirudien “Zein
Gogorra” zaharraz gain.
Goraipatzekoa
da soinuaren irmotasuna eta taldearen jarrera erasokor eta erabat
inplikatuak zaletuen bete-beteko gozamenean lagundu baitzuen. Are
gehiago kontzertua bere azkenetan zela jakinda. Horrela, taldearen
kanturik esanguratsuenen eta jarraitzaileek jarraituenen txanda iritsia
zen: “Kontra”, “Oraina eta Geroa” (laukote-jarraitzaile
kimika punturik gorenera eramatea lortu zuena) eta “Gertaerak”.
Bertan
bildutakoen eskaerari eta gidoian ezarritakoari jarraituz, atseden txiki
baten ostean behin-betiko eskaintza suposatuko zuenarekin bueltatu ziren
zarauztarrak. Euren ibilbidea dagoeneko luzea dela jakinda kanturik
azpimarragarrienak zeintzuk diren esatea erraza ez bada ere (subjektiboa
izateaz gain), azkeneko abesti parean inor ez haserretzeko moduko
hautaketa egin zutela esan liteke. Lehenik eta behin, “Grisez
Bustitako Egunak” diskako kantarik entzutetsuena, “Altzairuzko
Taupadak” alegia. Espero zitekeen kantua, baina ez horregatik
ikusleek animo txikiagoz hartu zutena. Eta horren ostean, kontzertuaren
amaiera “Arauetara Kateaturik” pieza handiarekin, diskoan
gustura entzun eta zuzenean horrez gain eztarriko kordak bortxarazi
egiten duten kantu horietakoa.
Amaiera
bikaina beraz euren emanaldi itzelari eman ziotena. Egun euskal eszenak
oholtza gainean eroso sentitzen diren hainbat talde badauzka ere, alor
honetan gorenean kokatzen da laukote zarauztarra. Lerro hauek idazten
dituenaren iritziz bai behintzat.
Hau
esanda, agian puntu beltz modura har litekeena aipatu behar da, ikusleen
asistentzia urria, alegia. Dagoeneko datu hau albiste ez bada ere,
euskal talderik handienetako batek eta etorkizun polita izan dezakeen
etxeko beste batek 60-80 pertsona baino ez erakartzea larritzeko modukoa
bada. Ikuskizunak besterik merezi zuen. Bertaratutakoak horren lekuko. |